Sei hilabeterekin hasi zen igerian Oscar Valderrama (Gasteiz, 2000), eta hamasei urterekin lehian. Apdema eta Judizmendi kirol elkarteetako igerilaria da, eta pasioz bizi du igeriketa. Desgaitasun intelektuala duten pertsonen 2026ko Europako Igeriketa Txapelketan –Virtus European Summer Games 2026– zazpi domina eskuratu ditu: urrezko bat, lau zilarrezko eta bi brontzezko. Txapelketa uztailaren 3tik 12ra jokatu dute Polonian.
Ibiltzen ikasi baino lehen hasi zen igerian Oscar Valderrama. Sei hilabeterekin eraman zuen amak igeriketa ikastaroetara, uretan ongi moldatzen ikas zezan. Ikastaroen bidez teknika hobetuz joan zen, eta hamar urte daramatza lehian. Dominak irabazten hasi zenean, are gehiago piztu zitzaion igeriketarako grina. Hasieran, astean hirutan joaten zen entrenatzera; gaur egun, berriz, aste barruan egunero doa. Entrenamendurik ez duen garaietan ere, udan esaterako, bere kabuz entrenatzen du astean hirutan. “Igeriketa gustuko dut, igeri egiten ikasten dudalako eta txapelketetan dominak lortzea gustatzen zaidalako”, esan du. Horrez gain, beste gauza askoren artean, igeriketak autonomia, diziplina, ordena eta arauak lantzen laguntzen dio.
Lehenengo aldiz parte hartu du desgaitasun intelektuala duten pertsonen 2026ko Europako Igeriketa Txapelketan. Guztira zazpi domina eskuratu ditu Espainiako selekzioarekin: urrezko bat 4×100 metro estilo-errelebo mistoan; lau zilar gizonezkoen erreleboetan —4×50 metro librean, 4x100 metro librean, 4×50 metro estiloan eta 4×200 metro librean—; eta bi brontze banakako probetan, 100 eta 200 metro tximeleta estiloan. “Sorpresa handia izan zen, esan zidatenean, hasiera batean ez bainegoen zerrendan. Eskertzen dut deitu izana, baina ulertzen dut beti ezin dela, eta ez da ezer gertatzen”, aitortu du.
“Desgaitasun intelektuala dugun pertsonentzako txapelketa gehiago egotea gustatuko litzaidake”
Tximeleta estiloan nabarmentzen da bereziki, eta hori da gehien gustatzen zaiona. Oso gustuko du lehiatzea, erronkak jartzeko aukera ematen diolako. Hala ere, ez da urduri jartzen txapelketetan: “Lehiatu aurretik igerilekura botatzea besterik ez dut buruan; gainerakoa ahazten zait”. Datorren urtean Europako Txapelketan berriz lehiatu nahiko luke, eta bere ametsa Paralinpiar Jokoetan aritzea da.
Erronka ekonomiko handia
Valderramak Down sindromea duten pertsonekin lehiatzen du, baina tarteka txapelketa mistoetan ere parte hartzen du. Bi kirol elkartetako kidea da. Alde batetik, Apdeman aritzen da, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako talde batean. Eta bestetik, Judizmendin, talde misto batean. Helburua txapelketa gehiagotan parte hartu ahal izatea da, desgaitasuna duten pertsonentzako “oso txapelketa gutxi” daudelako. Judizmendin aritzen denez, ia hilabetero izaten du txapelketa bat.
“Desgaitasun intelektuala dugun pertsonentzako txapelketa gehiago egotea gustatuko litzaidake”, dio. Uste du horrek kirol egokituaren ikusgaitasuna handitzen lagunduko lukeela. Izan ere, amak bezala, uste du kirol egokitua “oso ezezaguna” dela.
Finantziazioari dagokionez, gastuen zatirik handiena familien poltsikotik ateratzen da. Gastu horien artean daude, besteak beste, Hego Euskal Herrian egiten diren txapelketetako joan-etorriak eta parte-hartze gastuak. Europako txapelketan, aldiz, Espainiako Federazioak hartu ditu bere gain gastuak. Erronka ekonomiko handia izan ohi da familia askorentzat. Valderramaren kasuan, Errendimendu Altuko Kirolari izateko tramiteetan dago. Horri esker, errazagoa izango du diru-laguntzak eskatzea, eta, ondorioz, gastuak murriztea. Alabaina, bide berria eta ezezaguna da oraindik Valderramarentzat.
Besoak eta hankak igeri egiteko.