Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraEnkartazioakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Enkartazioak Gueñes-Zalla-Balmaseda-Karrantza-Pozalagua
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi KARRANTZA-POZALAGUA

KARRANTZAKO BAILARA Escrita mendateko gaina harrapatu orduko Karrantzaldeko ikuspegi ederrak bata bestearen atzetik etorriko zaizkigu, baina onena zera duzue, kilometro eta erdi jaitsi eta eskuinerantz El Suceso auzora doan bide asfaltatua hartzea. Izen bereko atsedenlekura iritsiko gara, zezenplaza, askaldegi zabal eta zelai lasaigarrietara. Baina batez ere, hau guztia zeharkatuz, El Sucesoko Andra Mari baselizatxo-begiratoki zoragarria topatuko dugu. Karrantzako bistarik ederrenak (benetan izugarriak) bertatik ikusiko dituzue.

Berriz ere Karrantzako “erdigune”-rantz zuzentzen gaituen errepide bakarrean, laster, bisitatu berri dugun mirarira igotzen den bigarren bidea ikusiko dugu. 43,5. kilometroan El Callejo auzo-herritxoa pasatuko dugu, Karrantza udalerria osatzen duten hainbatetako bat, oso udalerri sakabanatua baita. 400 metro aurrerago, bigarren helmugara hurbilduko gaituen bidegurutzea dugu. Horrela, eskuinera biratuz, Bizkaiko Parke Ekologikorantz abiatu gaitezke, lehenbizi errepide batekin topo eginez eta hortik aurrera beti zuzen jo behar dugula. Kilometro batera Biañez auzoa sigi-sagean zeharkatu ostean, kilometro eta erdi eskasean aipatutako Bizkaiko Parke Ekologikoaren sarrera parean izango dugu. Hortik aurrera, hainbat animalia eta landareren artean gozatu.

Errepidea oraingoan El Callejo-n bertan edo 500 metro beranduago harrapa genezake, azken honetantxe ateratzen baita parkeraino doan errepidea (El Callejo auzoa zeharkatzen duena errepidearekin bat egiten duen beste bidexka bat da). Berehala Karrantzako beste auzoetako bat zeharkatuko dugu, Ambasaguas, alegia. Izenengatik konturatuko zaretenez, Bizkaiko zonalderik erdaldunenean gabiltza. Hemen ere zuzen segituko dugu. 3 kilometro geroago, Pozalaguako kobak ondo seinalizatzen dituen eskuineko bidea hartuko dugu. 1,5 kilometrotara ere eskuinera hartu eta Ranero-Pozalagua ezkerretara izango duzue. Berehala Ranero inguruko paisaia harkaitsua behatzeko aukera izango dugu, oraindik urrun samar geratzen bazaigu ere. Ranero auzoa bera laster harrapatuko dugu, eta hau ere sigi-sagean zeharkatu beharko dugu, gorantz eta ezkerrerantz, “Cuevas” jartzen duen karteltxo trakets bati jarraikiz.

Azkenik, lehen aipatutako paraje arrokatsu horretan bete-betean sartzen garelarik, 2,5 kilometrotara Pozalaguako haitzuloetako sarrera metalikora iritsiko gara, etxolatxo baten ondoan. Barruan zain, formarik harrigarrienak sortzen dituzten Europako estalaktita eta estalagmita bildumarik interesgarrienetakoa.

Pozalaguatik itzuli ostean, ibilbidea Karrantzako bailara eder honetako erdigunetzat jo genezakeen Kontxa auzoan bukatuko dugu, Ambasaguasera itzuli eta eskuinera, Bizkaiko zein Euskal Herriko lehen (edo azken) herria den Lanestosarako bidean.

Zer ikusi

KARRANTZA

Karrantza Bizkaiko, eta ondorioz Euskal Herriko, leku ezezagun eta ahaztua da. Injustuki ahaztua, zeren Euskal Herriko mendebaldeko muturrean dagoen udalerri honek erakusteko hainbat gauza eta leku dauka. Karrantza erdigune edo bidegurutze baten inguruan auzoez osatutako eta sakabanatutako herria da, errepide-mapa batean izar itxura hartzen duena. XVIII. mendetik eraikin ofizialak biltzen dituen erdigune hori Kontxa auzoa da.

