Ibilbidearen 34,5. km-an Esprontzeda zeharkatuko
dugu, eta handik lasterrera, Desoio. Biak ere lehorreko laborantzan
diharduten herrixkak ditugu. Azken herritik zuzen-zuzenean, bertatik
6,5 km-tara, Dorreaga (Torres del Rio) agertuko zaigu aurre-aurrean,
Logroñorako bidean. Beste km bat eginez gero, eliz aurreraino
iritsiko gara.
Hilobi Sainduaren Eliza (XII. m.) oktogonala eta
nafar erromanikoaren adibiderik garrantzitsuenetakoa da, eragin
islamiarra erakusten duten hainbat elementu dituela, hala nola,
kapitelen apaingarriak edota nerbaduradun kupula. Orain, kilometro
pare batez atzera eginez, Urantziarantz (Los Arcos) abiatuko gara,
tartean Santzol (Burdin Aroko aztarnak) herritxotik pasatuz.
50. km-aren inguruan zenbait bidegurutzetan sigi-saga
egin ostean (erne ibili!), Urantzia (Los Arcos) topatuko dugu gure
aurrean, Ptolomeok aipatutako Curnonium gune erromatarraren
gainean erdi aroan sortutako herria.
Alde Zahar osoak bisitatzea merezi badu ere, batez
ere XII.-XVIII. mende bitartean hainbat estiloren arabera eginiko
Santa Maria eliza (ataurre platereskoa, klaustro ojibala, Andre
Mari Beltzaren tailua, apaingarri barrokoak eta dorre ikusgarria)
azpimarratu behar dugu. Gainera, San Blas ermitaren abside erromanikoa,
erdi aroko Gaztelako Atea, bere aurreko harlanduzko Zubi Zaharra
eta hainbat jauregi ere azpimarratzekoak dira.
SAN GREGORIO ESKULTURA NATURALAK
Eliza eta Zubi Zaharraren arteko errepidetik, Acedorantz
abiatuko gara. Kilometro batzuk egin ondoren, han urrunean monolitorik
ikusgarriena eta bertatik hurbil dagoen eliza ikusiko ditugu. Gure
zain dauden Bailarako jaunak dirudite.
Urantziatik 5 km-tara Muez herria zeharkatuko dugu,
monolitorik handienaren pean bizi den herri txikia. Hemendik bertaraino
doan bidea oso aldapatsua da. Herritxo honen ostean, errepidearen
eskuinaldean bestelako monolitoak ere agertzen ikusiko ditugu, geroago
etorriko denaren iragarpen modura.
Muezetik bi km-tara eskuinerantz Sorladarantz abiatuko
gara, eta 2,5 km egin ondoren ailegatuko gara bertara. San Gregorio
mendiaren beste aldean gaude. Herrian sartu aurretik eskuineko aldetik
errepidetxo bat abiatzen da, San Gregorio txarto seinalatzen
duena. Herriaren goiko partetik, iragarkia dagoen lekutik 50 metrotara,
lehenik ezkerretara jo. eta gero beti zuzen. 300 metrotara dugun
bidegurutzean eskuinetarantz egingo dugu, San Gregorio Ostiense
tenplu barroko eder bezain ezezaguneraino. Basilikatik irten eta
100 metrotara ezkerreko aldean, berriz, bidexka bat abiatzen da,
San Gregorioko Monolito itzeletik hurbil dagoen zelai bateraino.
|
SAN
GREGORIO OSTIENSE
Nafarroako Biana aldean, Muez eta Soroslada herritxoen artean goititzen
den mendixkaren gainean, leku nahiko ezkutatu eta ezezagun batean,
basilika ederra eta monumentu natural are ederrago batzuk altxatzen
dira. Horrela, bi herriak menderatzen dituen mendian galdurik,
euskal herritar askorentzat erabat ezezagun, bisitatzea biziki gomendatzen
dugun San Gregorio izeneko osotasun arkitektoniko-natural hau dago
kokatua.
SAN GREGORIOREN BASILIKA
Soroslada (Sorlada) herritik gora eginez, hauxe da bien artean
aurkituko dugun lehenbiziko interesgunea (bertara iristeko, ikus
ibilbidea). Arratsalde polita pasatzeko oso egokia den atsedenleku-askaldegi
baten ondoan kokatua dago, eta bertatik inguruko bista politak ikusteko
aukera ere izango dugu.
Iritsi eta berehala, oso apainduta ikusiko duzuen aurrealdeak harritu
egingo zaituzte, ikusten ari zaretena mendiko baseliza arrunta baino
gehiago, herri garrantzitsu bati dagokion tenplu handia baita. Horrela,
barrualderantz sartua ageri zaizuen sarrera nagusia apaingarriz
beterik aurkituko duzue: estatuek, alboetako espiral itxurako zutabeek,
kapitel landuek, atearen gaineko armarri handiak, ondo landutako
hormek... azken finean, elementu guztien aberastasun horrek, eliza
non kokatzen den kontutan izanda, batasun harrigarria osatzen dute.
Gainera, bere aurrean abiatzen den harrizko baldosa-bide horretako
zirrituen artetik sortzen diren belar-izpiek nolabaiteko basa kutsua
ematen diote.
SAN GEGORIOREN MONOLITOAK
Monolito harrigarri hauek muino honetan zehar barreiaturik daude,
lurraren mailatik nabarmen gailenduz. Ikusgarriena, eta zeharo txundituta
uzten gaituena, basilikatik kilometro batera dago (ikus ibilbidea),
aparkalekutik abiatzen den bidezidorra hartu eta handik 100 metrotara
(aparkalekutik bertatik ere ikusten da).
Monolito izugarri hau Muez herriari eta inguruko bailara osoari
begira dago, muinoko erregea bailitzan, eta guri, Rapa Nui edo Bazko
Irlako aurpegi itxurako estatua erraldoi eta misteriotsu haietako
bat gogorazten digu, nahiz eta kasu honetan giza-itxurarik ez duen.
Gainera, argiaren arabera tonu gorrixkatik urdinxkara aldatzen
den harritzar hau naturak sortua dela jakin arren, aspaldi gizakiak
sei-zazpi arroka hartu eta bata bestaren gainean jarri zituela pentsatzeko
susmoa ere sortzen digu, behatzen duguna hain harrigarria baita.
Horrela, 20 bat metroko garaiera duen eta beste txikiago baten
alboan kokatua dagoen haitz handi honek, arroka naturala baino gehiago
gizakiak sorturiko estatua traketsa dirudi, inoiz amaitu gabeko
estatua erraldoi baten hasiera.

|