‘Pawn sacrifice’ edo instrumentalizazioa

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Pawn sacrifice  (Peoiaren sakrifizioa)
Edward Zwick (2014)

Zer: Filma
Herrialdea: AEBak
Iraupena: 95 minutu
Non ikusi: Hegoaldean: Filmin eta Prime Video. Iparraldean: Apple TV eta Prime Video

---------------------------

Zenbagarren munduan bizi gara? Askotan, etorkortasun eta mespretxuz, gure burua lehenengo munduan kokatzen dugu; gure oparotasunetik eta garapen ekonomiko eta sozial idilikotik urruti jaio diren beste gizakume gaixoak hirugarren mundu batera erbesteratuta. Gutxitan pentsatzen dugu, ordea, lehenengo eta hirugarren munduak egoteko bigarren batek ere egon behar lukeela. Eta egon badago; edo hobeto esan, bazegoen.

Mundua bitan zatitu zen XX. mendearen bigarren erdian. Orain urruti eta kasik distopiko ikusten dugun mundu hura, sasoi batean, guda amaigabe eta ikusezin batean murgilduta zegoen, eta George Orwellek sortutako Gerra Hotza terminoa erabiliko zuten garai hura deskribatzeko. Kontestu horretan sortu zen hiru munduen teoria: lehenengo mundua, AEB eta bloke kapitalista defendatzen zuten herrialdeak multzokatzeko; bigarrena, Sobietar Batasuna eta bloke komunistaren defendatzaileentzat; eta hirugarrena, bi blokeetako batekin ere aliatzen ez ziren herrialdeentzat. 

Mundu osoaren klasifikazio beharrak testuinguru hura guztiz deskribatzen du, ez baitzen bi potentzien arteko talka soila izan, mundua ikusteko eta gobernatzeko era ezberdinen arteko lehia izan zen, eta edozein gerra ideologikok bezala, sinboloak behar ziren alde bakoitzaren onurak goraipatzeko. Aski ezaguna da, adibidez, espazio esplorazioa eta Apolo 11 misioaren ilargiratzea, AEBen garaipen teknologikoaren sinbolo.

Ostera, historiak ez du hain ezagun egin nagusitasun intelektualaren erreminta bezala erabilia izan zen xakea. Beharbada, Gerra Hotz osoan bloke kapitalistak garaile bakarra izan zuelako, gaurko pelikularen protagonista: Bobby Fischer.

Pawn Sacrifice biopic-ean, Tobey Maguire Bobby Fischer xake jokalari New Yorktarraren azalean agertuko zaigu, maisuki. Bertan, umetatik Ficherrek xakearekin izan zuen obsesioa azalduko du, baita gerora garatuko zituen jarrera paranoiko eta erratikoak ere. 

Pelikulak xakelariaren bizitza kontatzen digun arren, 1972an xakearen munduko hegemoniagatik izandako match-ean kokatzen du arreta gehien. Fischer AEBen aldetik eta Spassky Sobietar Batasunetik, buruz buru lehiatu ziren Islandiako hiriburuan, munduan 50 milioi pertsonatik gorak jarraitu zuten gertakizunean.

Xakea ardatza den arren, Fischerren osasun mentala da protagonista. Ezaguna da txapeldun estatubatuarrak arazo psikiatriko larriak izan zituela gaztea zenetik. Jakina zen arren, filmeko gauzarik interesgarrienetakoa amerikarraren ingurukoek horren inguruan hartu zuten jarrera islatzeko era da.

Azken finean, gerran zegoen mundua, eta gerrak erremintak behar ditu. Erreminta horien etorkizuna ez da agintarien ardura. AEBek beren sistemak xakean, sobietarren jokoan, horiek baino hobea zen txapeldun bat sortu zutela esan nahi zuten, eta esan zuten. 44 urtetan ez-sobietar bakarrak irabazi bazuen ere, memoria kolektiboan garaipen horrek eman zion amaiera xakearen kontuari. 1972az geroztik gertatu zena bigarren munduarekin batera desagertu zen. 


Irakurri gehiago: Ikus-entzunezkoak Komunikazioa
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.