Flotillakideei oldartu, eta lesioak salatu

  • Global Sumud Flotillako euskal delegazioaren ongietorrian Ertzaintzak egindako kargetan hamalau polizia zauritu zirela jakinarazi zuen Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak. Baina ez du lesio horien informazio gehiagorik eman nahi izan. ARGIAk datuak eskuratu ditu: “kontusioak” (kolpeak), “algiak” (minak), eta “bihurrituak”. Horiek dira Mutuako medikuaren diagnostikoak, hain zuzen, Loiun atxilotutako lau ekintzaileen desordena publikoagatiko epaiketan erabiliko dituzten probetako batzuk.

Argazkia: Oskar Matxin / Foku
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Maiatzak 23, larunbat eguerdia. Lur hartu dute Global Sumud Flotilla jendetsuan parte hartu duten sei euskal herritarrek. Lau egunez Israelek bahituta eduki ostean eta sionisten tratu txarrak salatu ostean, azkenean Loiuko aireportuan dira. Bertan harrera egiteko elkartu dira hamarnaka senide, lagun eta babesa ematera joandako herritar. Palestinarekiko elkartasun mezu artean jaso dituzte flotillako ekintzaileak. Beste herrialde batzuetara ailegatu diren ekintzaileen kasuan ez bezala, aireportu honetan ez da besarkadarik; ertzainez osatutako hesi baten atzetik egin behar izan diete ongietorria.

Segidan gertatutakoa jada pasatu da Ertzaintzaren gehiegikerien zerrendako beste bat izatera. Eszena ezaguna da denontzat, hemen ez ezik nazioartean ere bai, iritsieraren berri ematen ari ziren kazetariek Ertzaintzaren oldarraldia zuzenean grabatu zutelako: bultzadak, kolpeak, oihuak, indarkeria. Ekintzaileak lurrean, borrak hegan, senideak ikusitakoa sinetsi ezinik. Ondorioa: lau pertsona atxilotuta, horietako bi flotillatik heldu berriak, eta hainbat zauritu. Epaiketaren zain daude laurak, delitu hauek egozten baitizkiete: “desordena publikoak”, “desobedientzia larria” eta “agintaritzaren aurkako atentatua”.

Epaiketan hamalau ertzainen lesio salaketei aurre egin beharko diete, besteak beste. Irudietan Palestinaren aldeko ekintzaileek agenteen partetik jasandako kolpeak argi eta garbi ikusten diren arren, eurak dira akusatuen aulkian eseriko direnak. Ertzainek, ordea, kaltetuen aulkitik deklaratuko dute, lesioak salatu dituztelako. “Hamalau zauritu, zortzik aldi baterako ezgaitasunagatiko baja. Bostek gainazaleko lesioak, bostek lesio anitz, hiruk bihurrituak eta batek bestelako dislokazioak”. Behin eta berriz gertakariei buruzko informazioa eskatu ostean, horrela deskribatu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak lesio horien nolakotasuna, detaile gehiagorik eman gabe. ARGIAk parte medikuetako informazioa eskuratu du: “kontusioak” (gehienez ere hiru tokitan), zenbait tokitako “algiak” (minak), eta “bihurrituak”. Horiexek dira Mutualiako medikuak maiatzaren 23an Loiun oldartu ziren ertzainei egindako diagnostikoak. Aipagarria da txosten medikuak ez direla batere zehatzak, eta ertzainek adierazitako mina dute oinarri, objektiboki neurtu daitezkeen ezaugarriak kasu gutxitan jasotzen dira (gorritua, hantura edo urradura dagoela, tamaina zehaztu gabe, betiere). Mutuan artatu zuten azken ertzainaren txostena bereziki nahasgarria da, akatsak dituela ondoriozta liteke; ez baita justifikatzen besaurreko tendinitis batengatik eskaiola zergatik jarri zaion.

