Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraLizarra-IruñerriaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Lizarra-Iruñerria Irantzu-Lizarra-Iratxe-Gares-Erreniaga-Zizur nagusia-Iruñea
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi ERRENIAGA-ZIZUR NAGUSIA-IRUÑEA

IRUÑERRIA

Lizarra-Iruñea errepide orokor honetan aurrera egin ahala, gure hurrengo helmuga gero eta hurbilago eta ikusgarriago agertzen joango zaigu, hots Erreniagako Parke Eolikoa. Lehenago, halere, ibilbidearen 54. km-an Legarda (XIV.eko Jasokundeko Eliza gotikoa eta erretaula nagusi platereskoa) igaroko dugu.

Bertatik 3,5. km-tara azkenean, eskuin aldean Erreniaga (El Perdon) mendatean gora doan bidea ikusiko dugu. Hortik joz gero, eta bertatik kilometro batera, askaldegi baten ondotik igaroko gara, eta laster Parke Eolikoan barneratuko gara. Erromesen omenezko monumentutik Iruñearen gaineko bista oso politaz goza dezakegu.

Errepiderantz itzuliz, gainetik pasatuko garenez, Iruñerantz joateko oraingoan ezkerrera egin behar dugu. Azkenik, haren atarian aurkitzen dugun Zizur Nagusia igaro ondoren (San Andres eliza gotikoa), Erresuma Zaharreko, gaur egungo Nafarroako eta berez Euskal Herri osoko hiriburu den Iruñea berde, monumental eta ederrera iritsiko gara.

Zer ikusi

IRUÑEA

Iruñea zaharra, Arga ibaiak zeharkatzen duen eta mendiz inguratuta dagoen goi-lautada baten erdian kokatua dago. Lautada horretan Euskal Herriko hiriburu historikoa den honetara gerturatzen ari garela, ez zaigu silueta monumental berezirik agertzen, ez baitago urrunetik nabarmentzen den monumenturik, baina hiri barnean gaudenean gauzak biziki aldatuko zaizkigu.

Victor Hugok 1843an idatzi zuen moduan “Iruñea, agintzen duena baino askoz gehiago ematen duen hiria da”. Horrela izanik, historia soberan duen hiri honi adjektibo asko eskaini dakizkioke: berdea, garbia, erlijiotsua, ordenatua, noblea, lasaia... eta uztailaren bigarren asteko iraultzan: zoroa, kosmopolita, parrandazalea, basatia, eleanitza...

IRUÑEA HISTORIKOA

Baskoiek Iruñea deitzen zioten tokian historiaurreko aztarnak aurkitu badira ere, lehen gauza jakina zera da, K.a. 75-74an Ponpeiok Pompaelo izeneko herri bat fundatu zuela, bere tropa erromatarrek negua pasatzeko.

Hiriak, hortik aurrera, erromanizazioaz gain, germaniarrek eragindako suntsiketa (275. urtea), bisigodoek azpiratu izana (VIII.a arte) eta musulmanen konkista-nahia (VIIIan) ezagutu zituen aldi ezberdinetan. 778an Karlomagnok harresiak suntsitu zituen, baina baskoiek mendekua hartuko zuten Orreagan. Orduan, IX. mendean, sortu zen Nafarroako Erresuma.

Ondotik, nekazariek populatutako Iruñerriari (antzinako haren ondorengo hirixkari), San Zernin eta San Nikolas burgo askeak gehituko zaizkio. Ordudanik, bizi-maila ezberdinak burgoen arteko gorroto eta liskarren zergati bilakatuko dira.

1319an hiria Eliz Agintarietatik Koroaren eskuetara pasatuko da, eta hortik aurrera harresiak altxatu eta Erresumako hiriburu bihurtuko dute, 1512an Gaztelaren eskuetan geratu zen arte. Dena den, Nafarroak bere foruak mantenduko ditu, XIX. mendean beste probintzia soil bat bihurtzen duten arte, herriaren iritziaren aurka. Mende horretan, Iruñeak frantziarren okupazioa eta karlistadetako urte gogorrak ezagutuko ditu.

