URRUÑA
Denbora luzean Lapurdiko eta, oro har, Ipar Euskal Herriko udalerririk
garrantzitsuenetakoa izandakoa dugu, baina denbora aurrera joan
ahala, gune esanguratsuenak banandu egin zaizkio, Hendaia adibidez.
XI. mendetik ezaguna, XVII. mendea arte Paris eta Madril arteko
biderik motzenean kokatua (Pariseraino 13 egun dilijentziaz), bere
kale-errepideak hainbat mendetan pasabide eta atsedenleku izan dira.
Bere garrantziaren beste bi adibide hurrengoak izan daitezke: Lapurdiko
lehen posta ofizialetako bat izatea, eta Lapurdiko armarria ere
Urruñakoaren berbera izatea.
IKUSTEKOAK
Nahiz eta udalerria berez nahikoa zabala izan, erdigunea Kale Nagusiak
zeharkatzen duen plazaren inguruan bildua dago. Lapurtar kutsu nabarmeneko
Plaza honetan arkupedun Herriko Etxea, frontoia, eliza eta baserri
moduko etxe tipikoak aurki ditzakegu. Banaka hartuta, bat ere ez
da gehiegi nabarmentzen besteen gainetik, baina orokorrean, Lapurdiko
beste herri askotan bezala, enparantza oso atsegina bihurtzen dute.
San Bizente eliza berez XI-XII. mendekoa da, baina XVI.ean Berpizkundeko
estiloan berreraiki zuten. Barruan XVIII.eko pulpitua azpimarratuko
dugu. Kanpoan, 45 metroko kanpandorrean esaldi esanguratsua irakur
daiteke: Vulnerat omnes, ultima necat (Denek dute kolpatzen,
azkenak du hiltzen).
SOKORRIKO BASELIZA
Izen bereko bidearen amaieran, 100 metroko altueran dagoen ermita
honetatik Landetarainoko kostaldea ikus daiteke, ikuspegi ederra
baitago bertatik.
XVI.ean Ama Birjinaren omenez eraikia, Frantziako Iraultzaren garaian
suntsitua, eta berriz ere 1813an berraltxatua, 1608 eta 1831ko izurriteetan
hildakoak gogoratzen dituen hilarri diskoidal bilduma oso interesgarria
ikusiko duzue jiran jarriak.
FLORENIA LORE-PARKEA
Behobia eta Urruña artean kokatua, 18 hektareatan zehar
barreiaturik mundu osoko milioi bat lore baino gehiago eta milaka
zuhaizka eta arbola ikusteko eta horiekin gozatzeko aukera izango
dugu. Parke osoa paseo atseginean (pare bat ordutan) bisitatzea
errazten diguten hainbat bidezidorrek ere laguntzen dute.
Zabalik: Otsailaren 5etik martxoaren 5era, 14-18 ordu bitartean.
Apirilaren 1etik urriaren 1era 10-19 ordu bitartean. Urrian 14-18
bitartean. Uztaila-abuztuan izan ezik, astelehenak itxita. Sarrerak:
helduek 36 libera; umeek 25 libera.
Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak: |
Lapurdi
26 km.
32 m.
7.171
daturik ez
51 km2
141 bizt./km2
San Bizente (iraileko lehen igandea) |

|