Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraLapurdiko kostaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Lapurdiko kostaldea Hendaia-Ziburu-Donibane Lohitzune-Miarritze-Angelu-Baiona
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi ZIBURU-DONIBANE LOHITZUNE-GETARIA-BIDARTE

KORTSARIO LAPURTARREN HABIA Beti ere ezkerraldean itsasoa dugula, Sokoa herritxo arrantzalera iritsi eta segituan Ziburun sartuko gara, betidanik Donibane Lohitzunerekin lehian ibili den herria, Maurice Ravel konpositorearen jaioterri ere badena.

De Gaulle zubia igaro eta Donibane Lohitzunen sartuko gara. Kostalde honetako herririk polit eta girotuenetako bat da, erdi-arrantzale erdi-turistikoa. Erdialdean Louis XIV. plaza dugu, eta Republique eta Gambetta kale tipikoetatik barrena nahiz itsasoari begira hondartzan zehar, baita itsasargitik Santa Barbara natur guneraino ere, ibilera oso atseginak egin daitezke.

Donibane zeharkatu ostean, 3 km-tara, ezkerreko aldean Erromardie hondartza dugu. N 10 errepideari jarraituz, Donibane Lohitzunetik 6 km-tara Getaria topatuko dugu, eta ezkerretara egingo dugu herri sakabanatu honen erdigunean sartzeko.

Herriko Etxearen Enparantza, pilotalekua eta eliza, Lapurdiko tipikoak dira, eta euskal txaletekin batera, multzo polita osatzen dute.

Hiru hondartza ditu segidan: Cenitz, Harotz Costa eta Parlementia. Lehen bien artean portua dago. Hondartzen gainean, bista politak ditugu begiratoki batetik, baita farotik ere. Saraleginea Museoan margo, eskultura eta arkeologi aztarnak ere ikusgai ditugu. Ordutegia: egunero (astearteetan izan ezik) 14:30-18:30, maiatzetik urrira. Sarrera: 10 libera.

N-10 errepidea berriz hartuz, 2 km-tara Bidarteko sarrera dugu ezkerreko aldean. Zuzen eta gorantz eginez, herri nekazari honen erdialde txikiraino ailegatuko gara. Herriko plazak Lapurdiko enparantzen xarma gordetzen du, Herriko Etxe, frontoi, eliza eta hilerriak osotasun benetan atsegina eratzen dutelarik. Plazatik bertatik irteten den Rue de la Madaleine kaleari jarraituz, St. Madalena Kaperara iritsiko gara, labarren gainean. Hemendik, bistak ederrak dira, eta ilunabarrak zoragarriak.

Bere hondartzak basati eta garbienetakoak dira: Parlementia (surferako egokia), Ouhabia (zikinagoa eta erabiliagoa), Erdialdekoa, Erretegia (kala basatia), Pavillon Royal eta Ilbarritz, jada ia Miarritzen.

Zer ikusi

DONIBANE LOHITZUNE

Urdazuri ibaiaren bokaleko lur-mutur batean kokaturik, Sokoa eta Zibururekin badia bat osatzen duen herri hau Lapurdi kostaldeko herririk koloretsu, animatu eta politenetakoa da, eta horrenbestez turistikoenetakoa ere bai.

HISTORIAN ATZERA JOZ

Donibane Lohitzune, erdi aroan Santiago Bidea egiten zuten erromesen ospitale izan zen, eta hortik hasita, geroz eta garrantzi gehiago hartu zuen. XV. mendeaz geroztik, aldiz, Ternuako bakailaoarentzako portu garrantzitsu bihurtu zen. Izan ere, lehenbizi balearen edo bakailaoaren arrantzan aritzeagatik, eta gero kortsarioen jatorri izateagatik, Donibane Lohitzuneren historia beti itsasoarekin lotua egon da.

Itsas merkataritzaren garaian, Haraneder, Xiban eta Hetchepare kortsario ospetsuek “sugegorri-habia” bihurtu zuten kostalde hau, Lapurdi gehiena beren eskuetan zuten ingelesen hitzetan. Nafarren eta espainiarren erasoak jasan behar izan zituen, eta azken horiek 1558an eragindako sutetik Ezkerraenea etxea bakarrik salbatu ahal izan zen.

XVII.ean bere oparotasun garairik onena etorriko da, eta 1660an, hiria betiko markatu zuen gertakizun bat burutu zen: Louis XIV. (“Eguzki-Erregea” izango zena) eta Maria Teresa de Austria infanta espainiarraren arteko ezkontza.
Bestalde, itsasoak ere hainbat ezbehar ekarriko dizkio, olatuen erasoek hiriaren erdia baino gehiago suntsitu baitzuten. Azkenean, XVIII.ean egindako lanei esker sostengatu ahal izan zituzten bertako etxeak.

IKUSTEKOAK

Hiriaren bisitaldia hasteko lekurik onena Turismo Bulegoa da, Ziburutik gatozela ezkerretara. Honen alboan arrantza-portua dugu, eta atzean Ziburu, osotasun paregabean.

Kale bat harantzago Louis XIV. Enparantza animatua dago, erdian kiosko ikusgarria duela. Bertako Mokoenia Jauregian ostatu hartu zuen Frantziako errege izango zenak, ezkontze garaian, eta hortik datorkio izena plazari. Udan goiz eta arratsaldez bisita daiteke, igande goizetan izan ezik (helduen sarrera 25 libera). Alboan 1635.eko Herriko Etxea dugu. Iraultza garaian etxarte hori gillotinaren “egoitza” izan zen.

