Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraLapurdiko barrualdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Lapurdiko barrualdea Urruña-Azkaine-Sara-Senpere-Ustaritze-Kanbo-Ezpeleta-Itsasu
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi EZPELETA-ITSASU

ANTZINAKO ETA GAURKO AMETSAK Ezpeleta “piperraren aberria” da (begira bestela Euzkadi Hotelaren aurrealdeari). Piperraren Jaia urriko azken igandean ospatzen da, eta egun horretarako etxe guztiak piperrez dekoratuak ikusiko ditugu, eguzkitan lehortzen. Urtarrileko azken asteazkenaren inguruan, berriz, Pottoken Azoka garrantzitsua egiten dute. Azoka bera jada oso ikusgarria izateaz gain, nekazari giro polita eta jatetxeetan menu berezi eta tipikoa izan ohi da.

Herriko sarreran dagoen Ezpeletako Baroien Gaztelua, egungo Udaletxea, besteen gainetik nabarmentzen da bere dorre zirkularrarengatik, herriko etxe handi eta ederrak mendean dauzkala. Behealdean St. Esteban eliza dugu, bere kanpandorre handia, antzinako hilerria eta Lapurdin gizonezkoak meza entzuteko jartzen diren egurrezko galeriak dituela.

Ezpeletan ezkerrera egin, eta aerodromoaren albotik pasa ostean Itsasuko enparantzara iritsiko gara. Hemen, Udaletxe, pilotaleku eta inguruko ostatuek lapurtar estiloko plaza atsegina sortzen digute, baserri edo etxe zuri-gorri tipikoez osatua.

Atekagaitz edo Pas de Roland-erako bidean eskuinetara, Itsasuko bigarren herrigunea dugu San Fructuosoren elizaldea, haizpitarte baten sarreran. Elizaren alboan, parketxo batean Itsasuko Gutuna dugu, euskal nazio-eskubideak gogoratzen dituen monolitoa.

Errobiren haizpitarterantz errepidetxo oso estu batetik abiatuz, handik bi km-tara Atekagaitzera iritsiko gara, haitzean egindako arku bitxira. Bide berari jarraituz, Laxia auzunetxoa igaroko dugu. Hemendik bidetxo estu baina asfaltatutik igotzen hasiko gara. Bidexkak 10 bat km. ditu Artzamendiraino, eta ikusten den paisaia hain zoragarria ez balitz, astuna bihurtuko litzateke; baina erradarrak dauden tontorreraino zuzendu eta ez zarete damutuko, inguruak edonor txunditzeko modukoak baitira.

Zer ikusi

ITSASU

Itsasu, bi gunetan banatua eta ingurune izugarrian kokatua, Lapurdiko herri tipiko eta atsegina da. Bestalde, laborantzan eta turismoan diharduen Itsasuko herri hau, Ipar Euskal Herrian eragin handia izan duen Enbata mugimendu abertzalearen sehaska ere bada, eliza ondoko hilarri moduko monolitoak gogoratzen digun bezala.

IKUSTEKOAK

Lehenbiziko gunea, hau da, Herriko Etxea eta frontoia dauden enparantza aldea, txikia bezain ederra da, lapurtar estiloko etxe eta ostatuek inguratua. Herriaren beste aldean, berriz, San Fruktuoso eliza aurkitzen da, XVII. mendean egina.

Haizpitarte baten sarreran kokatua, estilo lapurtarreko eraikina da. Kanpoaldean kolore zuriko kanpandorrea nabarmentzen da, eta barrualdean, herrialde honetan ohikoak diren gizonezkoentzako galeriak nabe bakarrean kokatuak.

Eliza inguratuz hilerria daukagu, hilarri diskoidalez beteak. Hilerriaren sarreran euskaldunon nazio-eskubideak gogorarazten dituen monolitoa altxatzen zaigu. Izan ere, 1963ko Aberri Egunean, Gernikako Arbolaren adaska bat landatuz, leku honetan Enbata mugimendua sortu zen, eta monolitoaren inskripzioa orduko Itsasuko Ageriaren zati bat da.

ATEKAGAITZ

Atekagaitz edo Pas de Roland-era elizaren ondotik igarotzen den eta autoa doi-doi sartzen den bide estu batetik irits gaitezke. Errobiren haizpitarte izugarriaren erdian eta ibaiaren alboan, haitzean zulatutako arku bitxi hau daukagu, pertsona bat pasatzeko moduko zuloa hain zuzen.

Herri-kondairak dioenez, zuloa Carlomagnoren lotinantaren “Duranbal” ezpata mitikoak egina da, Zaragozarako bidean gudarostea pasatu ahal izateko egindako irekiunea. Halere, benetan Laxia eta Itsasu arteko bidezidorra oztopatzen zuen haitza apurtzearen ideia bertako baserritarrena izan zen, bidea errazteari begira.

Batera edo bestera izan, gaur egun arku enigmatiko hau osotasun bitxi eta politaren azken elementua dugu: haizpitarte ikusgarriaren erdian, atzean mendi, zelai eta baserri paisaia dugula, haitz handiaren ondoan ibaiak bere bidea segitzen duela...

ARTZAMENDI

Lapurdiko mendirik altuena (926 metro) eta hainbat kondaira mitologikoren kokaleku den mendi hau, merezi duena baino askoz gutxiago ezagutzen da Hegoaldean behintzat, eta askorentzat, aurkikuntza izugarria gerta daiteke. Gainera, kontuan izanda gailurreraino autoz irits daitekeela, jada ez dago nekearen aitzakiarik.

Goian dauden antena eta erradar itsusiak ahazten baditugu, gure aurrean agertuko zaizkigun parajeak benetan zoragarriak direla esan beharrean egongo gara. Horrez guztiaz gain, Itsasutik eta Atekagaitzetik honanzko bidean pasatuko dugun Veaux Gainaren ondoan, Meatzeko Lepoan harrespila edo kromletx ugari bisita ditzakegu.

ITSASUKO AGERIA

Egun, 1963ko apirilaren 15an Aberri Egunean Lapurdiko Itsasun landatu dugun arbolaren pean bildurik, huna zer jakin arazten dugun
guk euskaldunek
Zer giren
Lurraren, arrazaren, mintzairaren, ohiduren aldetik, Herri bat eta bakar bat gira
Iragan denborako eta egungo nahiaz, Nazione bat gira
Naturaz eta historioaz demokrazia bat gira.
Herri, nazione, demokrazia gisa
Zer diogun
Batasunaren obratzeko eskubidea
Gure buruaren jabetasun osoa nahi ditugu
Herri bakotxari zor baitzako, mende huntan, bere buruaren gobernatzeko dretxoa
Jakin arazten dugu
Gure nazionea guhaurrek gobernat nahi dugula
Bertze herrieri gure Euskal Herria nazionetzat onhar araztera oldartuko girela
Horrela bat eginen da Euskal-Herria eta gure aberriari bizia eta segida emanen diogu.

Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Lapurdi
21 km.
39 m.
1.563
daturik ez
39 km2
40 bizt./km2
Gereziaren Jaia (fruituaren heltzearen arabera, maiatzak 15-ekainak 15 artean)
Herriko Jaiak (abuztuak 15)

 

 

 

 

Argazkiak


Ezpeleta


Ezpeleta


Itsasuko ageria


Ateka gaitz

Ateka gaitz (itsasu)
Orrialde nagusiraLapurdiko barrualdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403