Festara!

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Villarejo de Salvanés Madrilgo herria da, 8.000 biztanle inguru, eta uda honetan famatu egin da alkateak festak kendu dituelako, administrazioaren eragozpenak tarteko. Herri osoa matxinatu eta, udalaren laguntzarik gabe, eurek antolatu dituzte jaiak.

Festak komunitateen bizitzan behar-beharrezkoak dira. Egungo eredua, aldiz, ez: jendea trumilka herri edo auzo bateko festatik bestera; alkohol eta bestelako ugari; zarata protagonista (musika bolumen batetik aurrera zarata da); amaierarik gabeko gauak; eta festaren parte-hartzaile izan nahi ez duenak a faxtidiarse beste eskubiderik ez duela. Desneurriari neurri gabeko omenaldia. Eta gazte eta haurrei ere horixe sinetsarazi zaie. Bide berriak bilatzeko bada sormen beharra. Agian berreskuratu beharko litzateke aspaldiko eslogana, egokituta: Jaiak bai, festa eredu honen aurkako borroka ere bai!

Bilboko Aste Nagusiaren hasierako pregoian Onintza Enbeitak esandakoak: "Jaia denona da. Hemen jaio zirenena, Arratiako tranbian etorri zirenena, labe garaietan bizimodu berri bat aurkitu zutenena, Mediterraneoa gurutzatuta etortzen direnena, denona, manteroena bere bai" (…). "Arrazakeria, transmaribollofobia, euskarafobia, lodifobia ez dira ideia errespetagarriak. Askatasunaren kontrako ekintzak dira". Sinatuko nituzke neronek.

Kontu xeheagoei erreparatuz gero, agian konturatuko ginateke festen arazo askok egungo jaien ereduan bertan dutela jatorria neurri batean

Ederki dago pregoilariek asmo onak aldarrikatzea. Baina oso goitik jaurti ohi dute tiroa. Kontu xeheagoei erreparatuz gero, agian konturatuko ginateke festen arazo askok (txikizioek, jazarpen sexualek, borroka frankok, etxeetan egon ezin izateak, klimaren bidean kaltegarri diren kontu ugarik…) egungo jaien ereduan bertan dutela jatorria neurri batean. Eta horrek aitortu gabeko ideologia duela oinarrian: negozioarena. Etekin ona ematen du. Batzuentzat.

Gure alaba Kattalin Donostiako Plaza Berrian bizi da. Maite du etxea, bere seme-alabak familiako zazpigarren belaunaldia dira bertan bizitzen. Baina aldatu beharraz hasi dira pentsatzen. Aste Nagusian, talde baten saioa programatu zuen udalak. Entsegutik hasita, etxetik alde egin behar izan zuten, han ez baitzegoen egoterik. Kexu egin zuen idatziz Udalinfora. Erantzuna: “Plazan 5.000 pertsona inguru bildu ziren, eta soinu maila bertaratutako publikoaren kopuruari, jardueraren ezaugarriei eta espazioari egokitu behar izan zitzaien”. Gezur lotsagarria. Bolumen hura 5.000 entzule gortuentzat eta gor ez zeudenak gortzeko zen. Villarejo de Salvanéseko biztanle guztiak elkartuta, zarata gehiegikeriaz kexatuko ziratekeen.

Ceutan abuztuko festak bertan behera utzi behar izan zituzten eta Hondarribian ez dute akordiorik lortu kaxkamelondarren eta udalaren artean. Hori bai festa! 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurri gehiago: Iritzia Jaiak Gizartea
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.