argia.eus
INPRIMATU
2026ko irailaren 2a
Analisia
Duintasunaren orgatxoak

Karitatea ez da soluzioa; partxe hutsa da, goitik beherako eredu ekonomikoaren ihesbidea. Pertsonen oinarrizko beharrak estaltzea ezin da eskuzabaltasun indibidualaren menpekoa izan. Justizia soziala lortzeko, egiturazko neurriak eta tresnak behar ditugu.
Panorama, baina, oso bestelakoa da. Eta ez dugu zertan Ceutaraino joan arrazakeriaz, klasismoaz eta aporofobiaz ikaratzeko. Bilbo eta Donostiako alkateek ere izutzeko moduko titularrak utzi dizkigute udan, baita Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako sailburuak ere. Zaurgarritasuna eta desoreka sozialak larritzen ari diren bitartean, elkartasuna eta karitatea delitu bihurtu zaizkigu Donostian: beharra dutenei laguntze hutsagatik, orgatxodun herritarrak arriskutsu bihurtu dira.

Lehendakariak ere, justifikaezina justifikatu nahian, adierazpen borobilak egin ditu: ez ditu kritikatuko bihotzetik ari direnak, baina gosea modu ordenatuan kendu behar da. Bere ustetan, sistemak funtzionatzen du, eta sistemaren esku utzi behar da. Laburbilduz: ertzetakoak ertzetara kondenatu behar dira.

Arizmendiarrietaren humanismoa ere aipatu du: “zein garrantzitsua den inor alde batera ez uztea, guztiok bizitza osoan garatzeko aukerak izaten jarraitu dezagun”. Edo lehendakariak ulermenerako zailtasunak ditu, edota oso argi utzi nahi izan digu zeinek merezi dituen aukerak, zein sartzen den bere gu-an, eta zein ez.

Arizmendiarrietak zer egingo lukeen? Ba, ziur aski, Kaleko Afari Solidarioak ekimena indartzeko egiturazko tresnak bultzatu, bi helbururekin. Batetik, kalitatezko zerbitzu komunitarioa eskaintzen segi dezaten baliabide nahikoak bermatzea. Bestetik, autoeraketan eta komunitatearen eraikuntzan oinarritutako ekimen kolektibo hau sendotzeko estrategiak lantzea, gizartearen aktibazioa mantenduz.

Jon Insaustiren erosketa orgatxoan kabitzen ez diren politika humanistak.