Hasi da ikasturte berria bizkar eskolan. Kargak garraiatzen eta, oro har, jarrera egokiak hartzen ikasten ari gara. Nire kasuan, berriz ere: urteak daramatzat zorioneko higiene posturala neureganatu nahian. Horretan ere, ikasle betiereko.
Bizkar eskolatik kanpo, eta mundu ez-fisikoan, aiseago suertatzen zait higienez jokatzea. Adibidez, une-unean eta giro-giroan dagoen gai nagusiari itzuri egitea, eta horretaz ez mintzatzea. Isiltzea ere erresistentzia-saioa izan daiteke; batzuetan, koruan tar-tar-tar jardutea baino gehiago.
Ez dizuet gezurrik erranen: etikak eta (batez ere) estetikak badute ikustekorik hautuan. Nor bere begiradaren –eta ahotsaren– jabe izateak badu, sikiera ustez, baliorik. Eta alde horretatik, begirada higienikoak aukera ematen du bertze gauza batzuei erreparatzeko. Aktualitateak –asepsia profesionalaz– zanpatzen dituen bertze kontu batzuen gainean pausatzeko. Hausnartzeko. Nolanahi ere, faborez, ez gaitezela denok begira egon mendi mazelari.
Ez harritu jarrera xelebrean harrapatzen banauzue. Bizkarra zuzen mantentzea kostatzen zait. Boladan dagoenari bizkarra ematea baino gehiago.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.