Hezkuntza erabakitzen

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hezkuntzan adimen artifiziala erabiltzeaz ziharduten bi berri irakurri ditut egunotan. Lehena: New York hiriak AAri lotuta eskola publikoetan 2026-2027 ikasturterako hartuko dituen debeku neurrien inguruan. Haur Hezkuntzatik DBH 3 mailara arte debekatuko dute edozein AA generatibo erabiltzea, eta gainera, irakasleek ezingo dute AA erabili ez lanak zuzentzeko, ez ikasleen jokabideak aztertzeko, ez ikasleen gainean erabakiak hartzeko.

Bigarren berrian, Txinako Gobernuak hezkuntzan AA bultzatzeko hartu duen hautua ezagutu dut. New Yorkeko neurriekin alderatuta, guztiz kontrako norabidean doa. Ulertu dudanagatik, 2030. urterako AA hezkuntzaren maila guztietan txertatu nahi du gobernuak, Lehen Hezkuntzatik hasita, eta ikasgeletan irakasle eta ikasleen zelataritzaren eraginkortasuna hobetzeko tresna bilakatu.

Badirudi New Yorkek herritarrak euren kabuz pentsatzeko gaitasunaren narriduraz eta pribatutasunaren galeraz arduratuta hartu dituela neurriak. Txinako Gobernuak, ordea, (orain dela gutxi bikote birtualak, lagun birtualak, hildako pertsona birtualak edota gaztetxoei bideraturiko edozein laguntza emozional mota baliatzen duten AAk debekatu zituen gobernu berak), hezkuntzan AAri lotutako estrategia oso modu ezberdinean ulertzen du, zelataritza tresna bilakatuta, eta AA herriaren lehiakortasuna bultzatzearekin erabat lotuta.

Ez dira AAk hezkuntzan izan behar duen edo izan behar ez duen egitekoaren inguruan erabakiak hartzen dabiltzan gobernu bakarrak, baina hain dira ezberdinak ikuspuntuak, ezen argi ilustratzen baitute askotariko bideak ikusiko ditugula datozen urteetan, herritarrekiko gobernuen izaera islatuko dutenak. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.