Herria antzinatik populatua izan bada ere (Ventalaperra kobetan duela 25.000 urteko pinturak daude), lehenbizi X-XI. mendeetan ageriko da agiri batean, “Carrantia” izenarekin. Lehenago, erromatarrak ere bertan izan ziren, aztarna ugarik erakusten duen moduan. Erdi Aroan sendien arteko liskarrak ezagutu ostean (dorretxeak horien seinale dira), gobernu bakarra onartu zen: XVIII. mendera arte Soskañoko artadipean bildu ohi ziren alkate bat, sindiko bat eta bi agindari.

Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
Bizkaia
65 km.
205 m.
3.093
%8
138 km2
22 bizt./km2
San Isidro (maiatzak 15)
Sucesoko Andra Mari (irailak 18)

 

 

 

 

EL SUCESO ERMITA

Karrantzako bailararen sarreran dagoen El Suceso auzoan (ikus ibilbidea), izen bereko atsedenlekua edo askaldegia daukagu. Mahaiz beteriko zelai zabal honen alde batean zezen plaza dugu, eta bestean Gertakari Oneko Andra Mariren baseliza eta estatua handia.

Baselizatxoa Karrantzako bailara osoa ikusgai duen begiratoki natural izugarrian dago. Bertatik Karrantza osatzen duten auzo guztiak ikusiko ditugu, zelai eta tarteko arboladiak, Kantabriarako sarrera den Ranero haitz ikusgarria... ikuspegi benetan ederra.

BIZKAIA PARKE EKOLOGIKOA

Biañez auzoan kokatua (ikus ibilbidea), bertoko fauna hobeto ezagutu asmoz berau babestu eta erakusten duen fundazio batek kudeatzen du. Parkea “El Carpín” etxaldean dago, 20 Ha.ko ingurune natural ederrean. Bertan, bakoitzaren ingurune naturala erreproduzitzen duten eraikin zabaletan, Europako faunaren espezie nagusiak ditugu ikusgai: otsoak, hartzak, oreinak, hegaztiak, putreak...

Animalia gehienak instituzioek edota partikularrek emandakoak dira, askotan zauritu edo gaixoak, eta horrenbestez, lehenbizi birgaikuntza-zentrotik pasatzen direnak eta aske bizitzeko gai ez direnak. Ordu eta erdi inguruko ibileraz gain, parkeak atsedenleku, askaldegi edota erakusketa-gela eta kafetegiak ere eskaintzen ditu, egun pasarako leku atsegina bihurtuz. Zabalik: Asteburuetan 11:00etatik 19:00ak arte (sartzeko aukera 18:00ak arte), eta astean zehar 11:00etatik 18:00etara. Banakako sarrera: helduentzat 800 pzta. eta umeentzat 500 pzta. Taldean joanez gero merkeagoa da.

POZALAGUAKO HAITZULOA

Raneroko auzotik gertu eta izen bereko haitzaren pean (ikus ibilbidea), lurpeko altxor hauxe dugu. Ate txiki batek 225 metroko luzera duen haitzulo izugarrirako sarrera luzatzen digu. Nahiz eta Euskal Herrian bertan ezagunegiak ez izan, antzekoen artean munduko ederrenetakoak kontsideratuta dauden haitzulo hauek existitzen diren estalaktitarik bitxienetakoak erakusten dituzte.

Karstifikazio prozesuan dagoen kobazulo honetan milaka estalaktita eta estalagmitek osatzen duten ikuskizun harrigarria miretsi dezakezue. Esaterako, bere galeria nagusian munduko estalaktita eszentrikoen (perpendikularki jaitsi beharrean zuhaitz adarrak bezala zabaltzen direnak) kontzentraziorik handiena ikus dezakegu, “Versalles gela” izenekoan.

Hala ere, nahiz eta sekulako garrantzia eduki, 1957an alboko harrobian barrenu batek eztanda egin ostean kasualitate hutsez aurkitutako haitzulo honek urte askotako ahaztura, lapurreta eta suntsipena ezagutu behar izan ditu. Azkenik, instituzioek konpondu eta 1991n bisitarientzako zabaldu zuten, 50 milioi urtetan zehar eratutako paraje harrigarri honetaz gozatu ahal izateko.

Bisitaldiak: Larunbat, igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 17:00etararte. Taldeak egunero 94- 680 60 12-an erreserbatuz. Sarrerak: helduak 500 pzta., ikasle/jubilatuak 300, eta umeak 20 pzta.

Argazkiak

Bizkaiko Parke Ekologikoan denetariko animaliak aurki ditzakegu


"El Suceso"tik Karrantzako bailara osoa beha daiteke

Orrialde nagusiraEnkartazioakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403