HERRIA ETA LEIZEA

Zugarramurdi berez Nafarroako iparraldeko herririk ederrenetakoa da, etxe multzo bikaina eta lasaia, baina noski, bertaratzen den jende ia guztia erdigunetik 500 metrora dagoen leize misteriotsu-magikoa bisitatzera dator.

Une batez sorginkeriak albo batera utziz, lehenbizi esan beharrekoa zera da: "Infernuko Erreka" milioika urtetan zulatu duen tunel itxurako haitzulo hau Euskal Herrian dugun handiosoena dela.

Sarrera nagusia edo Akelarreen Lezea itzelezkoa da, harrigarria, eta beste aldekoa (Sorginen Lezea) txikiagoa bada ere sekulako ingurune batean kokatzen da. Tarteko galeria nagusia eta goi-alboetako galeria txikiagoak ere oso ikusgarriak dira.

Barneratzen garenean ez da batere zaila irudikatzea zergatik aukeratzen zuten zulo hau eta ondoko zelaia akelarreak eta bestelakoak burutzeko. Nonbait mundu magikoarekin lotura duten ekintzak inspiratu ditzakeen eta zeharo sorgindu zaitzakeen ingururen bat baldin badago, hauxe da. Zabalik: apiriletik irailera 9:00-21:00 ordutegiarekin; bestela, 10:00-19:00 etara. Sarrera helduentzat, 350 pzta.