IZTURITZE ETA OTSOZELAIAKO LEZEAK
Donamartiriko (St. Martin D´Arberoue) udalerrian kokatuak, Hego Euskal Herrian ezagunegiak ez diren kobazulo hauek Europa hegoaldeko santutegi paleolitikorik garrantzitsuenetakoak dira. Bisitatzean erabat txundituta utziko zaituzten ikaragarrizko mirari hau azken 50.000 urtetan populatua izan da, eta halaber, sekulako forma bitxiak erakusten ditu.
Haitzuloak hiru dira: Izturitze (lehenbiziko mailan),
Otsozelaia (harantzago), eta Erburua (1975ean aurkitua eta izen bereko ibaiak
zeharkatzen duena). Lehenbiziko biak turismorako prestatuak daude, zubi, eskailera
eta abarrekin, baina hirugarrena zientzialarientzat erreserbatua dago.
Izturitzekoan, betidanik ezaguna eta populatua, antzinako gizakiek egindako
animalien marrazkiak ikus ditzakegu. Otsozelaiako haitzuloan, berriz, zailagoa
da pintura horietara iritsi eta ikustea, baina ordea, estalaktita-estalagmitek
sortutako itxurak are ikusgarriago eta harrigarriago agertzen zaizkigu: Amatxi
Laminen egoitzan, Buda-ren Tenplua, Pagoda txinatarra,
Aita Noel, Antzoki Apaindura... izeneko forma harrigarri
bezain ederrek aho zabalik utziko zaituztete.
Barruan, 14ºko tenperaturan egon ohi den harpeari buruzko bisitaldi gidatuak (gidariak frantsesez eta euskaraz gain gaztelera pixka bat ere badaki) 40 minutu inguru irauten du.
Bien bitartean, kanpoaldeko museo-kafetegian zer edo zer hartzen dugun artean, kobazulo barruko postalak erosi (barruan ezin da argazkirik egin, beraz hauxe izango da lagunei kontatuko diezuena sinestarazteko froga bakarra) eta mamut baten izterrezurra edo horzdura moduko bitxikeriak ikus ditzakegu.
Harpeak martxoaren 15etik azaroaren 15era bitartean egoten
dira zabalik: martxoan, apirilean, maiatzean, urrian eta azaroan bisita gidatuak
14:30, 16 eta 17 orduetan dira. Gainera, igande eta eskolako jaiegunetan, 11etan
ere bai. Ekainean eta irailean 11, 12, 14, 15, 16 eta 17 orduetan. Uztaila eta
abuztuan, aldiz, ordutegia 10etatik 18etara da, ordu erdiro, 12:00ak eta 13:00ak
arteko atsedenean izan ezik. Helduen sarrerak 34 libera balio du, eta umeenak
16 libera.