Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraLea Artibai eskualdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Lea-Artibai Eskualdea
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak


Nola iritsi LEKEITIO-ISPASTER-AMOROTO-MENDEXA

ORAINGO HONETAN GURE BIDEA hondartza batean hasiko dugu, Lekeitio ondoan (berez Mendexan) dagoen Karraspio Hondartza atseginean hain zuzen, gure aurre-aurrean San Nikolas Uhartea dugula. Gogoratu, itsasbeheran irlara oinez hurbiltzeko aukera duzuela.

Errepidean eskumara, Lekeitio dugu zain, itsasoarekin lotura zuzena duen herri eder-ederra, aintzinako kale-trazaduraz gain Andra Mari eliza ikusgarria eta portualdeko etxe-multzo eta giro atsegina nabarmen ditzakegun herria. Kokatzen den inguru natural ederra ahaztu barik, noski.

Zer ikusi

Berarekin antza nabaria duelakoan gaudenez (desberdintasunak oso ugariak badira ere), Lekeitio "Donostia txikia" izenda genezake.

Horrela, herri hau ere badia eder baten barrualdean altxatzen da, ezkerraldeko talaia izugarria den lur mutur baten eta eskuinaldeko Lea ibaiaren bokalearen artean.

Gainera, badiaren bestaldean San Nikolas uhartea geratzen zaio eta azkenik, bertako hiru hondartzek herriaren berezko edertasuna dotore janzten dute.

HISTORIA

Lumentzako kobazuloan agertutako aztarnek inguru hau azken 30.000 urtetan populatua izan dela erakusten dute, eta erromatarren garaiko aztarnek jada bertan gune populatu iraunkorra bizi zela diote, erabat ziurtaturik ez badago ere.

Dena den, Lekeitioko historia ofiziala 1325ean hasten da. Lehenago batipat arrantzale eta itsasgizonez osatutako gunea zen. Urte horretan Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak fundazio-gutuna eman zuen, hiri bihurtuz eta zenbait pribilejio luzatuz. Urte batzuk beranduago, Alfonso XI.ak fundazio-agiri hau berresteaz gain, hiriko harresiak altxarazi zituen.

Hurrengo mendeetan bere ekonomia itsasoari lotua ibili zen, arrantzan ala itsas-garraioan (kortsariak ere izan ziren); itsasuntziak ere bertan eraiki eta konpontzen zituzten. Baita ere, denbora aurrera joan ahala, merkatari-sare handia sortzen joan zen eta azkenik, sendiek beren baratze eta mahastiak zaintzen zituzten.
Hala ere, nahiz eta itsasoari begira bizi, hainbat mendetan zehar, itsasgizon lekeitiarrak beren portuaren izaeraz kexu izan dira, txikia, hondartsua eta sakontasun txikikoa zelako. Arazoak arazo, XVI. eta XIX. mendeen artean Lekeitiokoa Bizkaiko bigarren arrantza-portua izan da (Bermeoren atzetik), XX.ean Ondarroak postu hori kendu zion arte.

ENPARANTZA ETA ELIZALDEA

Herriaren erdian, ezkerraldean erdigunea, aurrean portua eta badia eta eskuinaldean hondartzak dituela, Independentziaren Enparantza kokatzen da, eta bertan, Jasokundeko Andra Mari Eliza.

Bizkaiko monumenturik baliotsuenetakoa den eliza honen izaera bi hitzetan laburbiltzen badugu, 720 urtean fundatu, XIII. mendean kontsagratu eta XV.ean handitutako estilo gotiko berantiarreko eraikina dela esan genezake, barruan gotiko eta flandiar estiloko erretaula ederrak dituena. Gehiago zehaztuz, aintzinako tenplu erromaniko baten gainean eraikia, Santiago katedralarekin batera Bizkaiko gotikoaren eraikuntzarik ederrena da.

Amaitu zenetik behin baino gehiagotan berritu izan da, eta horrela, kanpoko dorrea eta barruko girola XIX.ekoak dira. Hasieran hiru nabe bazituen ere, gaur egun bost erakusten ditu.

Barruko kaperen artean Santa Anarena azpimarratu behar dugu, flandiar jatorriko erretaula eta hilobiak direla-eta. Erretaula nagusia 1514koa da, Estatu osoko hirugarren handiena (Oviedokoarekin batera eta Sevillako eta Toledokoen atzetik) bihurtuz. Datu hori duen garrantziaren lekuko da.

Kanpoaldeko itxura gotiko hutsa da, kontrahorma, trazeriadun-lehiatila, arrosa-leiho, arku ezin meheagoetara loturiko arbotanteak, gargolak, orratzak... miresteko aukera eskainiz. Hau guztia gutxi balitz, bere aurrealdea Bizkaiko gotikoen artean apaingarri gehien erakusten duena da.


Sarrera nagusitik irtenez, ezkerrean XIX.eko Arostegi jauregi ederra dugu, eta honen atzean monumentu multzo interesgarria. Lehenbiziko eraikin handia 1368ko Dominikoen Monastegia da (Berpizkundeko, gotiko eta barroko elementuekin), eta alboan duena Salinastarren Etxea.

