|
Nola
iritsi KORTEZUBI |
Gernikatik hiru kilometrotara eskuinera desbideratu
beharko dugu, Santimamiñeko Kobak jartzen duen seinaleari
jarraiki. Bide honetatik 2,5 km-tara Lezika Jatetxera ailegatuko
gara.
Lehenik (ordutegia errespetatu behar denez), 200
metro aurrerago aparkatu osteko eskaileretan gora dauden Santimamiñeko
Koba ikusgarriak bisitatuko ditugu, gure historiaurrearen ezinbesteko
erreferentzia.
Horren ondoren, jatetxe aurreko gorantzako bidea
hartu (oinez hobeto), eta lehenbizi, Agustin Ibarrolak moldatutako
Baso Bizidun harrigarria eta, gero, Oma Bailara bakartia bisitatzea
gomendatzen dizuegu, biak lotuz eta bestaldetik itzuliz sekulako
paseo zoragarria egingo duzuelako.
Errepidera itzuli eta eskuin aldetik jarraituz gero,
segituan Kortezubi herrian sartuko gara, aldetik aldera zeharkatuz.
Bertan, Santimamiñez gain, bestelako historiaurreko aztarna
ugari aurki daiteke: Kobaederra, Atxondo eta Elesu kobetan, esaterako.
Zeharkatu eta berehala, Gautegiz-Arteagan barneratuko
gara. Zeharkatuz goazela, ia herriaren amaieran, ezkerretara joko
dugu (errepidearen eskuinaldean, Kristoren estatua bat ikusi aurreko
ezkerreko kalean, nekazalturismoko kartel bat duena), bertako gaztelura
hurbiltzeko asmoz. Eugenia de Montijo enperatrizak Arteaga Dorretxea
(itxia) berreraikitzea agindu zuen (bere sendia Arteagakoa baitzen),
eta gaur ikus dezakegun gaztelua berrikuntza-lan horien emaitza
dugu.
ITSASADARRAREN ESKUINALDEKO
HONDARTZA ALDAKORRAK Herritik atera eta berehala dugun bidegurutzean
ezkerretara joko dugu (bi aldiz), Laga-Laida norabidean, horrela
berriz ere ur-bazterrera hurbilduz. Bizpahiru kilometrotan Agirreta
eta Isla Beko auzoetatik pasatu eta Isla Goikoa izenekoan sartuko
gara. Bertan sartu eta berehala, Urdaibaiko itsas paduraren gaineko
ikuspegi oso ederra izango dugu, hemendik aurrera ugaritu egingo
diren begiratokietatik hain zuzen.
Segituan sartuko garen Kanala auzotik berriz, ikustaldiak
ederrak ez ezik zoragarriak dira, izugarriak, eta laster, Laida
hondartza aldakorra ere ikusteko aukera agertuko zaigu.
31,5. km-an Kanala Jatetxea igarota, 200 metrotara
eskuinean San Pedro Atxerre 47 min. GR 123 jartzen duen seinalea
ikusiko dugu. Zuzen eta gorantz jarraitzen badiogu, 300 bat metrotara,
hormigoizko langa erdi-zuria erdi-gorria duen baserriaren pareraino
iritsiko gara. Bertan, aldameneko ermitatik gora, Urdaibai gaineko
balkoi natural pribilegiatuan kokatutako Atxerreko Ermitarako bidexka
abiatzen da.
Berriz errepidean, 1,5 km-ra, Euskal Herriko hondartzarik
ikusgarri eta aldakorrenera iritsiko gara, batik bat itsasbeheran:
Laida. Azken honen ikustaldi izugarriekin gozatu ostean (itsasbeheran
bisitatu ahal izan duzuela espero dugu), pare bat kilometrotara
Ogoño mutur edo haitz erraldoia behatzeko aukera izango dugu,
eta oso laster, haren babespean dagoen Laga Hondartza ederra, aurrekoarekin
zerikusi gutxi duena (askoz babestuagoa baitago), baina bere modura
ere eder-ederra.
Lagatik irten ostean, aldi batez itsasaldetik pixkatxo
bat urrunduko gara, baina halere paisaiak ez dio polita izateari
utziko, ez pentsa. Zuzen goazela, 40,5 km-aren inguruan Ibarrangelua
herria zeharkatzen hasiko gara, lehenbizi behealdetik, eta 180ºko
bira egin ostean goialdetik. Aipatutako aurreko bi hondartzez gain,
herrian bertan San Andres eliza (erretaula barroko-txurrigereskoa,
sabai platereskoa eta, dorrean, Jesusen estatua handia) eta ondoko
Betikazarre Baserria (elizarekin bat eginda) azpimarratuko ditugu.
Herriaren erdiguneko bidegurutzean zuzen joko dugu,
eta beherantz jaisten hasiko gara. Hartara, ibilbide honen amaiera
den Elantxobe herri polit eta bitxian sartzeko bi aukera izango
ditugu: errepidea azkeneraino jaitsi eta portutxo ederrean sartu,
edo bestela, bidegurutzean ezkerrera egin eta goialdean amaitu.
Batera nahiz bestera egin, ziur gaude Ogoñoren kontra eskalatzen
ari dela dirudien herri hau oso gustuko izango duzuela, bai aipatutako
etxe politen antolamenduagatik (ia bata bestearen gainean), eta
bai portuaren
|
Zer ikusi |
SANTIMAMIÑEKO
KOBAK
Kortezubin kokatuak, haitzulo ikusgarri hauen barruan ezkutaturik
zeuden garrantzi handiko margo eta grabatuak ez zituzten 1916-17.
urte arte aurkitu, zientzia mailan behintzat. Aurkikuntza hauek
eta beste giza aztarna batzuek babestu nahian, Bizkaiko Foru Aldundiak
kobazulo horiek erostea eta ikertzea erabaki zuen (ikerketa-lana
Aranzadi, Eguren eta Barandiaranen talde ospetsuaren esku utziz),
horien garrantzia ikusirik. Animalien pinturak, grabatuak eta erliebeak
aurkitu zituzten, gehienak Goi-Paleolitikoaren Madeleine garaiko
aztarnak (K.a.14000-9000). Aurkitutako aztarnarik zaharrenak, halere,
K.a. 35000-18000 artekoak dira.
