Segundo bakoitzean zazpi petabyte-ko tamaina duten eduki digitalak sortzen dituen mundu digitalizatua da gurea. “Infoxikazioaren garaian” datuz inguratuta bizi gara. Hartara, gobernuek eta erakundeek erronka dute publikoak diren datuak kudeatu eta interpretatzeko. Horretarako sortu zen Bilboko Ingeniaritza Eskolako Open Data gela.
Mundua, gaur egun, datuz osatuta dago, ez gauzez”. Byung Chul Han filosofoaren esaldi horrek mundu garaikidean bizi dugun iraultzaren oinarrian kokatzen gaitu: mugikorra eskuan, gailu digitalak nonahi eta Interneterako etengabeko konexioarekin bizi garen honetan, errealitate fisikoa, biologikoa edo kontzeptuala digitalizatzeko, neurtzeko eta datu bihurtzeko aukera ia infinitua dago.
Egunean ematen ditugun pausuak, egiten dugun arnasketa kopurua, odolean dugun azukrearen parametroak, txorien txioen maiztasuna, itsasoko uraren tenperatura, hiri bateko semaforoen iraupena, sortzen dugun hondakin kantitatea, plaza batean dauden pertsonen joan-etorria, baso bateko zuhaitzek duten hosto kopurua, aulki baten gainean eserita gure ipurdiak sortzen duen presioa… edozer parametrizatu daiteke. “Munduaren datifikazioa” gisa ulertzen da fenomenoa eta datu kopuru handiak (bereziki digitalak) bildu, aztertu eta erabiltzeko prozesua da, erabaki informatuak hartzeko, ereduak eta joerak identifikatzeko eta ezagutza sortzeko.
Datuak sortzeko prozesua edo zer neurtuko dugun erabakitzea, ordea, praktika subjektiboa da, botere harremanak eta errealitatearen ikuskera partzialak baldintzatua. Hala, herritarrok sobera ezagutzen ditugu Alphabet, Amazon, Apple, Meta, Microsoft, Nvidia, Tesla eta antzeko multinazional handiek datuekin sortzen duten produktu eta kapital sorta. Ezezagunago egiten zaigu, ordea, administrazio publikoak egiten duen esfortzua datu publiko irekiak argitaratzeko eta herritarren esku uzteko.
Hala, erakunde publikoek datu irekiak gardentasunez partekatzeko joera fenomeno erlatiboki berria da. Lehen mugarri esanguratsu moduan adituek Barack Obamaren administrazioak hartutako erabakia kokatzen dute. Obamak, 2009an Data.gov webgunea ireki eta Open Government Directive delako araua onartu zuen. Gaur egun 362.157 dataset edo datu-sorta daude eskuragarri atari horretan.
Erabaki politiko hark nazioarteko gobernuen artean dinamika zehatza hauspotu zuen: gardentasun beharrari erantzun eta herritarroi informazioa izateko eskubidea aintzat hartuta, erakunde publikoek informazioa formatu eskuragarri, ireki eta libreki erabiltzeko moduan argitaratzen hastea. Modu progresiboan, gobernu ugarik neurriak hartu zituzten, datu irekiak eta ezagutza publikoa sustatzeko 2004an sortu zen Open Knowledge Foundation delakoak ezarritako irizpideekin bat eginda. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, 2010ean Open Data Euskadi sortu zuen.
Alta, “Datuak vs Ezagutza” paradoxaren aurrean kokatzen gara. Ingelesez esanda “DRIP paradox”: Data Rich, Information Poor delakoa, datuetan aberats, baina informazioan pobre. IDC Global aholkularitza enpresak 2026ko uztailean argitaratutako informazioaren arabera, munduan 7 petabyte baino gehiagoko datu-bolumena sortzen da segundoko. Beste era batera esanda, gizateriak, segundo bakarrean, 17.000 milioi liburuk edo 730 milioi abesti berrik hartuko luketen datu kopuru bera sortzen du.
“Datuak vs Ezagutza” arrakala gainditzeko, ordea, datu horiek informazio bihurtu, ezagutza sortzeko interpretatu eta horietan oinarrituta erabaki publiko inteligenteak hartzea da etorkizuneko erronka nagusia. Manchester Metropolitan Universityko Jennifer Rowleyk “Ezagutzaren hierarkia” edo “Piramide Informazionala” gisa ezagutarazi zuen kontzeptua.
