Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraUrdaibai erreserbaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Urdaibai erreserba Mundaka-Busturia-Gernika-Santimamiñe-Elantxobe
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Informazioa Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi MUNDAKA-BUSTURIA

MUNDAKAKO "ITSASEDERRA" Mendebaldeko kostaldetik Urdaibaiko Erreserbari sarrera eman eta bere barnean kokaturik dagoen lehenbiziko gune garrantzitsua Bermeo dugu, eta horregatik, Uribealdeko ibilbidearen bukaera izan arren (hantxe azaldu dugu zehazkiago), honako honi ere hasiera emateko egokiena ere bada. Hain zuzen ere, arrantza-portuan eta bere inguruko etxe tipikoetan zehar itzulinguruka ibili ostean, Kasinoa har genezake abiapuntutzat, errepidearen ondoan.

Herritik irten eta berehala (1,5 km.), ezkerreko aldean, hemendik aurrera ugariak izango diren begiratoki ederren artean lehena izango dugu, hau da, Lamera Puntako Begiratokia. Honek, Bermeo herria, Izaro uhartea, Mundakako itsasadarra, honen osteko Ogoño muturra... elementu polit askok sortutako osotasun ederra behatzeko aukera emango digu, ibilbide honetan behin baino gehiagotan gertatuko zaigun moduan.
Segituan ezkerretara egiten badugu, Mundaka herri labirintiko-atseginean sartuko gara, eta zeharkatzen badugu, surf-paradisua den itsas-ibai izugarrira ailegatuko gara. Gernikarako errepidea hartu aurretik, herriaren amaieran bertako hondartzatxo politaren ondotik (hemen dena baita polita) pasatuko gara.

Errepidean jada, 1 km-tara Portuondo begiratoki itzela dugu, Laida hondartzan itsasoaren gorabehera ikusgarriak behatzeko ezin egokiagoa. Zuzen-zuzen jarraituz, berehala Sukarrietan sartuko gara. Herri polit honetan (nola ez, ba, inguru honetan kokatua badago) San Andres eta Legendikako Andre Mariaren parrokiez gain, bertako tokirik erakargarriena Txatxarramendi Uhartea da, Ikerketa Ozeanografikoetarako Institutuaren egoitza idilikoa.

Aipatutako Txatxarramendi Irlara zubitxo batetik irits gaitezke, Busturia herri nekazariko Axpe auzoan sartu eta ezkerretara. Zubia amaitu eta ezkerretara abiatzen den oinezko bidexkari jarraituz, irlatxoaren beste aldean dagoen begiratoki ederreraino ailegatuko zarete. Busturia zeharkatzen dugun bitartean (bista politez gain, Madariaga dorrea, Urzelai Jauregia eta Andre Mariaren Parrokia gotikoa), tarteka ur-bazterrera hurbiltzen diren hainbat bidexka abiatzen ikusiko duzue. Edozein hartuta ere, ziurtaturik daude bista atseginak. Barrualderago ere, paisaia gizatiarragoa da, baserriak eta nekazaritza-guneak nabarmenduz, baina horrek ez dio edertasunik kentzen inguruari.

Aurreko herriko San Bartolome eta San Kristobal auzuneak igaro ondoren, Murueta herrian sartuko gara, eta berehala, gure ezkerretara, Muruetako Ontzitegiak ikusiko ditugu.

Zer ikusi

MUNDAKA

Urdaibaiko paradisuaren atarian egonik, Mundakako herria ezin da patuaren kexu izan, amets egin daitekeen lekurik ederrenetako batean kokatua baitago. Ozeano zabalak eta Urdaibaiko (edo Mundakako) Itsasadarrak bat egiten duten tokian kokatua, bere aurrean Izaro uharte bakartia duela, herri osoak izugarrizko begiratokia osatzen du.

Horrez gain, Mundakak arrantzale-herri txikien xarma gordetzen jakin izan du, udan behin-behineko igerileku bihurtzen den portu txikiarekin eta labirinto modukoa eratzen duten kaletxo irregularrekin. Azkenik, azken hamarraldietan bere izena atzerrian zehar zabaldu baldin bada, surfa praktikatzeko Europako lekurik egokienetakoa delako da.

ITSASOARI LOTURIKO HISTORIA LUZEA

Tradizioaren arabera Mundakako Elizatea Bizkaiko zaharrena da, eta Gernikako Juntetxean lehenbiziko aulkia egokitu izan zaie (ohore honengatik ere Bermeorekin eztabaida dute). Kondairaren arabera, Eskoziako Errege baten alaba-printzesa kostalde honetaraino ailegatu zen. Bertan geratu, eta 880. urtean Bizkaiko lehen Jauna izango zen Jaun Zuria mitikoa ekarri zuen mundura.

Ordudanik herriak beti itsasoarekin lotura oso zuzena izan du. Izan ere, proportzionalki itsasgizon gehien eman duen Bizkaiko herria da. Bestalde, bitxikeria gisa, Izaro uhartea bereganatzeko Bermeo eta Mundakaren arteko estropada ospetsuaz, mundakarrek beste bertsio bat dute. Luis Pedro Peña Santiagok jasotako istorioaren arabera, estropada aurreko egunean bermeotarrek, adiskide plantak eginez, mundakarrak mozkorrarazi eta horrela hurrengo eguneko garaipena ziurtatu zuten.

IKUSTEKOAK

Aipatu dugun moduan, Mundaka batik bat begiratoki pribilejiatua izateagatik nabarmentzen da, eta beraz, lehenbizi gomendatzen dizuegu herriaren inguruko itsasaldean zehar paseatzea, ez zarete damutuko-eta. Horrenbestez, erdialdean dagoen Talaiako Pasealeku zoragarrian hasi gaitezke (Zenbat herriri gustatuko litzaioke horrelako plaza bat edukitzea!).

