Disney aurreko Robin Hood

1973an estreinatu zen Disneyren 'Robin Hood', baina ordurako, Erdi Aroan sortutako pertsonaia erabat "disneyfikatuta" zegoen.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ingalaterra, XII. mendea. Ahozko tradizioa Robin Hoodi buruzko istorioak zabaltzen hasi zen. Eta denboran zehar pertsonaia aldatzen joan zen, XX, mendeko Disneyren heroiraino iritsi arte. Luzaroan eztabaidatu da Robin Hood benetan existitu ote zen, eta egun historialari gehienak bat datoz ziurrenik pertsonaiaren atzean benetako pertsona bakarra ez zegoela esatean. Lurjabe aberats gutxi batzuek eta geroz eta txiroago ziren nekazariek osatutako gizarte feudalaren desoreka sakonek bultzatuta sortu zen.

XIV. mendean hasi ziren ordurako ospetsua zen pertsonaiaren gorabeherak idatziz jasotzen. Balada haietako Robin Hood ez zen Sir Robin de Locksley noblea, yeoman soila baizik, hau da, bere lurren jabe zen nekazari askea. Haren helburu nagusia ez zen pobreei laguntzea, zuzenean behintzat, ustelkeriak jotako kleroaren eta menpekoak esplotatzen zituzten nobleen aurka egitea baizik. Pertsonaia bortitza zen, moralki anbiguoa.

Noble ongile idealizatuaren irudi hori sendotu zuen XIX. mendeko haur literaturak, viktoriar familia zuzenaren kontsumogai. Eta XX. mendean zinemak ere ildo berari eutsi zion

XVI. mendean goitik behera aldatu zen pertsonaia, boteredunek berenganatu eta nahi bezala doitu zutenean. Nekazaria noble bihurtu zuten, noble gaiztoen aurka egiten zuen noble zintzoa, botere egiturak zalantzan jarriko ez zituena. Eta Marian ere orduan asmatu zuten, kondairari amodio istorio bat gehitzeko. Henrike VIII.a bera pertsonaiaren zale amorratua zen, eta Robin Hoodez mozorrotu omen zen behin baino gehiagotan.

Noble ongile idealizatuaren irudi hori sendotu zuen XIX. mendeko haur literaturak, viktoriar familia zuzenaren kontsumogai. Eta XX. mendean zinemak ere ildo berari eutsi zion; Errol Flynn protagonista zuen 1938ko The Adventures of Robin Hood da horren adibide garbia. Eta 1973an Disneyk Robin Hood marrazki bizidunetako azeri bihurtu zuenerako, pertsonaia ia guztiz “disneyfikatua” zegoen.

Azken aldian, jatorrizko kondairara hurbiltzeko ahaleginak egin dira. Amy S. Kaufman historialariaren The Traitor of Sherwood Forest  (2025) nobela errebisionistak eta  Michael Sarnoski zuzendariaren The Death of Robin Hood (2026) filmak Robin Hood kontraesankorragoa dute protagonista, botere egiturekiko eta bere buruarekiko kritikoagoa. Baina ez dirudi lan berri hauek imajinario kolektiboan errotutako irudia aldatuko dutenik. Kaufmanen esanetan, “gehienek ez dute Robin Hoodi buruzko fantasia erosoa hondatzerik nahi”. 


Irakurri gehiago: Historia Denboraren makina
Historia kanalean gehiago
2026ko irailaren 30
ARGIAren Hemeroteka berria
Esan zirenak, esango direnak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.