argia.eus
INPRIMATU
2026ko irailaren 2a
Teknologia
Asmoen adierazpena

Bi lanetan gertatu zait: zuzendaritza arduradunen artean zurrumurruak entzutea, oso esperimentala zen lanpostu batean berria izateak erakundeari suposatzen zion presio ekonomikoaz. Langile baten ikasketa eta egokitze prozesua ekonomikoki amortizatzeko behar den denboraz ziharduten. Dugun gizartean, irabaziak sortzeko espektatiba gauzatu arte, galerak sortzen dituen aldagaiak baino ez gara, sortzen dugun kostuen muga noiz gaindituko dugun bizi dugu txikitatik, kontziente ez izan arren. Betiko kontua da, bizitzaren izaeran inprimatua. Garaiotan, kostua, denboran zein baliabideetan, handitu egin da, beraz, oso serio jarri gara denok, eta eraginkortasunaren gurpilean murgildu gara. Behar horretan AAren negozioa loratzen ari da, pertsonen gaitasunak areagotzeko promesa esku batean, eta, pertsonen gaitasunak ordezkatuz, enpresentzat kostuak murrizteko eta etekinak handitzeko promesa bestean.

Gero eta zailagoa da gozamen kognitiboari loturiko esplorazio, ikasketa eta esperimentaziora bideratzen diren pertsonak eta ekimenak aurkitzea, batez ere langile klasean bizi garenontzat. Langile klasekook plazer hori gutxi dastatu dugu, ezusteko aurkikuntza kognitiboarena alegia, gauzek izan behar duten moduetara egokitzeko, sistemaren eraginkortasuna baliatzeko, ez galtzeko. Eta, despistatu ez gaitezen, gure mugak, gure ezgaitasunak, gure ezjakintasuna... gainditzen “lagunduko” diguten teknologiak eta sistemak sortzen dira etengabe: zertarako ezer egin zure mugetatik abiatuta, munduko gaitasun guztiak erabilita egin badezakezu? Hala ere, bizitza erdigunean jarrita eta inori kalte ez egiteko modu kontzientean behar diren neurri guztiak hartuta, oporretatik asmo batekin bueltatu naiz: ditudan mugak onartuta eta baliatuta, emaitzak kaskarrak izan daitezkeela ulertuta, nire kabuz edo/eta beste batzuekin, kognitiboki, nire buruari esperimentatzeko plazera eskaintzen jarraituko dut.