Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafarroako Eki-ErdialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nafarroako Eki-Erdialdea Nabaskoze-Irunberri-Leire-Xabier-Zangoza-Uxue-Donamartiri-Untz-Erriberri
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi ZARRAKASTELU-UXUE-ERRIBERRI

ERDI AROKO GOTORLEKU-HERRIAK

Zangozako Turismo Bulegotik zuzenean eta zezen-plaza inguratuz Sos del Rey Catolicorako (“Zaragoza por Sos”) bidea hartuko dugu. Onsella ibaia gurutzatzean, aldiz, eskuinetara egingo dugu, Zarrakaztelura (Carcastillo).

Laborantza lurren artean doan bide estuago batetik barrena goaz, eta hortik aurrera Kasedarako seinaleak jarraituko ditugu. Hori azken bidegurutzetik 9 bat km-tara ikusiko dugu. Pare bat gehiago eta Kasedako zentroan sartuko gara. Hurrengo herriak bezalaxe, hau ere mendixka baten maldan gora eraikia dago, ibaiaren meandro batean, eta ondorioz, bere kaletxoak estuak eta irregularrak dira.

Kasedako zubi luze eta dotorea zeharkatu eta ezkerretara egin ondoren, pare bat km-tara urrunean Galipentzu ikusten hasiko gara. Gure helmuga herri zaharra da, beraz ez nahasi. Herri berria lehenago geratzen da. Galipentzu zaharra izateaz gain, izenak dioen moduan, herritxo lasai eta atsegina da, eta eliza ingurutik lautada zabalaren oso ikustaldi ederrak ditugu. Herrian besteen gainetik nabarmentzen den XII.-XV.eko San Salbador Parrokiak antzinako kripta erromanikoa gordetzen du bere barruan. San Pedro Parrokiak ere merezi du bisitatxo bat.

Errepide berari jarraituz, Tafallarako norabidean, han urrunean Gerindako Parke Eolikoa ikusiko dugu. Izan ere, lautada honetan haizea errege da. Gure hurrengo geldialdia, pare bat kilometrotara, Eslaba izan daiteke, edota bestela lauzpabost kilometrotara dugun Lerga. Biak ere lehorreko laborantzan (zerealak, mahastiak) eta ardo-ekoizpenean diharduten herri txiki nekazari lasaiak dira. Lergan gainera, I-II.eko hilarri erromatarrak daude.

Tafallarako bidea jarraituz Donamartiri-Untzeko (San Martin du Unx) sarrerara iritsiko gara, baina herrian sartu aurretik, ezker aldera egingo dugu, lehenbizi Uxue bisitatuko baitugu.

Gorantz doan errepide berri honen alboetan paisaia geroz eta lehorragoa dela konturako gara. Zenbait eremuk basamortu desolatuen itxura dute. 6,5. km-rako bidegurutze baten erdian Gurutzeria altu eta dotore bat aurkituko dugu. Hemendik Uxueren gaineko ikuspegirik ederrena jaso dezakegu. Herria bera Nafarroako haizetsuena omen da, eta bere kokapena ikusiz gero, ez da harritzekoa. Hori bai, haizetsua bezain ederra dela esan behar.

Itzuleran, orain bai, Donamartiri-Untzen (San Martin de Unx) sartuko gara. Zenbait eliza interesgarri, bazter tipikoak eta armarridun etxe franko dituen herri hau, jada desagerturik dagoen gaztelu baten inguruan antolatu zen. Donamartirin bertan Erriberrirako (Olite) bidea hartuko dugu ezkerretara.

Erriberrin sartu, bere itzelezko gaztelu-jauregia agertzen ikusi, eta berehala konturatuko zarete hiri hau Erregeen Egoitza izan zela. Zerbaitengatik esan zuen Kanpionek: “Erriberri ez ezagutzea Nafarroa ez ezagutzea da”. Bisitatzen baduzue ados egongo zarete.

Zer ikusi

ERRIBERRI

Historikoa eta monumentala, labore-lur eta mahastiz inguratutako hiri honetan Nafarroako mende askotako historia laburbildua dago. Nekazaritza eta ardo lur horien erdian bertako gaztelua altxatzen da, itzela eta handiosa, urrunetik ikusten den hiria bere mendean duela eta Nafarroako alde zahar aberatsenetako baten aurrerapena dela.