Loiuko kargengatik kereila kriminala aurkeztu zuen flotillaren euskal delegazioak, Ertzaintzaren eta bere arduradunen aurka. / Argazkia: Aritz Loiola / Foku
Ertzainen kargak, babestuta

Azpimarratzekoa da lesioak salatu dituzten ertzain horien lana sionista ugarik txalotu zutela sare sozialetan, eta Israelgo Kanpo Gaietarako Ministerioak tonu ironikoan kontuak eskatu zizkiola Espainiako Gobernuari, ekintzaileei emandako tratuagatik. Ziztu bizian zabaldu ziren irudiek ikusgarri egin zuten eskandalua izan zela Ertzaintza Palestinaren aldeko ekintzaileen aurka oldartzea, nahiz eta zenbaitek defendatu zuten irudiak “testuingurutik aterata” zeudela. Polemika nazioartera zabaldu zen eta gaitzespena handia izan zen; hurrengo egunetan protesta ugari egin ziren han eta hemen, Palestinarekin elkartasuna ez dela delitua aldarrikatzeko eta Poliziaren indarkeria kondenatzeko. Are, Global Sumud Flotillako abokatu Haizea Ziluaga eta Iker Sarriegik kereila kriminala aurkeztu zuten Ertzaintzaren eta bere arduradunen aurka, flotillako euskal delegazioaren izenean, eta “basakeria handiz” egindako esku hartzea ikertzeko eskatu zuten. Ertzaintzaren oldartzean zauritu zituzten herritarren parte medikuak aurkeztu zituzten bertan. Epaiketaren esperoan dauden lau ekintzaileek ere lesioak salatu zituzten, eta atxilotu ostean Osakidetzako osasun zentroetan egin zizkieten parte medikuek ez dute zerikusirik ertzainen mediku txostenekin: Osakidetzakoak zehatzak dira, objektiboak, ARGIAk ziurtatu ahal izan duenez.

Ertzaintzako sindikatuak oraingoan ere agenteak sutsuki defendatzen eta babesten ari dira, eta Euspel-ek jarraitzen du guztiaren gainetik poliziak babestu behar direla aldarrikatzen, Loiukoaren ostean kaleratutako oharrean dioten bezala: “Lehen minututik, gure ordezkariak eta gure kabinete juridikoa buru-belarri ari dira haien osotasun fisikoa, psikikoa eta juridikoa babesten. Euspel beti egongo da ertzainen ondoan beren lana betetzeagatik bidegabeki erasotzen zaienean”. Erasoak jasan dituzten langile bezala aurkezten ditu Loiun jipoia ematen aritu ziren ertzainak.

Dena den, “esku hartze hori defenditzerik ez” dagoela dioen ertzainik ere bada. Halaxe aitortu zioten ekainean Berria egunkariari bi ertzainak, anonimoki, esanez azken oldarraldien aurrean ertzainen artean ere “ezinegona eta kezka” daudela eta “asko” direla esku hartze horiekin ados ez daudenak: “Loiukoa gehiegikeria izan da. Ertzain bakoitza bere familiarekin telebistaren aurrean jar dadila gertatu zena ikusteko, eta galde diezaietela zer iritzi duten. Esku hartze hori ez dago defenditzerik”.

Argazkia: Oskar Matxin / Foku

Zupiria Segurtasun sailburuak, bertako zein nazioarteko kritiken presiopean, barkamena eskatu zuen, EH Bilduren eta Sumarren eskariz Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean maiatzaren 26an eginiko agerraldian: “Sentitzen dugu gertatutakoa; ez zuen gertatu behar”. Dena den, sindikatuen ildo beretik, ziurtatu zuen esku hartzea “manifestariek probokatu” zutela, eta ETAren komodina erabilita, kritikatu zuen “Ertzaintzaren aurkako iritzia” ez dela “amaitu” Euskal Herrian. Horrela justifikatu zuen ertzainen oldartzea, eta geroztik, legebiltzarrean informazio gehiago eskatu dioten guztietan, agenteak “babesteko” beharra nabarmentzen ari da legebiltzarkideei zein herritarrei informaziorik ez emateko.