Itsasadarrari aho zabalik begira gaudela (itsasgoran oso ederra bada ere, itsasbeherako ikuskizuna izugarria da), eskuinetarantz joaten bagara, Ondartzape kalatxo ezkutua eta Txorrokopunta ikusgarria igarotzen ditugula, Laidatxu hondartza txiki eta atsegineraino ailegatu gaitezke, begiratoki luzea osatzen duen ibilera izugarrian. Agian ez zarete asetuta geratu eta bide labur hau errepikatzeko gogoa izango duzue; hala bada, beste alderantz errepikatu, merezi du-eta. Bestela, Lorategi eta Goiko kaleetatik erdiguneko kale-labirintoan barnera gaitezke, berriro hasierako Talaira iristeko asmoz.

Kale hauetan zehar onena norabiderik gabe ibiltzea da (herria txikia da eta ez zarete galduko), bertako bitxikeriekin topo eginez. Esaterako, Portuaren amaieratik gertu dagoen Kurtzio kalean, izen bereko Kalbario edo Gurutzeria gotikoa aurkitzeko parada izango duzue, 1611koa. Honen atzean Simitur Etxea dugu, herrian daudenetatik zaharrenetakoa. Azkenik, lehenago edo beranduago, berriz ere Talaiaren ondoan dagoen Jose Antonio Agirre Enparantzara ailegatuko gara. Udaletxea dugu bertako eraikin garrantzitsuena, arkupe zabal batekin. Kasinoa ere bere leiho-begiratoki zabalengatik nabarmentzen da.

Gure abiapuntuan lehen jaramon handirik egin ez diogun baina kanpoaldetik begiratuta Mundakaren silueta eratzen duen eraikin erlijiotsua dago: Andre Mariaren Eliza. Bizkaiko zaharrenetakoa da, eta 1050ean jada parrokia zen. Gaur egun ikus dezakeguna, berriz, 1635ekoa da, geroagoko dorre neogotikoa duela. Berpizkundeko jainkotegi ederrenetako da eta bere elizpeak Bizkaiko Berpizkundeko atalderik bikainenetako bat ikusteko aukera eskaintzen digu.

Orain, ondo babestutako Portu txikia inguratuz, gaur egun batik bat kirol-portu funtzioa duena, herriaren beste aldea eta, batez ere, izen bereko bidea hartuz, Santa Katalina Ermita dagoen lur muturrera hurbilduko gara. 1879an eroria, ermita hori berreraiki egin zuten beranduago. Bere inguruan Karlistadetako gotorleku baten hondakin batzuk geratzen dira.

Baina batez ere, lur mutur honetan, aurrekoan bezala, onena itsasgainean paseatzea da, alde guztietako itzelezko bistekin gozatuz. Gainera, hemen inguruan hain ospetsua den Mundakako Olatua sortzen da, mundu osoko surflariek hain gustukoa dutena. Olatu hau Mundakako Barran jaio eta Laidako hondartzan amaitzen da, tartean Europako ezker-olaturik onena omen dena sortuz. Ondorioz, Mundaka surflarientzako ere paradisu bihurtu da.

Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Bizkaia
44 km.
5 m.
1.805
%75
4 km2
451 bizt./km2
Aratusteak
San Juan (ekainak 24)
San Pedro (ekainak 29)
Andra Mari (abuztuak 15)

 

 

 


 

URDAIBAI BIOSFERAREN ERRESERBA

Izendapen hori Unescok jarri zion 1984an, zalantzarik gabe Europako hezegunerik garrantzitsuenetako baten aurrean gaudelako. Horrela, Gernikako itsasadarraren inguruan zabaltzen diren 22.000 hektareatan zehar dagoen habitat eta ekologia aberastasuna oso leku gutxitan ikusi ahal izango dugu. Baina bere aberastasun ekologikoaz gain, lehen aldiz bisitatzen duenarentzat txundigarriena Oka ibaiaren bokale honen itxuraldaketa da, itsasoa goian egon edo behean egon.

Itsasoaren gorabeherei esker inguru zoragarri honen itxura erabat aldatzen ikustea, itsas padurak eta hondartzak nola agertzen eta desagertzen diren behatzea, lehenago itsaso zabala zirudien urontzi handia areatza zabalaren artean sigi-saga aurrera egiten duten ibaitxoak bihurturik aurkitzea... imajina dezakegun ikuskizun naturalik ederrenetako batez gozatzea da.

ERRESERBAREN EZAUGARRIAK

Babestutako inguru honek 220 km2 ditu luze-zabaleran, hau da, Bizkaia osoaren % 10a inguru, eta 22 udalerri (osorik edo horien zati bat) biltzen ditu, denen artean Bermeo eta Gernika nabarmenduz. Bertan, ezagunena itsasadarra bada ere, denetariko ekosistemak gordetzen ditu, eta horri esker, landaretza eta faunari dagokienez, aberastasun itzela erakuts dezake.

Horrela, Urdaibaiko paraje hauen %70a baino gehiago basoz beterik dago, eta bere biotipo ezberdinetan era guztietako animaliak bizi edo igarotzen dira (Urdaibai Europa eta Afrika arteko hegaztien atsedenleku da): eiderrak, zerrak, lertxunak, anatidoak, espatulak, kaioak, txirriak, kuliskak... Horrelako natur aberastasuna izanik, ez da harritzekoa orain dela milaka urte gizakiak inguru hau bizitzeko aukeratu izana, Santimamiñeko kobazuloek erakusten diguten moduan.

Argazkiak

Mundakako itsasadarra

Orrialde nagusiraUrdaibai erreserbaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403