XX. mendearen hasieran harresietako zati bat bota eta hiria zabalduko dute. 1932an Euskal Autonomia antolatzeko udalek Iruñeko Asanbladan bozketa burutu zuten, eta 1978az geroztik Nafarroako Foru Komunitateko hiriburua da.

“JAIA”

Mundu osoko jairik ospetsuenetakoak diren hauek bederatzi egunetan (uztailaren 6tik 14ra) hiriaren aurpegia erabat aldatzen dute, eta urte osoko hiri lasaia zoramen kolektibo bihurtzen da.

Egun horietan jantzi dotoreak gorde eta praka-niki zuriak (laster zikinduko direnak) eta zapitxo gorri ospetsua janzten denetik, eguneko 24 orduak topera bizi, ordutegiak alde batera utzi, mundu osoko lagunak egin eta bederatzi egunetan zehar mozten ez den jaian murgiltzea besterik ez dugu egin behar, “gorputzak eusten dion bitartean”. Une horretan parkeak ere logela masiboak bihurtzen dira.

Iruñera bakarrik San Ferminetan etorri bazarete, edo alderantziz, soilik urtean zehar bisitatu baduzue, ez dituzue hiriko bi aurpegiak ondo ezagutuko.

Jai hauen jatorria XIV. mendean egon liteke, urriaren 10a inguruan (orduko San Fermin eguna) nekazarien azoka bat egiten hasi zenean. Arrakasta ikusita, uda hasieran beste bat antolatzen hasi ziren, geroago jai bihurtzen hasiko zena. Horrela, agintariek San Ferminen onomastika urritik uztailaren 7ra eramatea eskatu zuten, jai hauen barnean ospatzeko. Gaur ezagutzen ditugunen antzeko lehenak 1591n ospatu ziren.

Jaiak uztailaren 6ko eguerdiko 12etan hasten dira, txupinazoarekin (Udal Plaza telebistan dirudiena baino askoz txikiagoa da, eta parte hartu nahi baduzue askoz lehenago agertu beharko duzue), eta uztailaren 14ko gaueko 12etan amaitzen dira, “pobre de mí”arekin (ekitaldi ofiziala leku berean izaten da, eta peñena Gaztelu Plazan).

Hurrengo eguneko goizeko 8etan, “bizirik” daudenek “villavesaren entzierroa” egiten dute, zezenen ordez konpainia horren autobusaren aurretik. Bitartean, egun eta gaueroko parrandaz gain, bestelako ekintza ospetsuak ere badira:

Uztailaren 6ko arratsaldeko 4etan, Riau-Riauan, Udalbatza Udaletxetik San Lorenzo parrokiaraino dauden 400 metroak oinez egiten ahaleginduko da, Astraingo Valsa dantzatzen duten ehunka gazteren artean.

Uztailaren 7ko goizeko 10etan Prozesioa izaten da, Udalbatza, txistulari, dantzari, erraldoi, agintari zibil eta erlijiotsuekin batera, eta batez ere, saminezko jotak kantatzen dizkioten santuaren irudia aldamenean daramatela.

Baina San Ferminak batik bat zezenengatik dira ezagunak munduan, entzierroengatik hain zuzen. Eguneroko goizeko 8etan izaten den gizon-emakume eta zezenen arteko lasterketa arriskutsu honek 850 bat metroko luzera dauka, eta gauzak normal joanda, hiru minutu inguru irauten du.

Modu batera edo bestera 600 urte iraun duen tradizio honek Hesietan hasi eta Santo Domingo, Merkatariak, Estafeta eta Zezen-Plazaren artean aldapa gogorrak, bihurgune itxiak, kale estuak eta beste hainbat oztopo igarotzen ditu, bihotza lehertzear jartzen duen lasterketa ausart eta arriskutsuan.