HISTORIA

1147. urtean Gartzia Ramirez Konpontzaileak Lizarrak zuen foruaren moduko bat eman zion, biztanle gehiago erakartzeko, eta hortik aurrera hiria azkar garatzen joan zen. Erdigunea zabaldu eta antzinako barruti erromatarraren hegoaldean beste gune bat eraiki zuten.

Hortik aurrera Nafarroako errege-erreginen hiririk gogokoena bihurtu zen. Errege asko gerturatu ziren bertara, eta ondorioz Errege Jauregia altxatu eta Erresumako Gorteen egoitza izan zen. 1407an Karlos III Nobleak hiria begiko egoitza izendatu ostean, merinalde berri baten buru bihurtu zuen. 1630etik aurrera hiri-gutuna dauka.

Independentzia Gudan, 1813an, Espoz y Mina jeneralak Gaztelua (Nafarroan daudenetatik agian monumenturik garrantzitsuena) suntsitzeko agindua eman zuen, frantziarrak bertan babestu ez zitezen, baina 1937tik aurrera, berreraikitzen hasi ziren.

GAZTELUAK ETA ANDRE MARIAREN ELIZA

Errege Gaztelu-Jauregi zoragarria zenbait garai ezberdinetan eraikitzearen ondorio da. Horrela, bi gaztelu ditugula esan genezake.

Teobaldos plazan, zatirik zaharrena edo Gaztelu Zaharra, gaur egun Turismo Ostatu bihurtua, antzinako barruti erromatarraren gotorlekua zen. Bisigodoek berriz altxatu zuten eta erdi aroan Nafarroako errege-erreginen egoitza izan zen. Aurrealdean Talaiako edo “Zikoinaren” dorrea, leihate gotikoak eta Berpizkundeko sarrera nagusia azpimarra ditzakegu.

Gaztelu Zahar honi atxikirik, Andre Mariaren eliza gotikoa dugu. XIII. mendekoa, bere aurrealde gotiko ederra nabarmentzen da, klaustro itxura duena. Ikonografikoki oso aberatsa da, eta apostoluen, erregina baten eta Birjina eta umearen estatuak azpimarratu behar ditugu. Tinpanoan Deikundea, Jaiotza, Errugabeen Heriotza, Egiptorako Ihesa, Tenpluko Aurkezpena eta Bataioa irudikatuak daude.

Barrualdean, Berpizkundeko erretaula nagusi oparoa eta Heriotza Oneko Kristoren tailu hispaniar-flandesa ikusi beharrekoak dira. Azkenik “Barruko Ingurapen”etik “Kanpoko”ra pasatuz (Teobaldos plazatik Karlos III. plazara), elizari atxikirik (bi gazteluen artean kokatua) Karlos III.ak eraikiarazi zuen Errege Jauregi gotiko ezin ederragoa dago.

Esandako moduan Nafarroako monumenturik garrantzitsuena eta ikusgarrienetakoa den hau, gainera, Nafarroako Jaialdien egoitza izaten da urtero.

Jauregiaren erdigunea Erregearen eta Erreginaren ganbarek eta Urrezko Galeriek osatzen dute, eta bere inguruan, Erreginaren Lorategia, Hiru Koroen Dorrea, Uharkaren Dorrea (erronda-bideak lotuak), Lau Haizeetako Dorrea eta Talaiako Dorrea eraiki ziren.

Gazteluaren bisita-ordutegia: egunero 10-14 eta 16-18 ordu bitartean, itxi baino ordu erdi lehenago arte. Sarrera helduentzat 300 pezetakoa da. Gazte, ume eta nagusientzat deskontuak egon ohi dira.

PLAZA ETA ALDE ERROMATARRA

Alde erromatarra eta erdi arokoa banatzen dituen Karlos III. plaza honen erdian lurrazpian erdi aroko bi galeria bisita ditzakegu, puntu erdiko eta ojibar arkuak dituztela. Bertan, alde erromatarraren hasieran, Txapitelaren edo Erlojuaren Dorrea dugu, arku-atari baten gainean kokatua. Hornikuntza-biltegi eta Kontseiluaren egoitza izan zen.

Bertatik sartuz, Teobaldos ondotik igaroko gara, San Francisco kalean zehar, eta handik gutxira dagoeneko eraikia behar duen Ardoaren Museoa topatuko dugu. Kale honen ezkerrean Rua de la Tenderia eta eskuinean Rua de la Juderia (gaztelu ondoan) ditugu, ibilera atsegina egitera gonbidatzen digutenak.

