Saratik Senpererantz, haren erdialdera iritsi
baino lehen, eskuinetara egingo dugu, urtero Herri Urrats jaialdi
handia burutzen den Senpereko Aintzira artifizialera hain zuzen.
Laku turistiko hau hainbat ur-jarduera egiteko prestatua egoteaz
gain, Landetatik ekarritako hondarraz egindako hondartza bat ere
badu.
Senpere herriaren erdialdean gaztelua, eliza eta
frontoia nabarmentzen dira. Hondakinak besterik geratzen ez diren
gaztelu horretan 1609an Pierre de Lancre Bordeleko Parlamentuko
Kontseilariak herriko dozenaka pertsona errearazi zituen, edonor
sorgintzat hartzen baitzuen. Ordudanik, Sorginen Dorrea
da. XVI.go elizaren zorua hilarriz beterik dago, eta erretaula barrokoa
du.
Senpere Baionarako bidean igaro ostean Uztaritzerantz
joko dugu. Erdibidean, Uztaritzeko Baso itxi eta ikusgarria zeharkatuko
dugu. 3 km. aurrerago, udalerrian dagoeneko, Kanborako bidea hartu
eta erdialderantz abiatuko gara, herri oso sakabanatua baita. Erdialderaino
beste 5 km dira. Uztaritze Lapurdiko hiriburu izan zen XII.etik
1790 arte. Hementxe osatzen ziren Biltzarrak eta bertako
pertsonaien artean Garat anaia iraultzaileak aipatu behar ditugu.
Lapurdiko estiloan egindako etxe kolonialak (Ameriketara joan zirenekoak)
eta jauretxeak garrantzi horren adibide dira.
Uztaritzetik Kanbora jarraituz, herriaren erdialdea
baino 1 km. lehenago, Arnaga Etxea dugu. Iparraldeko ohiko arkitekturan
oinarrituz, euskal estilo berria (Euskal Txaleta) sortu zen, eta
etxe hau lehen adibideetakoa dugu.
Cirano de Bergeracen egileak, Edmond
Rostand poetak, eraikiarazi zuen; uharka, lorategia, etxea bera,
museoa... dena oso zainduta eta ederki apainduta dago. Ordutegia:
10-12:30 eta 14:30-19. Otsail-martxoko asteburu arratsaldeetan.
Apirila eta iraila bitartean egunero. Urritik Santu Guztien eguna
arte ere bai, asteburuetan arratsaldez.
Kanbo erdi aroaz geroztik jada oso ezaguna da bere
ur beroengatik, eta horrek XIX.etik batez ere, pertsonaia garrantzitsu
askok bisitatzea eta pertsona ospetsuen turismo-gunea bihurtzea
ekarri dute. Lehenengoen artetik ospetsuena Bernard J. Apeztegi
(1881-1950) Kanboko Txikito pilotaria dugu.
Kanbo Garaian (gaur egungo erdialdea) Errobiren
gaineko San Lorenzo eliza bisitatu eta Rue de les Terrases-etik
ibilera panoramiko polita egin dezakegu. Errobi ibaia igaroz Kanbo
Behea nekazarien auzo atsegina dugu, edo bestela, ibaia gure ezkerrean
dugula zuzen segituz gero, Urberoen Auzora iritsiko gara.

|
UZTARITZE
Herri gogoangarri honek oso paper garrantzitsua bete du Lapurdiren
historian, hainbat mendetan zehar bere hiriburu izan baita. Horrela,
ingelesen dominazioaren hasieran, Lapurdiko nobleek altxamendua
antolatu zuten, baina porrota jaso zuten. Ondorioz, Lapurdiko Bizkondeak,
Rikardo Lehoi-Bihotzek Baionatik kanporatu ondoren,
Uztaritzeren inguruan hartu zuen babesleku, eta berau Lapurdiko
hiriburu izendatu zuen.
Horrela, Lapurdiko Biltzarra bertan bildu izan da 1790. urte arte,
gaur egun Herriko Etxea den eraikinean (plaka batek halaxe gogoratzen
digu).
Frantziako Iraultzan, eta baita geroago ere, zeresan ugari sortuko
zuten Garat anaiak ere uztariztarrak ziren. Dominique eta Dominique-Joseph
Estatu Orokorretan partaide izan ziren, eta bertan Euskal Departamendu
bat sortzea eskatu zuten (baita geroago Napoleon berari Euskal Herri
osoa batu eta Frantziaren menpean jartzea ere).
Bestalde, Erdi Aroan herriak garapena ezagutu bazuen ere (Baiona
eta barrualdeko bidea bertatik igarotzen zen), bertako askok Ameriketara
joan behar izan zuten, han aberastu ondoren hemen eraiki zituzten
eta guk sakabanaturik aurki ditzakegun kolonial estiloko etxeek
argi eta garbi erakusten duten moduan.
IKUSTEKOAK
Herria bera oso sakabanatua bizi bada ere, eraikin garrantzitsu
gehienak Hiribehera auzoan (erdigunekoa) eta zehazkiago Herriko
Etxearen inguruan topatuko ditugu. Horrela, honen aurreko zabalguneren
erdian, errez ikusiko dugu Turismo Bulegoa eta Euskal Kultur Erakundea
kokatuak dauden Lota Jauregi neobarrokoa, artistikoki dotore nabarmentzeaz
gain bere inguruan ez dagoelako besterik.
Bere aurrean eliza neogotikoa, eta beste aldean oso gertu, Uztaritzeko
eta Lapurdiko bizimodua markatu duen eraikina, antzinako Biltzar-Toki
eta gaur egungo Herriko Etxe ikusgarria. Bere aurrean Kale Nagusia
luzatzen da, alde batera eta bestera, baina bertatik ibiltzea gerorako
utziz, guk beste norabide bat hartuko dugu.
Herriko Etxea aurrean dugula, eskuinerantz joz lehenbiziko kale
paraleloa hartu (eskuinetara ere bai) eta segituan Lapurdi osoko
kalerik politenetakoan sartuko gara, bata bestearen ondoan agertuko
zaizkizuen etxe izugarriez.
Hauez gain, Uztaritzen bisita ditzakezuen beste eraikin eta monumentu
batzuk ere badaude, hala nola, hasierako zabalgunea eta errepidea
zeharkatuz, izen bereko bidean, Haitze Jauregia, XV-XVI. mendeetan
berriz eraikia.
Baionarako bidean berriz, Herauritz auzoan, Santa Katarina Kapera
dugu, eta plazaren beste aldean Hodienea Jauregia, XVIII. mendekoa
eta Erregearen kontseilari izandako Hodi sendiarena. Azkenik, herrian
zehar, Ameriketan aberastutako indianoek jaso zituzten hainbat etxe
kolonial aurki dezakezue, zenbaitek hango oroimenak dakarzkiguten
izenekin: Guadalupe, California...
Herrialdea:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak: |
Lapurdi
13 km.
9 m.
5.857
daturik ez
33 km2
175 bizt./km2
Inauteriak
Madalenak (uztaileko hirugarren igandea)
Lapurdiko Biltzarra (urriko lehen igandea) |

|