Goizean arineketan egin duten sei zezenak arratsaldeko zezenketan hilko dituzten berberak dira, baina bertan, ikuskizuna plazaren erdian baino gehiago, peñek betetzen dituzten eguzkiko harmailetako festan aurkituko dugu.

GAZTELU PLAZAREN INGURUA

Gaur egungo hiriko bizitzaren arima Gaztelu Plazan aurki dezakegu, Alde Zaharraren eta Zabalgunearen artean. Norbaitekin geratu eta paseatzeko aproposa den leku hau kafetegiz inguraturik dago eta erdialdeko kioskoa hiriko edozein ekintza burutzeko zentro neuralgikoa da. Luis el Hutín-en gaztelua bertan egon izanagatik datorkio izena, eta 1550 eta 1931 artean hazi egin da (1843 arte zezen plaza izan zen). Bertan Iruña Kafetegia eta Goienetxe Jauregia nabarmentzen dira.

San Inazio kaletik irteten bagara, Sarasate Pasealekua topatuko dugu, Espainiako erregeen estatuez beterik, eta bere bi muturretan XIX.eko Justizia Jauregia eta Nafarroako Jauregi neoklasikoa (Nafarroako gobernuaren egoitza) ditugu. Azken honen barnean, artelan garrantzitsuak daude, hala nola, Tronoaren Gela, Kapera eta Goya eta abarren margolan garrantzitsuak.

Eraikin honen alboan Errege Artxibategia dugu, erdi aroko agiri garrantzitsuak biltzen dituena, eta aurrean Foruen Monumentu garaia, goian kateak apurtuta eta foru-legeak eskuetan dituela brontzezko estatua batek koroatua. 1903an herri-ekimenaz eraikia, euskarazko eta gaztelaniazko inskripzio eta figura sinbolikoz jantzia dago.

ALDE ZAHARRA

Pasealeku honen amaieran, eskuineko aldean, San Gregorio eta San Nikolas merkataritza kaleetatik Gaztelu Plaza ingurura itzul gaitezke. San Nikolas eliza, 1117an eraikia, burgoen arteko liskarrek behin eta berriz berraltxatzera behartu dute. XIV.ean dorrea altxatu zen. Elizaren aurrean, 19. zenbakia duen etxean, Pablo Sarasate biolin-jole ospetsua jaio zen.

Amaieran, ezkerrean, Zapatari kalean hiriko armarria duen jauretxe eta hainbat eraikin zibil interesgarri ditugu (40. zenbakiko barrokoa, 50.ekoaren aurrealde apaindua eta 53.eko Guendulain Kondearen Jauregi klasikoa, esate baterako).

Azken honen aurrean (Zapatari kalean ezkerrerantz jo dugu), Kontseilu Plazaren erdian, eraikin interesgarriz inguraturik, 1788ko Neptunoren Iturria agertzen zaigu. Plaza hau diagonalki zeharkatuz San Francisco Plaza girotsuarekin topo egiten dugu, Nafarroako Liburutegi Nagusiaren aurrealde modernista nabarmentzen delarik.

Hori ere zeharkatuz, Ansoleaga kalean Konptuen Ganbara gotikoa aurkituko dugu, antzinako Otazuren Jauregi, Nafarroako Erresumako Kontu-Epaitegi eta gaur egun Bianako Printzea elkartearen egoitza dena. Hemendik gertu, San Lorenzo elizan 1717ko San Ferminen Kapera dago, santuaren irudiarekin.

Ansoleaga kalearekiko paralelo doan Kale Nagusian jauregi hauek azpimarratuko ditugu: Kondestablearena (2. zenbakian, XVII.-XVIII.ean artzapezpikuen egoitza), Redin Cruzat (31.ean, Siziliako Erregeorde eta Galiziako Gobernadore izandako Martin Redin-en omenezko inskripzioa) eta Ezpeletakoa (barrokoa eta oso apaindua, 65. zenbakian).