Gorka Ortiz de Guinea EH Bilduko legebiltzarkideak Loiuko kargetan zauritu ziren ertzainen parte medikuak eskatu zizkion Segurtasun Sailari, baita Erandioko komisariaren eta Deustuko komisariaren arteko eta aireportuan zeuden ertzainen arteko komunikazioak, eta atestatua ere, guztia “behar bezala anonimizatuta”. Behin eta berriz ukatu du informazio hori ematea, ertzainen intimitaterako eskubidea eta datu babesa argudiatuta, eta uztailaren 12ko erantzunean, beste behin ETAren karta atera zuen: “Emandako informazioaren izaera proportzionala, egokia eta beharrezkoa indartuta geratzen da kontuan hartzen bada inplikatuetako bat ETA erakunde terroristako kide izan zen pertsona bat dela”. Horrela erantzun zion EH Bilduren galderari, argudiatzeko flotillako euskal delegazioaren harreraren inguruan emango duen informazio bakarra hauxe dela: “Hamalau ertzain zauritu, zortzik aldi baterako ezgaitasunagatiko baja. Bostek gainazaleko lesioak, bostek lesio anitz, hiruk bihurrituak eta batek bestelako dislokazioak”. Legebiltzarreko erantzun horretan bertan, indarraren erabilera justifikatzen du honela: “Ertzainek Loiuko operatiboan jasan zituzten lesioak, indarkeriazko ekintzei aurre egiteko indar publikoa erabiltzeko beharraren ondorio izan ziren, kasu batzuetan, Ertzaintzako kideei zuzendutako erasoekin. Indarkeria-egoera baten aurrean, hori da erantzun posible bakarra”.

Lesio anitz ala bizpahiru kontusio?

Argitzeke dago zein diren “indarkeriazko ekintza” horiek, baita lesioak zein diren eta zeren ondoriozkoak diren ere. ARGIAk zigor prozedurako hainbat datu eskuratu ditu, izan ere, Zupiriak emandako zenbaki orokorrei zehaztasun handiagoa ematen eta lesioen nolakotasuna definitzen lagundu dezakete parte medikuetako datuek. Larunbat hartako prozedura bera esanguratsua da, hamahiru ertzainak bata bestearen atzetik pasatu baitzuten kontsulta, mediku berarekin, 16:00etatik 18:20 bitartean. Loiun 13:50ean hasi ziren ertzainen kargak, 14:30erako lau pertsona atxilotu zituzten, eta horiek komisarian edo osasun zentroan zeuden bitartean, kargetan parte hartu zuten ertzainak Mutualiako kontsultan zeuden. Beste bi polizia ordu desberdinetan pasatu ziren medikuarenetik, ARGIAk duen informazioaren arabera.

Mutualitateko medikuaren diagnostikoetan kontusioak ageri dira batik bat: bi ertzainek toki bakarrean, beste bik bi tokitan, eta beste bik hiru tokitan zituzten. Alegia, kolpe bat, bi edo hiru zituztela, leku hauetakoren batean: hatz txikian, eskumuturrean, eskuan, ukondoan, besaurrean, besoan, sorbaldan, belaunean, izterrean edo hankan. Lau diagnostikotan “algiak” ageri dira: bik lunbalgia zuten, batek zerbikalgia, eta beste batek lunbalgia, zerbikalgia, artralgia eta omalgia. Hau da, “mina” zutela lunbarretan, lepoan, artikulazioetan edo sorbaldan; beste batek ukondo eta eskumuturreko algiak (minak) besterik ez zituen. Diagnostiko horietatik guztietatik, sailburuak zein identifikatu du “lesio anitz” gisa eta zein “gainazaleko lesio” gisa?

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak azalpenak eman zituen legebiltzarrean maiatzaren 26an. Alboan Ricardo Ituarte sailburuordea. / Argazkia: Raul Bogajo / Foku

Hiruk bihurritu edo zaintiratuak zituztela esan zuen Zupiriak. Bada, parte medikuen arabera, horietako batek hatz potoloan zuen, beste batek belaunean, eta beste batek sorbaldan. Beste ertzain batek “bestelako dislokazioak” zituela ere jakinarazi zuen Zupiriak; ez da halakorik jasotzen ARGIAk lortutako datuetan.

Tratamenduei dagokienez, lehenbizi artatu zuen ertzainarena da sinpleena: kolpeetan hotza jartzea. Hortik aurrerako guztiei hotza bai, baina antiinflamatorioren bat ere errezetatu zien. Kontusioetan hotza, algietan beroa, eta antiinflamatorioren bat 4-6 egunez, horiek dira lesioak tratatzeko gomendioak. Bati eskumuturra ez mugitzeko ferula bat ipini zioten, eta beste bati hatza ez mugitzekoa. Biri belaun-babesa gomendatzen die: batak bihurritua du belaunean, baina besteak izterreko kontusioa du parte medikuaren arabera, beraz, ez dago argi zertarako den belaun-babesa.