Nola baliatu datu publikoak erabaki inteligenteak hartzeko eta jendearen bizitzak hobetzeko? Ez da nahikoa datu-sorta zehatzak biltzen dituzten artxiboak webgune berezietan zintzilikatzea. Herritar gehienok ez dugu gaitasunik artxibo horien formatua ulertzeko (CSV, ATOM, GML, ICS, JSON, KML, RDS, RSS, ZIP…), datuak sailkatzeko, prozesatzeko eta modu ulergarrian bistaratzeko software zehatzak erabilita dokumentu bisualak garatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Open Data Bizkaia atarian, esaterako, 1.275 datu-sorta daude eskuragarri, hainbat arlotan banatuta: energia, etxebizitza, garraioa, ekonomia, ingurumena, kirola, aisialdia eta kultura, ogasuna, zientzia eta teknologia, demografia, turismoa eta abar. Webgunean jasotako informazioaren arabera, astero 1.000 eta 2.000 arteko bisitaldi dauzkate. 2025ean hurrengo datu-sortak izan ziren bisitaldi gehien izan zituztenak: “Behin-behineko lanpostuen zerrenda eta ordainsariak”, “Pertsonal funtzionarioarentzako lanpostuen zerrenda”, “Goi-kargudunen ordainsariak”, “Bizkaiko katastroko partzelak”, “Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu zerbitzuko esku hartzeak”. Horrez gain, badago begi-kolpe batez edozein herritar kuxkuxeroren jakin-mina segituan pizten duten datu-sorta franko: “Bizikletazko bidezidorrak”, “Bizkaiko PR ibilbideak”, “Bizkaiko kolesterolaren bideak”, “Bizkaiko Foru Aldundiak jasotako komunikazioa, kontsultak, kexak eta iradokizunak”, “Emakumeen eta gizonen berdintasunerako tokiko egiturak Bizkaian”, “Bizkaiko hondartzen informazio geografikoa”…
Datu “hotz” eta zurrun horiek prozesatzeko eta erabilgarri bihurtzeko prozesuan laguntzeko sortu zen Euskal Herriko Unibertsitateko Open Data gela. Sekuentzia logikoa hurrengoa da: administrazioak datu publiko eta irekiak ditu, herritarrei ezagutza-transferentzia bermatu behar zaie, eta enpresa-gelak jarriko du trantsizio, konexio edo lotura hori egiteko ezagutza eta teknologia.
Abiapuntu hori oinarri hartuta, proiektua 2022tik dago martxan Bilboko Ingeniaritza Eskolan, eta dagoeneko lau ikasturte bete ditu. Onura hirukoitza bilatzen da: herritarroi egindako ekarpena, datuak eskaintzen dituen erakundeari ematen zaion zerbitzua eta ikasleak jasotzen duen prestakuntza praktikoa.
Hala, ikasleak dira datuei balio erantsia eskaintzeko aplikazio edo infografiak garatzen dituztenak, Microsoften Business Intelligence arlorako sortutako Power BI softwarea erabilita. Arimarik gabeko datu hotzetatik abiatuta errelato sozial, kultural edo politiko zehatzak kontatzea lortzen dute, datuen konbinazio, gurutzaketa apropos eta bistaratze erakargarrien bidez, grafiko, mapa edo panel interaktibo erakargarriak sortzen dituzte. Sarri sakabanatuta eta interpretatzeko zailak diren datuak bilatu, garbitu eta ordenatzen dituzte; ondoren, bistaratze, infografia edo aplikazio erakargarriekin aurkezten dute informazioa. Datuei zentzua ematea erronka berezia da ikasleentzat.
.jpg)
Izaskun Alvarez Meaza da arduradunetako bat eta, bere hitzetan, potentzial handia dauka proiektuak: “Datu irekiek duten eta izan dezaketen balioaz ez da oraindik nahikoa hitz egiten gizartean eta dibulgazio lan horrekin jarraitu behar dugu”. Gainera, “ikasleentzat arlo nahiko berria da, ikasketa planean ez dagoelako datuen kudeaketa aurreratua egiteko irakasgai espezifikorik eta kudeaketa-gaitasunaren ikuspegitik arlo hori oso garrantzitsua da etorkizuneko profesionalentzat”.
Ikasleek jorratutako gaiak orotarikoak dira. Lan bakoitzak webgune batean eta bi hizkuntzatan jasotzen ditu proiektuaren helburuak, gizarteari egindako ekarpenak eta erabilitako Bizkaiko, Bilboko zein beste lurraldeetako datu-base irekien izenak (www.aulaopendatabilbaobizkaia.eus daude eskuragarri). Horrez gain, ikasle bakoitzak audio-erreportaje labur bat grabatzen du lanaren puntu garrantzitsuenak azalduta.
