ONDARROA
Euskal Kostaldeko beste herri askori bezala, Ondarroari arrantzale-kutsu
nabarmena dario; frogatzeko portutik paseatzen den bitartean arrainaren
usaina nabaritzea besterik ez dago.
Bizkaiko azken izkinan kokatzen den herri honek, Artibai ibaiak
itsasoratu aurretik egiten duen azken meandroaren barrualdea betetzen
du.
HISTORIA APUR BAT
Ondarroa Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak 1327an fundatu zuen.
Herri hau betidanik itsasoak eman dionetik bizi izan da, merkataritzak,
ontzien eraikuntzak... eta batez ere, arrantzak eman dionetik, alegia.
1794an, Konbentzio Gerraren erdian, frantziarrek Ondarroan sartu,
elizan lapurtu eta herriari su eman zioten, 100dik gora etxe harrapatuz.
IKUSTEKOAK
Aipatutako meandroaren eta atzean duen mendiaren pean barreiatuz,
Ondarroako kale eta etxeek "v" moduko bat osatzen dutela esan genezake,
horren puntan herriko erdigunea eta bere eraikinik bereizgarriena
kokatuz: Santa Maria Eliza. Haitzaren gainean gotiko estiloan eraikia
(1480 inguruan), XVIII. eta XIX. mendeetan zenbait erreforma ezagutu
zuen, eta gaur arte aipatu beharreko hainbat bitxikeria iritsi zaigu.
Adibidez, "upelategi" izena ematen dieten arkupe handien gaineko
aterrazamendu sistema berezia du, beren azpian itsasuntziak babestuz.
Gorantz begiratzen baduzue harrituko zaituzten beste hainbat detaile
ikusiko duzue, esaterako gailurreria, animalia itxurako gargolak
eta batez ere "mamuak", balkoi batetik begira daudela dirudien estatua-galeria,
Erdi Aroko gorte bat irudikatzen duena. Eliza honetatik jatorrizko
lau kale paraleloak ateratzen dira eta, nahiz eta 1794ko sutearen
ondorioz aintzinako etxe gutxi geratu, "alde zahar" honek bere kale
estu eta maldatsuen arteko paseotxo bat eskatzen du.
Gorde diren eraikinen artean 1500. urtean eraiki eta geroago erreformatutako
Likona Dorretxea aipa dezakegu, lur-eremuari egokitzeko bere fatxaden
artean desberdintasun nabarmena erakusten duena. Interes artistikoaz
gain, bertan Loiolako San Inazioren ama jaio zen.
Alde zahar honen ikuspegi on bat nahi baduzue, Elizatik Agirretar
Txomin kalea gorantz hartuz zuzenean herria menperatzen duen Antiguako
Andra Mari ermitara iritsiko zarete. XII.ean lehenbizi eraikia eta
berriz 1750ean, Ama Birjinaren irudi ederra erakutsiko dizue. Bidean
San Joan eta Santa Clara ermiten ondotik pasako zarete.
Elizan berriz ere, ibaira begira, gure eskuinean laster, Ondarroako
postala den Zubi Zaharra harrapatuko dugu, aintzinako egurrezko
zubia ordezkatu izan duena.
Zubietaz ari bagara, ezin dugu ahaztu beste aldean dugun Burdinazko
edo "Perrotxiko" Zubia. Oinezkoentzako egina, orain dela zenbait
urterarte pasatzeagatik ordaindu behar izaten zen (hortixek datorkio
ezizena).
Esandako moduan, urte asko ez direla, zubi hau alde bateko pasealeku
arbolatsu ederra eta beste aldeko hondartza lotzen zituen bide nagusia
zen, baina gaur egun protagonismoa beste batek hartu dio.
Horrela, pixka bat aurrerago dagoen Santiago Calatrava ospetsuaren
zubi modernoak herri honen itxura aldatu duela esan genezake. Izugarrizko
zubi zuri honek Ondarroako etxeak ebakirik baileuden erakusten dizkigu,
arku bakarrari eusten dioten zutoinen arteko espazioen artean ikusiz.
Etxe zaharren eta zubi modernoaren arteko kontrastea oso ikusgarria
da; era berean , batak bestea osatzen duela dirudi.
Horrenbestez, zubi honen alde batean portu animatua geratzen zaigu
eta edozein unetan jardunean ikusiko dugu jendea. Zubiaren bestaldean,
Arrigorri hondartza laua, hondartsua eta olatuen aldetik gure kostaldeko
lasaienetakoa. Hori bai, ontzien joan-etorria uneoro ikusiko duzue.
Hondartza honetatik oinez Gipuzkoako lehen hondartza den Saturraranera
abia zaitezkete, itsasgaineko ibilera labur eta ederrean.
Ondarroatik alde egin aurretik ordea, herriko Udalak errekuperatu
berri duen museoaz hitz bi egingo ditugu. Museoa Santa Klara Kofradia
Zaharrean dago kokatuta eta eraikin enblematiko honetan kondaira,
ohiturak, arrantza, txalupa motak eta herriko pertsonaiak bildu
ditu. Historiaren atzera-begirakoaz gozatzeko puntako teknologia
erabili dute; soinua, usaina, itsasoko zaratak eta Ondarroako hitz
bereziak elkartuz.
Herrialdea:
Bilbora:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak: |
Bizkaia
59 km.
8 m.
10.115
%83
9 km2
1.124 bizt./km2
Andra Mari (Abuztuak 15)
Arrantzale eguna (Abuztuak 17) |

|