Munduko leku batzuetan ez da hala gertatzen, baina gurea gizarte futbolzentrikoa da. Kirolen eragin soziala aztertzen dutenek azpimarratzen dute futbolaren eragina geroz eta handiagoa dela Euskal Herrian, eta beste kirolek kostata eusten diotela haren indarrari kirolariak erakartzerako garaian, bereziki gizonezkoen kasuan. Baina futbolaren indarra ez da kirol praktika kontua, haren eragin soziala da bereziki azpimarratzekoa. Futbolak lortzen du –gizonezkoen futbolak, zehaztu dezagun– irratsaioen edo albistegien ohiko programazioa behin eta berriz aldatzea, edo are, hiri osoen funtzionamendua futbol partida zehatzen arabera hankaz gora jartzea, bi adibide jartzearren. Kirol horren eragin mediatikoa izugarria da, eta haren atzean ezkutatzen diren interes ekonomikoak, erraldoiak.
Azterlan soziologikoei erreparatzen badiegu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako –beti Euskal Herri osoko datuak eskura izateko zailtasunekin!– herritarren %61ak futbola jarraitu zuen azken urtean ikus-entzunezkoen bidez, orain dela lau urte egindako EAEko kirol ohituren inkestaren arabera. Hala ere, ordaindu beharreko kirol ekitaldietara joaten den jendearen kopurua askoz ere baxuagoa da, erditik gora ez baita halakoetara joaten, azterlan berean agertzen zenez, are baxuagoa emakumeen artean. Oso zaila da jakitea futbola nagusi den gure gizarte honetan zenbatek ez duten kirol hori jarraitzen; edo zenbatek ez duten kirol horren agerpen profesional masiboa gustuko. Ziurrenik, uste baino gehiago izango gara futbolak gure gizartean betetzen duen paperaz nekatuta gaudenak.
Futbolarekiko urrun egon arren kontziente naiz nazio identitatea transmititzeko tresna boteretsua dela. 2030eko Munduko Futbol Txapelketa erronka erraldoia da guretzat
Edonola ere, indar berezia duen ekimen masiboa dela ezin dugu ukatu. Bereziki adierazgarria da kirol horrek haur eta gazte mutilen artean duen indarra, identitatea eraikitzerako garaian eta, batez ere, gizontasunaren adiera zehatz baten eraikuntzari begira. Egia da emakumeen futbola bidea egiten ari dela, eta kirol horren inguruan balio eta molde kritikoak ere badaudela, baina, tamalez, futbolaren agerpen masibo eta maioritarioan gailentzen dena ez da inolaz ere molde horretakoa.
Gauzak horrela, orain dela gutxi gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa izan da. Futbola gustuko ez dugunok agian ez dugu gehiegi jarraitu, baina masa jarduera erraldoia izan da. Gainera, txapelketa horretan, taldeak estatuka –edota nazioka– antolatzen direnez, nazio identitateari estuki lotutako ekimena izan da. Euskal Herriko abertzale eta independentistentzat funtsezko aldagaia da hori. Nazionalismoaren indarra hain da handia, non, askotan, batez ere estatua duten nazionalismoen kasuan, oharkabean igarotzen den, estaturik ez dugunok behin eta berriz gogoraraztera behartuta gauden bezala. Bada, txapelketa hori nazionalismoaren momentua dela esan dezakegu: norberak aukeratu behar du zein talderen alde egin, zein kolore eta ereserkirekin emozionatu, eta zein herrialderen kamiseta eraman. Kirol jarduera xaloa dirudiena, kontziente izan edo ez, ekimen politikoa da, eta nazio identitateari eta nazionalismoari estuki loturik doa.
Aurtengo txapelketa honetan iruditzen zait Euskal Herriko koloreen eta selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarria indartu egin dela. Oso pozgarria iruditzen zait, futbolarekiko urrun egon arren kontziente naizelako nazio identitatea transmititzeko tresna boteretsua dela. Uste dut 2030eko Munduko Futbol Txapelketa erronka erraldoia dela guretzat. Nazionalismoa indartuko du ekimen horrek Hego Euskal Herrian, baina oraindik ez dago idatzita espainiarra edo euskalduna izango den.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.