Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraIratiko OihanaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Iratiko Oihana Donibane Garazi-Ezterenzubi-Iratiko txaletak-Otsagi-Auritz-Eaurta-Orbaitzeta
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi LARRAÑE

ORI MENDIA, IRATIKO TALAIA ETA LEHEN 2.000 METROKOA

Surzaitik 6 km-tara dugun bidegurutzean ezkerretara hartu, Iratiko Etxolarantz (Plateau des Lacs). Handik 500 metrotara eskuinera egingo dugu, Larrañerantz. Iratiko Etxola bailara polita dugu, txiki eta lasaia, eguna pasatzeko leku aproposa.

Hemendik aurrera, eta Larrañera iritsi bitartean, aurreko ibilbidean (Zuberoako Haizpitarteak) ere egin dugun bide bera egingo dugu (alderantziz). Beraz, oraingo honetan, lekuak aipatu besterik ez ditugu egingo, zehaztasun gehiagorako aipatutako ibilbide hori ikus dezakezuelako.

Horrenbestez, azken bidegurutzetik 6,5 km-tan gorantz egin ostean, Iratiko Txaletetara iritsiko gara, eta pixka bat geroago Organbidexkako Lepora, bere bista ederrez gozatzera. Hemendik aurrera bide aldapatsuak beherantz eramango gaitu, eta Larrañetik hurbil gaudenean, aldiz, gorantz. Tartean mendi-soilguneetako ikustaldi zoragarriez gozatzeko aukera izan dugu.

Iratiko Txaletetatik 12,5 km-tara Larrañe koloretsua topatuko dugu, eta herrian bertan, 180ºko bira eginez, izen bereko mendatea igotzen hasiko gara. 500 metro inguru igo eta gero, Larrañeko herria eta aurrean duen mendi bitxi eta ikusgarria inoiz baino distiratsuago agertuko zaizkigu, azkenaldian herrian egin dituzten lanak direla-eta (etxaurreak koloreztatu, esaterako). Errepide estuak, bien bitartean, bere igoera gogorra egiten segituko du, pagadi sarrian barrena.

Errepide gogor hau Ori mendiaren maldan gora doanez, erraza da noizbehinka ikustaldi politak izan behar dituela pentsatzea, eta egia esan, halakoak dira, ederrak. Larrañetik 6 km-tara Ori pare-parean izango dugu, dotore, eta kilometro bat aurrerago, Erroimendi Mendatetik pasatuko gara. Hemendik so eginez, ezkerrean Hiru Erregeen Mahaia eta Pirinio inguruko mendiak agertuko zaizkigu, ikusgarriki. Oro har, Ori eta Oritxipiaren magalean burutuko dugun mendatearen azken zatia guztiz zoragarria da.

Azkenik, beste 5 km izugarri egin ostean, ibilbidearen 92.ean mendate-gaina harrapatu eta Nafarroan sartuko gara, eta 500 m aurrerago, mendateko tunela igaroko dugu. Tunela igaro eta berehala aparkatu egingo dugu, hemendik igoko baitugu Ori mendi-talaia ikaragarria.

Zer ikusi

ORI MENDIA

Ori, Pirinioetako 2.000 metrotik gorako lehenbiziko tontorra izateaz gain (2.017 metro alegia), Iratiko mendien artean Erregea da. Herri-sinismenaren arabera, bertan Mari bizi da, euskal mitologiako jainkosa nagusia, eta bertako basoetan Basajaun mitikoak ere gordeleku aurkitu zuen. Zuberoako esaera zahar batek ere dioen moduan, “Orhiko txoria, Orhin laket”.

Izan ere, mendi eder honetako gailurrera ailegatzen denak zoriontasuna besterik ezin du sentitu, hain miragarriak baitira mendia bera zein gailurretik ikusgai eta gozagai dugun ikuskizuna. Inguruko jendeak hainbeste miresten eta maitatzen duen mendi honek imajina dezakegun ikustaldirik zoragarrienetakoa eskaintzen digu:

Hegoalde zein mendebalderantz begiratuz, Iratiko tapiz orlegi-more zabala agertuko zaigu, iparraldean Xiberoako paisaia idilikoa, eta ekialderantz, berriz, Pirinio hurbilaren ikuspegirik ederrenetakoa (Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Atxerito...).

OINEZKO IBILBIDEA

Gailurreraino iristeko erarik errazena Nafarroa eta Zuberoa lotzen dituen Larrañeko Portutik abiatzen dena dugu (ikus ibilbidea), hain zuzen ere portu gaineko tuneletik. Oinezko bidea tunelaren alboan hasten da, Zuberoatik gatozela tunela pasatu eta berehala ezkerretara.

Bidezidor hau tunelaren gainetik igarotzen da, eta laster mendi-gailurreria harrapatzen du. Hemendik aurrera, gailurreria baino metro batzuk beheragotik jarraitzen du bideak (horrela Oritxipia gailurra saihestuko dugu), hegoaldeko aldetik.

Jarraitzeko oso erraza eta garbia da, 10 metro inguruko harrizko zati aldapatsu bat kenduta. Hasieran gogorra suerta liteke, baina gero askoz errazagoa bihurtzen da. Bideak, azkenik, Oriko gailurrari bira eman eta azken igoerari mendebaldetik ekiten dio, gailur zoragarri honetaraino iritsiz. Guztira, pare bat orduko esfortzua, benetan merezi duena.

Argazkiak


Iratiko tontorrak Ori gainetik

Orrialde nagusiraIratiko OihanaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403