Esku hartzean lesionatuta?

Zupiriak argitu zuen zortzi ertzainak hartu zutela aldi baterako ezintasunagatiko baja; zenbat egun behar izan zituzten lesio “arin” horiek osatzeko? Mediku txostenen arabera, poliziek adierazi zuten “mina” edo “molestia” sentitzen zutela polizia operazio bateko bultzadek edota liskarrek eraginda, eta hori zen kontsultaren arrazoia. Hainbat momentu deskribatzen dituzte lesioaren eragile gisa, baina denak daude lotuta oldartu ziren unearekin, alegia, borrekin zein gabe indarra erabili zuten momentuarekin, kordoi polizialean egotearekin, edota lau ekintzaileak atxilotu zituzten momentuekin. Lesioen larritasun ezaren adierazle izan liteke ertzain bati berari ere ez diotela unean bertan tratamendurik aplikatzen, ez antiinflamatoriorik zuzenean jartzen ere; Betadine antiseptikoarekin zauri bat tratatu izana besterik ez da jasotzen mediku txostenean. Halaber, plakak zortziri egin zizkieten, baina ez da azpimarratzeko ezer agertzen.

Argazkia: Oskar Matxin / Foku

Beste esku hartze batzuetan lesioak salatu izan dituzten kasu batzuk gogorarazi behar dira. 2021ean, Tubacexeko langileen aurkako kargetan, hamasei ertzainak salatu zuten zauritu zirela, eta horietatik bik bakarrik hartu zuten baja. Ondorioztatu zen baja horren zergatia ez zela kolpeen eraginez izan, baizik eta esku hartzean lesionatu egin zirelako. 2015ean, Gasteizko herri harresiaren aurka kargatu zutenean, hemezortzi ertzaina zauritu ziren, baina Legebiltzarrean azalpenak eskatu ostean, ondorioztatu zen horietatik hamaseiren lesio mota “sistema muskuloeskeletikoaren gaineko gehiegizko esfortzu fisikoa” zela.

2025eko abenduko kasua esanguratsuagoa da. Palestinaren aldeko eta CAFen aurkako elkarretaratzea egin zuten Bilbon, eta tranbiaren bidea moztu zuten hamarnaka ekintzailek. Bada, hor ere ertzainek kargatu egin zuten, eta pertsona bat atxilotu. Segurtasun Sailak egun horretan bertan ohar bat argitaratu zuen, salatzeko “hainbat ertzainek erasoak” jasan zituztela. “Gutxienez lau agentek kolpeak dituzte eta Mutuara joan beharko dute. Segurtasun Sailak berretsi nahi du horrelako erasoak oso larriak direla, eta herritarrek ez lituzketela onartu behar”. Era berean, “elkartasuna” adierazi zien Mutuara joan behar izan zuten ertzainei, eta “egindako lanagatik eskerrak” eman zizkien inplikatutako agente guztiei.

Jon Hernández Hidalgo Sumarreko legebiltzarkideak esku hartze horri buruzko hainbat galdera egin zizkion Segurtasun Sailari, eta Zupiriaren erantzunak kontrajarri egiten zuen aurrez kaleratutako oharraren informazioa: ez zen poliziarik zauritu. “Ez dago jasota zauritutako ertzainik edo osasun zentroetan artatutako ertzainik instruitutako atestatuen eginbideetan jasotako gertakarien ondorioz”, zehaztu zuen Zupiriak erantzunean. Legebiltzarkideak galdetu zion ea artaturik jaso ez bazen zergatik zabaldu zuten lau agente zaurituren zifra. Erantzuna: manifestari batzuek agenteei eraso egin zietela, baina beste gauza bat dela arreta medikoa jasotzea. Dena den, Segurtasun Sailaren oharrean bai aipatu zuten Mutua. Bestalde, Zupiriak ohartarazi zuen ez zela “polizia-kargarik” egin. Hemen ere, irudien eta gertaeren interpretazio propioa egin zuen Ertzaintzak, manifestariek eta herritarrek bizi izan zutenaren oso bestelakoa.

