IBILBIDEAREKIN
jarraituz, Oñatin sartzeko ekarri dugun bidetik itzuli eta
Legazpirako bidean, mendatea igotzen ari garela aurreko bailara
behatzeko aukera eskainiko digun begiratokia aurkituko dugu, Udana
Gaina harrapatu aurretik.
BURDINAREN HARANA Jaitsieran ezkerrera
gaztelu moduko bat igaro ostean, 3 kilometrotara Mirandaola Burdinola-Parkea
gure eskuinera izango dugu, olaren tresna edo pieza handiez osaturiko
"eskultura" ikusgarrien artean kokatua. Legazpik mende
askoko burdingintza-tradizioa du (1338an Burdinolen Forua lortu
zuen), eta Mirandaola froga garbia dugu , XIV.-XIX. mende artean
lanean ibili ostean. Hil bakoitzeko lehen igandean ola martxan jartzen
da, burdina Erdi Aroko garai horretan nola tratatzen zen erakusten
zaigularik.
Legazpi, herri burdintzalea bera, kilometro
bat aurrerago zeharkatuko dugu. Telleriarte auzoan Elorregi Jauregia
(antzinako dorretxearen gaineko XVI. mendeko jauregia) bisita dezakegu,
eta erdigunean berriz, Jasokundeko Andra Mari eliza, Udaletxea eta
eskolak kokatzen diren Euskal Herria Enparantza. Bikuña Jauregia
(XVI. mendea) ere lehenbizi Erdi Aroko eraikina izan zen.
Legazpiko industrigunetik irten eta 3,5 km.
aurrerago zuzen jarraituz (Zumarragan gerotxoago sartuko gara) Urretxun
barneratuko gara. Zumarragarekin biztanleria bakarra osatzen duen
herri honetan Gernikako Arbolaren konposatzaile izan zen Iparragirre
kantaria jaio zen.
Izen bereko kalean, 8.ean bere jaiotetxea
izateaz gain, Ipeñarrieta (Udaletxea) Bikariokoa, Faktorekua,
Galdosenea eta Barrenetxea jauretxeak aurkituko dituzue. Iparragirreren
estatua dago plazan, berriz, San Martin Tours eliza gotikoa (kanpandorre
barrokoarekin) eta Aranburuenea Jauregia bisita ditzakezue.
Urretxuko zentruan eskubira joko dugu, eta
hortxe bertan Zumarragan sartuko gara, esandako moduan herri biak
bateginik daudelako. Bateratasun horren adibiderik onena Urola ibaia
estali eta bien artean eraikitako Areizaga-Kalebarren Plaza izan
daiteke.
Legazpitarren Dorretxea (tren-geltokiaren
ondoan) abizen hori zeraman Filipinetako konkistatzailearen jaiotetxea
izan zen. Euskadi Plaza ederrean berari eskainitako estatua ikusgarria
beha daiteke. Bestalde, Jasokundeko Andra Mari eliza (XVI.-XVII.
mendea) eta arkupedun Udaletxe neoklasikoa ere aipagarriak dira.
Inguruetan Antiguako Ermita erromaniko-gotiko ospetsua bisita daiteke.
|