ERDI AROKO GUNEA

Hemen ibilbide bat eskaini beharrean gomendatzen duguna zera da, galtzea, ertz bakoitzean norabide finkorik gabe ezker-eskuinera jotzea. Izkina bakoitzean bitxikeria edo edertasun berri bat aurkituko dugu, erdi aroko Barruti hau ezustekoz beterik baitago: Berpizkundeko eta barroko estiloko jauregiak, armarri handiak, egur, adreilu edo harrizko hegal ederrak, etxe-aurrealdeak... Osotasun paregabea.

Batez ere, eta bereziki, errepara ezazue Rua Mayor kaleko jauregi eta xehetasunetan. Bi azpimarratzearren, kale hasierako Rada eta amaierako Feriako Markesen jauregiek bisita bat merezi dute.

Paseatzen ari zareten bitartean, lehentxeago edo geroxeago harresien ondoan dagoen (El Fosal izeneko zabalgunean) San Pedro eliza aurkituko duzue. Estilo erromanikoan hasia, bere klaustro eta atalde erromanikoek zuen arreta erakarriko dute; eta baita orratz itxurako dorre gotikoak edota erretaula nagusi barrokoaren margoek ere.

HARRESIEN INGURUAK

Hiri honek Nafarroako erromatar garaiko harresi-barrutirik osoena eta zainduena gorde du. Bertatik gotorlekuaren egitura eta zenbait dorre geratu dira. Erdi aroan harresi hauek zabaldu egin ziren, mendebaldeko hiru defentsa-dorreak, Txapitelaren Dorrea, bost atari-sarrerak eta kaleetako izenak gehituz.

Rua Mayor amaitu, harresietatik irten eta eskuinetara eginez, Santa Klara komentua dugu, eta hiriaren beste aldean barruti erromatarretik gertu, XVIII.eko San Francisco komentua, atalde gotikoa gordetzen duena.

Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
42 km.
388 m.
3.042
%5
83 km2
38 bizt./km2
Herriko jaiak (irailak 14)

 

 

 

 

UXUE

Kondairak dioenez, lurralde hau musulmanen eskuetan zegoela, Ama Birjina kobazulo batean ezkutaturik bizi zen, eta egun batean artzain bati agertu zitzaion, leku berean santutegi bat eraiki zutelarik. Herriaren izena kobazulotik sartu-irten zebilen usotik letorke.

815 metrora kokatua, izen bereko mendizerran, haizea da nagusi hemen, erdi aroko egituran ordenatutako etxeen artean aske eta hotz. Harrizko kale aldapatsu eta armarridun etxeetako herria eta inguruko mendi eta larre ederrak mendean hartuz, Andre Mariaren eliza-gotorlekua aurkitzen da.

XII.-XIV. mendeen artean jasoa, Karlos II. Gaiztoaren bihotza gordetzen da barruan. Eliza aurre-erromaniko baten gainean beste erromaniko bat eraiki zuten (XI.-XII.), baina bakarrik buruko hirukoitza. Gero, Karlos II.ak barneluzego gotiko zabala altxarazi eta eliza erronda-pasabide eta almenadun dorrez inguratu zuen. Hauetatik Lau Haizeetakoak eta Pikuenak iraun dute.

Andre Maria hau Nafarroako Erriberaren zaindaria da, eta antzinatik oso debozio handia gordetzen zaio. Nafarroako erromanikoaren irudirik antzinako eta ederrenetakoa da. Zabalik: egunero 8etatik 20etara bitartean.

DONAMARTIRI-UNTZ

Donamartiri-Untz herria (San Martin de Unx) antzinako Ferrate gazteluaren inguruan bildutako etxe multzoak osatzen du. Gazteluak ez du gaur arte iraun.

San Martin Toursekoa elizak, herriko parterik altuenean kokatua, estilo erromanikoan egindako nabe bakarra du. 1156an kontsakratua, XVI.ean nabe gotiko bat erantsi zitzaion, eta XVIII.ean hirugarren bat, gaur egun elizpe dena. Ataurreko kapitelak eta eskailera batetik jaisten den kripta erromanikoa azpimarratuko ditugu, hiru barneluzego dituena. Zabalik: astearte eta ostegunetan, 8.30 eta 19:30 orduetan; larunbatetan 19:30etan, eta jaiegunetan 11:30etan.

Argazkiak

Uxue

Galipentzu zaharra


Erriberriko gaztelua

Orrialde nagusiraNafarroako Eki-ErdialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403