Poliziaren abokatua, Euspelen eskutik

Ertzainek manifestarien aurka kargatu, eurak zauritu dituztela salatu, eta epaiketan ertzainen jarduna defendatu. Ez da lehen aldia halakorik egiten dutena, ohiko praktika dute jada. Euspel sindikatua da praktika horren bultzatzaile nagusietako bat, bere baliabide juridiko guztiak polizien eskura jartzen dituena. 2026ko Ertzaintzaren hauteskunde sindikalak irabazi zituenean, hain zuzen, “beste etapa bat” hasten zela ziurtatu zuen, eta Jaurlaritzaren aurkako jarrera irmoa azaldu dute hasieratik. ERNE, Esan eta SIPE sindikatuek 2025-2028 aldirako Segurtasun Sailarekin sinatutako akordioaren aurka daude, esaterako.

Hain zuzen, Jaurlaritzak ertzainak “abandonatuta” dituela aurpegiratzen diote sindikatutik, eta abokatu talde propio bat eskaintzen du; horixe da Euspelek promoziorako erabiltzen duen mezu nagusietako bat, Bitos Abogados bulegoa dutela, “polizien defentsan erreferentziazko bulegoa”. Flotillako ekintzaileen aurkako epaiketan ere abokatu horiek protagonismoa izango dute. Bulegoko buruak hiru ertzainaren defentsa egingo du, Jose Antonio Bitos Rodriguezek. Gizon hori ezaguna da Ertzaintzaren azken oldarraldien auzibideetan ere parte hartzen ari delako, eta guztietan mezu bera errepikatzen ari da: herritarren helburua ertzainak direla, manifestarien helburua poliziak direla. Falangearen urriaren 12ko Gasteizko liskarretan “gerrilla hiritarra” deitu zien manifestariei, eta kasu horretako ertzainen defentsa darama.

Iker Aranaren kasuko abokatua ere izan da, Aranari barrabiletara foam bala jaurti zion ertzainaren abokatua izan da. Justizia Aranarentzat plataformatik honela deskribatu dute Bitos: “Euspeleko abokatu nagusia da, Ertzaintzaren sektorerik erreakzionarioena ordezkatzen duena eta Jaurlaritzarekin pultsu gogorra duena”. Aranaren epaiketan ertzainaren defentsak argudiatu zuen Arana eta ingurukoak kristalezko botilak jaurtitzen hasi zirela, nahiz eta bideoek erakusten duten ez dela hala. Bitosek kasua artxibatzeko eskatu zion epaileari.

Argazkia: Oskar Matxin / Foku

Euspeleko Bitos Abogados bulegoa Espainiako Estatuko Protege a quien te protege plataformaren parte da, eta bertako abokatuak espezializatuta daude polizien defentsan eta Ertzaintzaz gain bestelako poliziak ere defendatzen lan egin dute. José Antonio Bitosez gain, Euspeleko beste hiru abokatu izango dira flotillaren Loiuko harreraren kasuan ertzainak defendatuko dituztenak: Maitane Candel Carro, Elizabeth Estévez Rodríguez eta Tamara Luelmo Sánchezek ertzain bana defendatuko dute. Alejandro Bikandi Garmendiak beste agente baten defentsa egingo du.

Ertzainak Borrokan taldearen bidez polizien defentsa sutsuan hasi zirenetik, Euspel sindikatua Ertzaintzaren sindikatu nagusi izatera, askok salatzen dute eskuineranzko eta eskuin muturreranzko norabidea hartzen ari direla Ertzaintzako gero eta kide gehiago. Eta Zupiriak esan arren Ertzaintzaren jardunaren gaineko kontrola erabatekoa dela, gertaerek kontrakoa erakusten dute: abuztu hasieran jakinarazi zuen Poliziaren Kontrol Batzordeak eten egin zituela ertzainen jokabidea ikertzeko hiru espediente, Iker Aranarena –Etxarri II gaztetxearen husteari lotua Bilbon–, Aritz Ibarrarena –Falangearen aurkako protesta antifaxistei lotua– eta Sestaoko (Bizkaia) herritar batzuekin izandako liskarrena. Informazio falta argudiatu dute espediente horiek eteteko. Loiuko oldarraldiaren aurrean, ertzainen intimitatea babesteaz gain, beste neurririk hartuko du Segurtasun Sailak? Ertzainek laster deklaratzea espero liteke, ikusteke dago Euspeleko abokatuek nola justifikatuko duten lau ekintzaileek egin zizkietela “lesioak”, mundura zabaldutako bideoek erakusten dutena oso bestelakoa baita. 


Ertzaintza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.