Plazaren eskuinaldean oinezkoentzako Rue Gambetta abiatzen da, giro handikoa eta dendaz betea. Oroigarriren bat erosteko leku egokia duzue. Karrikaren erdialdean gutxi gorabehera, Saint Jean Baptiste Eliza dugu, lehenbizi erromanikoa eta gero gotikoa. 1649an handitu egin zuten. Barrualdea ederra da, eta besteak beste, gizonezkoentzako galeriak, organoa, erretaula barrokoa eta egur landuzko sabaia nabarmentzen dira.

Bertan egin zuten ezkontza ospetsu hura, eta ohartzen bazarete, sarrera nagusiaren eskuinaldean ezkontza burutzeko erabili zen atea adreiluz estalita dago. Sakristian Erregeak utzitako oroigarriak daude.

Gambettarekiko perpendikularrean edo paraleloan, beste kale tipiko eta animatu batzuk ere aurkituko ditugu: Garat, Etchegaray, Rue du Midi... Louis XIV.aren Plazara itzuliz, esaterako, eskuineko aldean Rue de la République txikia dugu, eta bertako jatetxeen artean 17.ean lehen aipatutako Ezkerraenea Etxea dugu, 1558ko sutean salbatu zen bakarra.

Puntu honetan zera proposatzen dizuegu, plaza zeharkatu eta abiapuntu izan dugun Portua Infantaren Kaitik inguratzen hastea. Bertan Haraneder edo Joanoenia Etxea dugu, “Infantaren Etxea”, ezkondu aurretik Maria Teresak bertan ostatu hartu zuelako.

Eraikinaren atzealdean, Mazarin kalean, Grevin Museoa dugu, Donibaneko hainbat pertsonaia eta gertakari aurkezten dizkigun Argizari-Museoa (errege-erreginen arteko ezkontza ere bai noski). Zabalik: apiriletik urrira, 10-12 eta 14-18:30 ordu bitartean (uztaila eta abuztuan 14-20). Asteburuetan eta eskolako opor garaian, 14etatik 18etara. Urtean zehar, erreserbatuz gero bakarrik (taldeek). Sarrera: Helduek 35 libera, umeek 17´5.

Kalearen 2.ean Granga Baïta Etxea aurkituko dugu, hots, Wellington Jeneralak kuartel nagusia kokatu zueneko etxea. Kaleak XVII.-XVIII.eko beste eraikin interesgarri batzuk ere baditu.

Kaira itzuliz, handik gutxira Itsasargira iritsiko gara, badia osoa eta Sokoako Gotorlekua lasai behatzeko toki aproposa. Hemen hondartza luze bezain ederra hasten da, baita honen atzeko dike bitxia ere. Ez da oso ohikoa horrelakorik ikustea hondartza batean, baina horri esker, Donibane Lohitzunek askoz hobeto jasan ahal izan ditu itsasoaren erasoak. Errepara ezazue lehenbiziko etxeetara iristeko dauden aparteko zubi pasa-bideetan.

Dikearen gaineko ibilera atseginean zehar hondartzaren erdialdean dagoen Kasinoraino iritsiko gara. 1928an arts deco nouveau estilo abangoardistan egina, hondartzan trabatutako itsasontzia bailitzan pentsatua dago. Hondartzaren azkeneraino jarraituz, Santa Barbara Muturreraino eta natur gune ederreraino iritsiko gara.

Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Lapurdi
23 km.
6 m.
13.632
daturik ez
19 km2
703 bizt./km2
Maskaradak (Ihauteriak)
San Juan (ekainak 24)

 

 

 



SOKOA

Arrantzan diharduen herrixka honen interesgunerik handiena bertako gotorlekua da. Enrike IV.aren aginduz eraikia, espainiarren erasoei aurre egin eta Donibaneko Badia babesteko pentsatua dago. Bestetik, bere inguruan eta herritxoan zehar ibilaldi polita egin daiteke.

ZIBURU

Ziburu Urruñatik XVII.ean independizatu zenetik, Donibane Lohitzunerekin lotu nahi izan du (ondoan daude), baina ez du inoiz lortu. Izan ere, Ziburu eta Donibane betidanik lehian ibili dira. Ziburu maila kaskarragoko herritzat zeukaten, eta Donibaneko baztertuen babesleku bihurtu zen.

Arrantzan jardun zuen, eta portua eta itsas garraioa zela medio Donibane Lohitzunerekin izandako lehiak “konpontzeko”, Lancre eta Espaignet-en aginduz 500dik gora pertsona erre zituzten, sorginkeriaren salaketa edo aitzakiapean.

Bi herriak lotzen dituen zubiaren ondoan Erretiratuen Komentua dugu, dotrinan, mezan eta kantuetan euskara erabili zuten lehenetakoa. Ondoan Ravel Kaia dugu, izan ere, 12. zenbakian Maurice Ravel konpositore ospetsuaren jaiotetxea dago. Bere etxea Flandes estiloko bakarra da, Lapurdiko etxe koloretsuen artean.

Atzeko kalean XVI.-XVIII. mendeko Saint Vincent eliza dugu, bere pagoda itxurako kanpandorre eta barrualde politarekin. Azkenik, merezi du inguruko kaletxo tipiko eta irregularretan barrena ibiltzea, inskripzioak jasotzen dituzten ateburuetan erreparatuz.

Argazkiak


Ziburu Donibane Lohitzunetik

Orrialde nagusiraLapurdiko kostaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403