2025-2026 ikasturtean indarrean egon diren proiektuetako batzuk hurrengoak dira: “Euskadiko Uraren Ataria”, “Bizklima”, “Osasun Oreka Metrics”, “Airearen Kalitatea”, “Bizkaia Laguntzen”, “Digest-Euskadi”, “GazteBizkaia”, “Mugitu”… Azken hori, esaterako, “Euskal Autonomia Erkidegorako garraio publikoaren ibilbideak planifikatzeko aplikazio” gisa aurkezten da. Zer arlo jorratu dira nagusiki 36 proiektu horietan? Gizarte eta lurralde ezberdintasunak (errenta, enplegua, zerbitzuak…), etxebizitza eta emantzipazioa, osasuna eta zaintza, ingurumena eta klima-larrialdia, mugikortasuna eta bide-segurtasuna, ekonomia eta enplegua…, bereziki.
“Marmoka Predict Bizkaia” proiektuak (2023-2024 ikasturtea, Jorge Gómez), esaterako, itsasoko eta eguraldiaren datuak marmoken presentziarekin lotzen ditu, Bizkaiko hondartzetan haien agerpena aurreikusteko. “GazteBizkaia” lanak (2025-2026, Jon Elola de la Fuente) enpleguari, errentari, etxebizitzari eta laguntza publikoei buruzko datuak gurutzatzen ditu, gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunak ulertzeko. “Preven_Biz”-ek (2025-2026, Ander Gonzalo) suhiltzaileen esku-hartzeak, liztor asiarrari buruzko abisuak eta eguraldiaren datuak aztertzen ditu, arrisku-ereduak identifikatzeko eta larrialdietako baliabideak hobeto planifikatzeko. “Equilibria Bilbao”-k etxebizitzaren prezioak, turismo-presioa eta Bilboko auzoetako bizi-baldintzak alderatzen ditu, datuen bidez, turismoaren, etxebizitzaren eta hiri-desberdintasunen arteko loturak azaleratuz (2025-2026, Mikel Ardanza Camps).
Proiektu nabarmenenetako bat “Vitoria-Gasteiz BusinessMap” da. Zaira Gil Ozaetaren Gradu Amaierako Lanak lehen saria jaso zuen 2024ko EHUko Ikasleen VII. Kongresuko Oparotasuna ardatzean. Aginte-taula interaktiboak Gasteizko datu publiko irekiak bildu eta hainbat pantailatan antolatzen ditu: hiriko saltoki eta zerbitzuen kokapena mapan erakusten du; auzo bakoitzeko biztanleria, errenta, etxebizitzak eta jarduera ekonomikoa alderatzen ditu; eta migrazioari, etxeen osaerari zein mugikortasunari buruzko joerak aztertzeko aukera eskaintzen du. Horrela, ekintzaileei negozio bat kokatzeko auzorik egokiena aukeratzen laguntzen die, eta administrazioari hiriko gabeziak eta baliabide-beharrak identifikatzeko informazioa eskaintzen dio.
Helburua, azken finean, partziala den eta sakabanatuta dagoen informazioari zuku praktikoa ateratzea da, alegia, sektore konkretuek ezagutza hori modu errealean aplikatzea. Bada, erakunde publikoetako arduradunek (politika publiko eta zerbitzu publiko eraginkorragoak diseinatzeko), elkarte eta hirugarren sektoreko eragileek (errealitate, kasuistika, egoera errealak hobeto ezagutzeko), arlo konkretuetan espezializatutako ikertzaileek (ezagutza zientifikoa sortzeko)… horientzat guztientzat da interesgarria proiektua; gainera, desinformazioaren eta infoxikazioaren garaian, baita kazetari, komunikatzaile, dibulgatzaile zein arlo konkretuetan interes berezia duen herritar ororentzat ere.
Mundu datifikatu honetan, datuen kudeaketa gardentasunik gabe eta euren mozkin ekonomikoa handitzeko erabiltzen duten enpresa erraldoien aurrean, Open Data gelak bestelako bide bat jorratzen du, datuei izaera publikoa –denona, herritarrona– eta irekia –berrerabiltzeko modukoa– emanda. Marjinetatik eragitea da gakoa, unibertsitatearen eta erakunde publikoen arteko elkarlana baliatuta eta subiranotasun digitala bultzatuta: datuak tokian-toki kontrolatzea, gizartea hobeto ezagutzea eta datu publikoetatik sortutako ezagutza herritarrei itzultzea.