Kale honen amaieran, izen bereko plazan, Recoletas Komentua dugu, eta baita Recoletas kaletik eskuinetara, O Ama Birjinaren Plaza. Izen bitxia duen hau (ez da akats ortografikoa) harresien ondoan dago, eta Arga ibaiaren gaineko bista politak ditu.

Zubitxo batetik Takonera Parkearekin lotua badago ere, guk ez dugu momentuz Alde Zaharra utziko, eta horrela, eskuinerantz Andia kaletik Descalzos eta Jarauta etxe zaharrez jantzitako kale jatorretan barneratuko gara. Bertan XVII.eko Karmeliten Komentua ikus dezakegu.

Kale batetik zein bestetik, Santo Domingo kalera irten gaitezke. Honen hasierako hesietatik entzierroetako zezenak irteten dira, eta parean Nafarroako Museoa altxatzen da. Antzinako Miserikordiako Ospitalearen eraikinean kokatua (1566), Nafarroa populatu zuten lehen gizakiengandik gaur egunera arteko aztarna eta artelanen bilduma ordenatua erakusten digu. Zabalik: asteartetik larunbatera, 10-14 eta 17-19 ordu bitartean; igande-jaiegunetan 11-14 artean. Helduentzako sarrera 500 pezetakoa da, haurrentzakoa 250koa; eta, talde bateko partaide izanez gero, azkenik, 350 pezetakoa.

Santo Domingoko aldapa igo, Ospitale Militarra pasatu eta entzierroaren ibilbideari jarraituz gero, Udal Plazara iritsiko zarete, eta segituan hurrengo galdera egingo diozue zeuen buruari: “Nola sar daiteke txupinazoan hainbeste jende plaza txiki honetan...?”

Aurrean 1755-60ko Udaletxe barroko eta ikusgarria dugu, XV.eko aurrekoaren hondakinen gainean hiru altueratan altxatua: behekoa dorikoa (zuhurtasuna eta justizia irudikatzen duten estatuekin), erdikoa jonikoa (balkoi eder batez) eta goikoa korintioa. Azkenik, Hercules-en estatuak mendean duen frontoi triangeluarra dugu.

Entzierroaren ibilbideari jarraikiz, Merkatarien kaletik zezenen pasabide den Estafeta ospetsuan sartuko gara, denda eta tabernaz betea eta kalerik girotsuenetakoa. Bertan Iturbidetarren Jauregia nabarmendu dezakegu. Kale-amaieran zezen-plaza dugu.

Orain, Estafetarekiko kale paraleloetako bat hartuz (San Agustin, Merced) Iruñeko parterik zaharrenerantz hurbilduko gara, Nafarreria auzora hain zuzen ere. Horrela, Nafarreria kalean bertan ospetsu bihurtutako Santa Zezilia iturri neoklasikoa dugu, San Ferminetan australiar, amerikar eta bestelakoek beren burua botatzen duten iturria, alegia. Honekin lotuta, San Jose Enparantza dugu, eta honen alboan Iruñeko Katedrala.

ANDRE MARIAREN KATEDRALA

Hiriko parterik zahar eta altuenean kokatua, antzinako katedral erromanikoa kokaturik zegoen leku berean, lehenbizi XVIII. mendeko atrium eta aurrealde neoklasikoak erakusten ditu. Barrua bisitatu nahi badugu, kartel batek iragartzen duen moduan, lehenik eskuinera eta gero ezkerrera egin beharko dugu.

Barrualde gotiko ederrak hiru barneluzego ditu, planta latindarrean antolatua eta XVI. mendeko erretaula nagusia nabarmentzen dela. Erdiko nabea bi arrosetoik eta hutsarte-ilara batek argiztatzen du, eta erdi-erdian Karlos III. Noblea eta bere emaztearen mausoleoa nabarmentzen dira, eurak irudikatzen dituzten etzandako estatua ikusgarriak daudela.

