ZANGOZA
Zangoza Aragoirekiko mugaren ondoan egoteak eta bereziki Santiago
Bidean atsedenleku garrantzitsu izateak merinaldeburu izateraino
(XIII. m.) garatzea ekarri zuten. Gaur ikus dezakeguna garrantzi
historiko horren ondarea da: tenplu erlijiotsu eta eraikin zibil
ederrez josita ageri zaigun erdi aro itxurako hiria.
IKUSTEKOAK
Zangozak, Iruñetik datorren bisitariari ongi etorria egiteko,
Aragoi ibaia, zeharkatu behar duen zubi metalikoa eta atzean dagoen
Santa Maria La Real eliza monumentala agertzen dizkio; hiriaren
edertasunaz ohartzen has dadin.
Eliza erromanikoa XII.-XIV. mende bitartean eraiki zuten, eta bere
elementurik ikusgarrienen artean dorre oktogonala eta barruko Rocamador-eko
Andre Mariaren irudi gotiko eta ekisaindu prozesional handia azpimarratuko
ditugu; baina batez ere, Erdi Aroko lanik zailenetakoa izandako
itzelezko ataldea (XII. m.), eta eskulturez gainezka dagoen harrizko
erretaula izugarria.
Kale Nagusiari jarraikiz, segituan Anues (XV.eko gotikoa) eta Iñigez
Abarka (XVII.eko Berpizkundea) jauregiak pasatuko ditugu; kalearen
beste aldean, arkupedun Udaletxea, eta laster, berriz ere eskuinaldean
eta bata bestearen aldamenean jarriak, Sebastianen jauregia (XV.eko
gotiko berantiarra, Enrique Labrit azken Bianako Printzearen jaiotetxea)
eta Paris Iñigez Abarkatarren jauregia (XVI.eko Berpizkundea).
Amaieran, Foruen Plazan Asisko San Frantziskoren Komentu gotikoa
ageri zaigu, 1266ko elizaren ostean eraikia. Barruan Klaustroa eta
Erdi Aroko hilarri diskoidal bilduma interesgarria ikus ditzakegu.
Lehengo bide beretik atzera itzuli eta segituan eskuinetara egiten
badugu, laster Bianako Printzearen Jauregi-Gaztelu luzearekin topo
egingo dugu, XII.-XIII. mendeetan Nafarroako Errege-Erreginen egoitza
izandakoa. Gaur egun, eraikin nagusia eta alboetako bi dorreak geratzen
dira.
Bide honek elizara itzuliko gaitu, eta oraingoan Kale Nagusiaren
eskuinalderantz zuzentzen den Alfontso Borrokalaria (geroago Enrique
Labrit bihurtuko zena) izena daraman kalea hartuko dugu, gainontzeko
monumentuak horren inguruan antolatzen baitira.
Horrela, Ongai-Vallesantoro Jauregi barrokoan (Turismo Bulegoa)
elementu kolonialak eta batik bat zurez landutako hegal ikusgarria
miretsiko ditugu. Aurrean Amadores kalea hasten da, Santiago eliza
erromaniko-gotikoraino eramango gaituena, bere almenadun dorre eta
atalde ikusgarriekin.
Borrokalariaren kaletik aurrera eginez, hurrengo plazatxoan XIII.eko
San Salvador eliza gotikoa ageri zaigu, eta hurrengo kale-ahoan
Iñigez Medrano jauregia (XVI. m.). Eskuinetara joanez berriz,
Karmengo Andre Mariaren Komentua. Gotikoa, XIV.eko klaustro polita
eta Eliz Dorreetako Erlojuen Museo bitxi bat gordetzen ditu barruan.
Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
|
Nafarroa
45 km.
404 m.
4.553
%4
70 km2
66 bizt./km2
Errege Eguna (urtarrilak 6)
San Sebastian Eguna (urtarrilak 20)
San Sebastian jaiak (irailak 11-17) |
LEIREKO MONASTERIOA
Izen bereko mendizerran eta Esako urtegian handioski goratuz, Leireko
San Salbador Monasterioa Nafarroako monumentu historiko-artistiko
garrantzitsuenetakoa dugu.
Jatorriz Behe Erdi Arokoa, (lehen berria 842. urtekoa da), bere
mailarik gorena XI.-XII. mendeetan lortu zuen Antso III. Nagusiak
berreraiki eta Erresuma Zaharreko erdigune izpirituala bihurtu zenean.
Nafarroako errege-erreginen mausoleoa ere bertan egoteak ospea handitzen
lagundu zion.
Monumentu erromaniko handios honetan (penintsulako iparraldeko
lehena) bereziki azpimarratu beharreko elementuak honakoak lirateke:
sarrerako hiru absideak, kripta harrigarria bere kapitel baxu eta
itzelekin (denak ezberdinak), XII.eko Porta Speciosa
atalde erromanikoa (aberastasun artistiko handiko eskultura-bilduma
zabala, tinpanoaren inguruan), eta eliza erromaniko-gotikoaren barrualdea
(Leireko Andre Mariaren eta San Salbadorren tailuak eta Nafarroako
errege-erreginen Panteoia ikus ditzakegu besteak beste).
Zabalik: astelehenetik larunbatera, 10:15-14 eta 15:30-19 ordu
bitartean; igandeetan, 10:15-14 eta 16-19 artean. Helduentzako sarrerak
225 pta balio du; umeentzakoak 50 pzta.
XABIERKO GAZTELUA
Aragoirekiko muga zaintzen duen mendixka batean, San Frantzisko
Xabier (1506) nafar zaindariaren jaiotetxe-gaztelua aurkituko dugu,
urtero martxoan egiten diren Xabierraldien helmuga.
Jatorriz XI. mendeko talaia soila, geroago dorre eta gune berriak
eraiki zituzten, eta 1952an berriztatua izan zen. Gazteluan jada,
barruko egongelak bisitatu ahala altxor bat baino gehiago topatzen
joango gara:
Ate eta harresien osteko Ate Nagusiaren armarria, Arma-Etxaldea,
Kristo Sainduaren Kapera (sainduaren heriotza-egunean odol-izerdia
isuri omen zuen tailuarekin), Omenaldi-Dorrea (Sainduaren Gela eta
San Migel Kapera), Kaperauen Gela (Gazteluaren historiarekin eta
erlijioarekin loturiko gauzak ikusgai), Gazteluko Terraza, Gela
Handia (sukalde-janleku-egongela), Pinakoteka erlijiotsua... Honi
atxikirik Basilika ere miretsi dezakegu. Zabalik: asteartetik igande
goizera, 9-13 eta 16-19 ordu bitartean. Sarreran gure borondatea
eman dezakegu.
|