Gauzen itxurak balio bat du. Balio bat, baina subjektibotasunaren poltsan sartuta. Itxuraren gainetik funtzionaltasuna, praktikotasuna, eraginkortasuna edota erabilgarritasuna jartzea zentzudunagoa dela pentsatuko dugu akaso. Gauzei ematen diegun forma, geometria, kolore, akaberak garrantzi handia du, baina ezin dugu beste beharren gainetik ezarri. Zeren, polit edo praktikoaren aurrean, politena erabakitzea azalekoa izatea egotzi dakizuke. Edo erdibidean, balio guztiak aintzat hartzea nahi izango dugu, praktikoa bezain polita egitearen alde.
Baina gure inguru materialaren itxura nolakoa dela esango zenuke? Gustatzen al zaizu egunero zapaltzen duzun zoruaren akabera edo etxe segida desberdinen fatxada konposaketa? Mediku-kontsultaren itxaron-gelaren aulkia eta gorde zaituzten gela atsegina al da? Laneko bilera gelaren argi artifiziala goxoa egiten zaizu? Kafetegiko izendura letraren plastikoa eta diseinu grafikoa atsegina al duzu? Oro har, esango zenuke eraiki ditugun ingurune, espazio eta objektuen itxura zaindua dela?
Ba agian ondorioztatuko dugu itsusitasun zabartu eta orokortu batean bizi garela. Estetika zainduarekiko sentsibilitatea egon badago, hau da, edertasun bat apreziatzeko gaitasuna badugu. Baina azkartasuna edo merkea gailenduta, estetikarekiko utzikeria zabaldu batean bizi garela esatea ez da oso desbideratua. Eta egoera errepikatua denez hemen eta han, ohitura hartu dugu estetikaren balio gutxietsi batean bizitzekoa.
Egiten dugunaren estetikari balioa ematea ez da polita eta itsusiaren arteko eztabaida, baizik eta egiten dugunaren emaitza materialarekiko interesa izatea. Esanahiz beteriko erabaki txikiz osaturik egongo da gure aurrean dugun hori, izan pareta, altzari, gela, plaza. Estetikak laburbiltzen du egiteko moduarekiko posizio bat; teknika, materiala, gaitasuna, aukerak, arau betetzea. Hau da, erabaki sorta batek hartutako itxura kultural bat. Ez dezagun gutxietsi.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.