Bien artean igaroz, Santo Domingo kalean, segituan eta erdian Uriarte Jauregi barroko ederra (eskailera, armarri eta arkupedun atari eta Erdi Aroko dorre batekin), Berpizkundeko Turpin Dorrea (aurrekoari itsatsita) eta Torre Zaharra (Dominikoen Monastegiari itsatsita) ikusiko ditugu.

Azken hau seguraski hiriko eraikin zaharrena izango da, eta aintzinako harresietako zatia zen.Erdi Aroko harresi honek metro batzuk aurrerago ere segitzen du (komentuaren beste aldean ere bai).

Kale tipikoetan zehar ibiliz, berriz ere hasierako puntura itzuliz, hots, enparantzara, honen beste aldean dagoen Udaletxea bisita dezakegu, XVIII. mendeko barroko estiloan egina.

ERDIALDEA

Udaletxearen izkina batean hasten den Apalloa kalearen kantoian XVII.eko Oxangoiti jauregia dugu (ohar zaitezte atalde eta landutako hegal ederretaz), eta piskat aurrerago ezkerrera XVII.eko San Jose eliza barrokoa. Honen aurreko zabalgunearen beste aldean Kofradia zaharra topatuko dugu.

Apalloa kaleari jarraikiz, lorategi erromantiko baten erdian dagoen Agustinatarren Komentura iritsiko gara, neobarroko frantziarraren estilokoa, eta piskat aurrerago eta ezkerrera, XVII. mendeko Kristo Piedad baseliza, Kristoren irudi flandiar batekin.

Puntu honetan ere, bide beretik edo alboko batetik, etxe lekeitiarren artean paseatuz, berriz ere Udaletxeko izkina horretaraino itzuliko gara.

PORTUKO AUZOA

Leku horretxetan bertan ezkerrera hasten den Arranegi kalean zehar ibiltzen hasten bagara itsas-herri honen ariman sartuko gara. Izan ere, portuarekiko paraleloki doan kale hau (geroago Arranegiko Zabala eta Ezpeleta kalea deitua) arrantzaleen auzoaren bide nagusia da.

Jauntxoen eta herri xehearen bizileku izandako kale honetan zehar erreparatu ezazue ezkerrera ateratzen joango diren kaleetan, auzo eta herri osoaren irudi orokorra hartzen joateko.

Adibidez, lehenean, Azpiri kalean, Uribarri Jauregi-Etxea eta XV. mendeko sua geratzeko harresiaren zati bat ikusteko parada izango duzue. Harresi honek auzunea bitan zatitzen zuen.

Aurrerago, eskumarako lehen kaleahoa pasatu ostean, Upaetxea dugu, XVII. mendeko armarriarengatik zein landutako hegal eta balkoiengatik nabarmentzen dena. Aurreraxeago, jada Ezpeleta kalean, San Pedroren Irudia dugu ikusgai, eta azkenik, talaia izugarriaren muturrean, San Juan gotorleku-baseliza.

BADIA INGURATUZ

Talaia honetatik, itsaso, badiaren erdiko irla, portu, eliza, herri eta hondartzetako ikustaldia benetan zoragarria dela esan dezakegu.

Izan ere, herriaren ikuspegi osoa edukitzeko alderik garrantzitsuena falta zaigu, itsasaldea hain zuzen ere.
Horrela, Talaitik, Arrantzaleen Kofradia ondotik pasatuz arrantza-portua inguratzen hasiko gara, urtero Antzar-Egunaren jaialdian giro izugarria sortzen den portua alegia. Berau Txatxo Kaitik inguratuz, zuzenean Isuntza hondartzan sartu gaitezke, edo bestela bere gaineko pasealekutik igaro. Herrian bertan dagoen hondartza honen beste aldean, itsasbehera badago San Nikolas irlaraino eramango zaituzten harrizko bide bat agertuko zaizue.

Beraz, itsasbeheretan uharteraino oinez joateko aukera duzue (bestela bidaia igeriz egin dezakezue), baina kontuan izan bidea nahikoa labainkorra dela eta erortzea erraza dela. Eta noski, joan ostean itsasgora baino lehen itzuli nahi baduzue, uhartean ordu gehiegi ez egin.

Azkenik, hondartza honen alboan, Lea ibaiaren bestealdean Karraspio Txiki hondartza duzue, eta errepidea piskat segituz Karraspiokoa, hiruen artean ederren eta animatuena (nahiz eta bi hauek berez Mendexako udalerrian kokatu).

Herrialdea:
Bilbora:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Bizkaia
56 km.
10 m.
7.483
%87
2 km2
3741 bizt./km2
San Pedro (ekainak 30)
San Antolin (irailak 1-8)
Antzar Eguna (irailak 5, asteburu gertatzen ez bada)

 

 

 

 

Argazkiak


Adan Iartzakotarren Jaurregiaren sarrera handiosoa


Elizaldea erakusten duen aspaldiko grabatua.


Isuntza Hondartza eta Andra Mari elizaldea.


Lekeitioko kaialdea San Nikolas Uhartetik.


Itsasbeherean San Nikolas Uharteraino oinez hurbiltzea ez da oso zaila.


Aireko panoramika hau herriaren ederasunaren lekuko garbia da.

Orrialde nagusiraLea Artibai eskualdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403