Shutterstock enpresa ezagunak 145 euro kobratzen ditu argazki editorial baten truke. Argazkilariak 0,30 dolar jasotzen ditu. Ez da kalkulu-errorea. Negozio-eredua da, eta atzean zenbakiak baino askoz gehiago dago.
Microstocka ikusizko edukien merkaturatze masiboa da online plataformen bidez. Horretan aritzen diren plataforma nagusiek ondokoa ordaintzen diote argazkilariari bere argazkiaren deskarga bakoitzeko: Shutterstockek 0,30 dolar, Alamy-k 8,30 dolar (baina kontratuan argazkilaria behartzen du irudia beste plataformetan ez jartzera) eta Adobe Stock-ek 0,69 dolar.
Mundu horretan ibilbide luzea duen erraldoia da Shutterstock. Bada, argazkilariak plataforma horretara bere lana igo, eta erabiltzaileren batek bere argazki bat deskargatzen duen aldiro enpresa horrek 72,36 eta 145 euro artean kobratzen ditu. Egileak, aldiz, euro bat baino gutxiago jasotzen du. Aldea ez da irabazi korporatibo arrunta. Harrapaketa da.
Zergatik onartzen dugu hori? Bolumena behar dugulako. 2026an arretaren ekonomia biziraupen-ekonomia delako, eta azkenean, gatazkak dokumentatu, denbora eta arriskua inbertitzen dituen fotokazetari batek 240 aldiz garestiago saltzen duten korporazioei lagatzen die informazio-balioa.
Plataforma horietara sartzeko, Shutterstockek pribatutasun-tresnak dituzten emailak baztertzen ditu eta VPNak blokeatzen ditu. Ez dute nahi argazkilariak bere kokalekua edo arrasto digitala ezkutatzea. Shutterstock ez da argazki agentzia bakarrik. Datu-biltzailea da.
Shutterstockera argazki bat igotzen duzunean, ez duzu irudia bakarrik saltzen. Metadatuak saltzen dituzu: kokapen zehatza, sarbide-ordutegiak, bilaketa-patroiak, estaldura-gaiak.
Milaka argazkilariren datu agregatuek mapa globala sortzen dute, non dagoen nazioarteko prentsa, zer dokumentatzen duen, noiz. Gobernuentzat, aseguruentzat, kapital-funtsentzat, segurtasun pribatuko korporazioentzat eta inteligentzia-agentzientzat informazio horrek balio handia du. Behin baino gehiagotan hacktibistek salatu dute “argazkilaritza demokratizatu ei duten biltegi horiek” palestinarren datuak saltzen zizkiotela Israelgo armadari. Bonbak jaurtitzean ondo asko zekien Tel-Avivek nori egiten zion tiro. Argazkiak igotzea Gazan beren hilobiratzea zela konturatu zirenerako ehundik gora kazetari hil zituzten.
Shutterstockek (eta beste stock agentziek) hiru gauza saltzen ditu: argazkiak, argazkilarien datuak eta erabiltzaileen profilak. Bat bakarrik ikus daiteke kontratuan.
Zure profila zure interes profesionalen erradiografia da. Zer gatazka dokumentatu dituzun esaten diote atzean, ezkutuan, zelatatzen ari denari. Kokapena. Maiztasuna. Zure datuak algoritmoak hobetzen dituen, mikro-segmentazioa ahalbidetzen duen eta inbertitzaileentzat balioa sortzen duen lubrifikatzailea dira. Ordainetan, 0.30 dolar argazki bakoitzeko.
Aipatu argazki-agentziek Modern Slavery Statement (Esklabotza garaikidearen inguruko aitortza) argitaratu behar dute Erresuma Batuan nahitaez, gaur egungo esklabotzaren aurka “borrokatzen ari direla” adierazteko. Halere, 1.000 langile baino gehiago ditu eta argazkilari “kualifikatuekin” lan egiten badute ere, enpresa horiek ez dute behin ere esaten zer nolako baldintza kaskarretan bidaltzen dituzten gatazka-argazkilariak etsaiaren lubakietara. Ironikoa da. Burtsan kotizatzen duen enpresa batek edukia erosten die argazkilariei ondoren salduko duen prezioaren %1aren truke, eta ofizialki argitaratu behar du ez duela esklabotza modernoa praktikatzen. Baina, edonola ere, gure egunkarietako argazkiak haienak dira.
Esklabotza modernoa da 0.30 dolar irabaztea 145 euroan saldutako argazki bakoitzeko? Legez ez. Argazkilaria “libre” da ezetz esateko. “Autonomoa” da. “Onartu” du horrela lan egitea. Beste biderik ez duela aipatu gabe.
Shutterstock-en lehiakide guztiek berdin jokatzen dute (Getty, Adobe, Alamy…). Agentzia independenteak desagertu egin dira eta hedabide tradizionalek bulk (argazkiak “kiloka” erosten dituztela ez onartzeko eufemismoa) bidez erosten dituzte argazki esanguratsuenak. Hedabide txiki eta independenteek (pantaila aurrean duzuen honako hau bezala) aspaldi egin zuten kritika eta hausnarketa. Irakurle eta ikusleak honetaz nola ohartarazi asmatu behar dugu.