Gaur egun, haitzuloetako pinturen areto txikia ikusleentzat itxita
geratu da, bisitaldien eraginez haiek hondatzen ari zirela zirudielako
eta horiei buruzko ikerketa zientifiko sakona burutu ahal izateko,
baina kobak bestelako alde ikusgarri batzuk ere gordetzen ditu,
milioika urtetan sortutako karezko formak hain zuzen. Zabalik: astelehenetik
ostiralera 10, 11:15, 12:30, 16:30 eta 18:00 orduetan. Ez da erreserbarik
egiten; ordu bakoitzean ilaran dauden 15 lehenak sartzen dira.
OMAKO BASO
BIZIDUNA
Santimamiñen bertan dagoen Lezika Jatetxearen paretik, errepidearen
beste aldean gorantz abiatzen den bidea hartuz gero gure herriko
basorik ezberdinenera iritsiko gara, Agustin Ibarrolak
modu askotan margotutako pinuek osatzen duten baso-zati magikora
hain zuzen.
Oman bertan bizi den margolari honek modu horretan artearen eta
naturaren harreman berria bilatu nahi izan du, pinudi honi bizitza
berria eskainiz; horrela, bisitari bakoitzak osotasuna bere modura
ikusiko du, kokatzen den lekuaren arabera ikusiko dituen kolore,
itxura eta perspektibak ezberdinak izango baitira. Laburbilduz,
gozamena.
Aipatu dizuegun bidea kotxez ere egin dezakezue, baina guk oinez
egitea aholkatzen dizuegu, horrela baso margotua zeharkatu eta Oma
bailara idilikotik itzuli ahal izango zaretelako (autoz ezin duzue
hori egin, eta oinez pare bat orduko txangoa besterik ez da).
Esandako moduan, Lezikatik irteten bazarete, 45 bat minutuan baso
bizidun txiki honetara iritsiko zarete (bidearen erdialdetik beti
beherantz jo behar duzue). Erdi-erditik zeharkatu eta ezkerretik
beherantz doan bidezidor batetik jaisten has zaitezkete. Handik
lasterrera eskuin aldetik beherantz jaisten den beste bide batekin
bat egingo duzue. Azkenik, Omako 9. eta 10. baserrien artean pasatzen
den errekatxo baten gainean amaituko duzue jaitsiera.
Puntu honetan, daukazuen gogoaren eta denboraren arabera, bi gauza
egin ditzakezue: errepidetxoan lehenbizi eskuinerantz jo, bailara
lasai honetako azken baserrietaraino joan eta gero itzuli, edo besterik
gabe, baserri guztiak lotzen dituen errepidetxotik Santimamiñerantz
itzultzen hasi.
Bata edo bestea aukeratu, ziurtatzen dizuegu bailaratxo isolatu,
lasai eta eder honek barrenean zimiko egingo dizuela; zeharkatzen
duzuen bitartean ohar zaitezte baserri eder eta errota zaharretan,
zelaietako berdetasunean, lasai asko bizi den ganaduan eta, oro
har, paraje osoan. Bizkaian horrelako txoko lasai gutxi geratzen
dira.
ATXARREKO SAN PEDRO
Atxarreko ermita hau estuarioaren gaineko talaia paregabea da,
itsasadarraren bokalearen zati handia bere mende hartzen duen balkoi
naturala baita. Horrenbestez, eta imajina dezakezuen bezala, bertatik
beha daitekeen ikuspegia ere horrelakoa izango da, paregabea.
Bertaraino iristeko, Laidatik hurbil dagoen Kanala jatetxe-auzotik
irteten den bidea aukeratu dugu (ikus ibilbidea). Horrela, oinezko
bidea hasten den ermita-askaldegitxoa atzean utziz, gorantz doan
bidexka bat abiatzen da. 50 metro ingurura gure ezkerrean etxe bat
utziko dugu, eta hortik aurrera egin beharreko bakarra bidexka-bidezidorrari
segitzea da.
Ordu erdi ingurura agertuko zaigun zabalgune handi bat zeharkatu
eta berehala, Atxarrera (ezkerretik) edota Ogoñora (eskuinetik)
joateko bidegurutze seinalatua ikusiko dugu. Azkenik, galtzada moduko
aldapa gogor baten ostean, sekulako bistak eskainiko dizkigun baselizara
iritsiko gara, 300 metrotara dagoen balkoi batean kokatua.
LAIDA ETA LAGA
Bi hondartza hauek Bizkaiko ederrenetakoak dira, baina batetik
bestera hiruzpalau kilometro besterik ez dauden arren, bakoitzak
bere fisonomia berezia gordetzen du.
Horrela, Laida oraindik itsasadarraren barruan kokatua dago, eta
bere edertasuna itsasaldiek sortzen dizkioten itxuraldaketa izugarrietatik
datorkio, batzuetan errekatxoek zeharkatzen duten sekulako hondartza
dena hurrengoan txiki-txikia geratzen delako. Lagakoa aldiz, Ogoño
muturrak ondo babestu eta sekulako paraje arrokatsua sortzen dion
hondartza ederra da, ez hain haizetsua eta eguzkia hartzeko egokia.
|
Argazkiak |
|