Buruilak 3: udako oporrak ttutt! Bakantzak arrunt iraganak dira eta lanera itzuliak gara irakasle guztiok. Heldua da gure praktika profesionalen zentzua berriz galdekatzeko garaia: zoin testu landuko dut? Zoin autore? Zoin ariketa asmatuko dut? Nolako eztabaida antolatuko dut ikasgelan? Zergatik eta zertarako hau edo hura irakatsi? A! “Zergatik” edo “zertarako” galdera horiek! Ikasle batek egiten dizkigularik (“zergatik edo zertarako hori ikasi?”), motz erantzun diezaiokegu: “Horregatik! Hartarako!”; edo ihardespen liriko edo nardatu bat zerbitzatu: “Gure kulturaz jabe zaitezen, zure izatea aberastu dezazun, norabide bat aurki dezazun bizitzan”.
Bizkitartean, galdera horiek ez dira itxuraz diruditen bezain arinak, eta aditu jakintsu anitz serioski ari dira errepusta egokiak eman beharrean. Gai hori interesatu zaie {L’autre côté} (Bestaldea) aldizkariko arduradunei, “Peut-on encore apprendre?” (“Oraino ikas daiteke?”) azpititulutzat daukan 2025eko udazkeneko zenbakian. Séverine Denieul-ek, idatzi duen “Pourquoi pas des professeurs?” (“Zergatik ez irakasleak?”) kapituluan, maisuki frogatzen du egungo hezkuntza sistemaren zergatia eta helburua neoliberalismoaren interesen arabera antolatuak direla: irakaslearen helburuak ez du jakitatearen transmisioa izan behar, baizik eta ikasleen baitan “gaitasun” batzuen sustapena, merkatuak beharrezkoak dituen profesional egokiak bilaka daitezen.
Hain zuzen ere, Denieulek erakusten du jakitatea edo ezagutza ez direla gehiago hezkuntza akademikoaren ideala, baizik eta ikasleak enplegagarriak bilakaraztea. Xede horren gauzatzeko, 1990eko hamarkadan sortu zen kontzeptu iraultzaile bat: gaitasuna. Irakaslearen lana ez da ikasleei autore berezi hau ala bestea ezagutaraztea, baina edozoin testu aztertzeko baliagarriak izanen zaizkien nozioak manipulatzea. Badu, beraz, 30 bat urte, klaseen edukiak zilegitasun txikiagoa duela didaktikak eta pedagogiak baino, eta ikasleen berehalako lorpen praktikoak luze eraikitako ezagutzak baino gehiago txalotzen direla.
Ikasleak modu zehatz batean “gaitu” behar dira, eta “gaitasun” horiek bereziki ebaluatu behar dira, gazteek zer dakiten eta irauteko zer jakin beharko luketen neurtu beharrean
Aldizkariaren beste kapitulu batean, Pontcerq argitaletxeak publikatu testu bat agertzen da, zoinetan idazleak gaitasun kontzeptuaren autorea, Bernard Rey, gaitzesten duen, nahiz eta bera ohartua zen politikoki ideia lanjerosa zabaldu zuela. Izan ere, botere batek erabakitzen duelarik zoin gaitasun diren beharrezkoak, jendartean, eta, ondorioz, zoin gaitasun irakatsi behar diren ikastetxeetan –eta zoin ez–, botere hori autoritarismorantz abiatua delako seinalea da.
Preseski, gogoeta horrekin bururatzen du Denieulek: ikasleak modu zehatz batean “gaitu” behar direla, eta “gaitasun” horiek bereziki ebaluatu behar direla –adimen artifiziala eta gailu digitalak tarteko, bistan dena–, gazteek zer dakiten eta irauteko zer jakin beharko luketen neurtu beharrean, giza-askatasuna ukatzen dutenen manua baizik ez daiteke izan. Horregatik, eskertzekoak dira presio instituzional eta sozialen artetik beren libertate pedagogikoa jakitatea eta jakitate irrika sustatzeko baliatzen duten irakasleak.
“Zergatik ikasi / ahanztekotz gero?”, zioen Jon Mirande jakintsu handiak. Erantzun gogo nioke: “Zuhaurk dakizu, eta Sokratesek Platoni adierazi omen zion: ikasi arau ohartuko zarelako dakizuna deus ez dela ez dakizunaren aldean; umil, bihotz zabal eta, dogmetatik urrun, aske egoteko lagunduko zaituelako.
Sartze on irakasle eta jakitate gose zaudeten orori!
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.