Halaber, alboko kaperetako erretaulak azpimarratu behar ditugu, koruko harlandua eta aldare nagusiaren gaineko Sagrarioko Ama Birjinaren irudi erromanikoarekin batera. Nafarroako errege-erreginak honen aurrean koroatzen zituzten.

Baina guztiaren gainetik, katedral honetan nabarmentzen dena, Klaustro gotikoa da (1277-1472), Europako erdi aroko aberatsenetakoa. Bertan Andre Mari Babeslearen Ataldea, Errege Magoen Adorazioa, Ate Ederra, Errefrektorioa, XII.eko Jesukristoren Kapera, Pere Arnaut eta Johana de Beunçako hilobiak... denak azpimarratzeko moduko lan ikusgarriak dira.

HARRESIAK ETA PARKEAK

Hiriak XVI. eta XVII. mendeetan eraikitako defentsa-harresi haien (menperaezinak omen zirenak) zati handi eta oso ikusgarria gordetzen du oraindik, eta gaur egun hirian zehar egin litekeen ibilera ederrenetarikoa osatzen dute. Bestalde gotorlekuaren zati batzuk parke bihurtu dira. Horrela, xehetasun hauek eta beste batzuek, Iruñea parke eta lorategiz betetako hiri atsegin eta berdea bihurtu dute.

Zezen-plaza eta Labrit frontoiaren artean kokatzen bagara, eskuinean Argak sortzen duen meandro baten inguruan Ilargi Erdia parke erromantikoa behatuko dugu, baratze eta igerilekuen gaineko bista, patinatzeko pista eta arbola asko dituela.

Leku beretik, gure aurrean ibai gaineko Tejeria parke atsegina dugu, eta ezkerrean jada harresiak hasten dira. Ahal bada, goitik zein beheko lorategietatik ibiltzea gomendatzen dugu, batetik zein bestetik Pasealeku ederra baita.

Harresien ipar-ekialdeko ertzean, Argaren meandrorainoko zabaleran, Aranzadiko Bira izeneko parkea dugu, eta bertan udal igerilekuak. Azkenik, berriz ere hirira itzuliz, Errondako Pasealekua eta Takonerako Parkea lotzen dituen harrizko zubi ederra igaroz (errepidearen gaineko Portale Berria), Iruñeko bihotz berdera iritsiko gara.

Takonerako Parkea hirian daudenetatik zaharrena da, Frantziako erromantiko estilokoa, gerizpeko Pasealeku ederrak dituela, bertan hainbat estatua eta monumentu mirets ditzakegu, ahateak eta abar bizi diren uharka batez gain. Baiona Etorbidea zeharkatuz, hiruki itxura duen Antoniutti Parke txikian sartuko gara, aurrekoaren antzinako lubakietan egindako lorategia.

Dagoeneko, honekin lotutako Ziudadelako Parkeak eta berau inguratzen duen Gazteluko Bira Parkeak osatzen duten itzelezko berdegune zoragarrian barneratuko gara. Ziudadela 1571an eraikitzen hasi ziren, Felipe II.aren aginduz, planta pentagonala eta angeluetan bastioiak zituela. Bost aldeek Santiago, San Anton, Victoria, Reina eta Real izenak hartu zituzten.

Alde Zaharrari begira dagoen ate nagusia Ejertzitoaren Etorbidean dago; besteak (Socorro izenekoa) gazteluari bira egiten dio. Pertsonaia garrantzitsuren espetxe izan ostean, gaur egun atseden hartzeko leku ezin egokiagoa da, bai gotorlekuaren barrua zein kanpoaldea. Antzinako lubakietan, adibidez, gaur zoo txiki eta bitxi bat dugu, besteak beste, eta barruan erakusketarako gela batzuk egokitu dira. Honez gain, hemen ere hainbat monumentu klasiko eta moderno behatzeko aukera izango duzue. Errepara ezazue landarez eginiko etxola bitxi pare horretan.

Gotorlekuaren inguruko Gazteluaren Bira, kirolean aritzeko edo ibiltzeko leku ezin aproposagoa da, zelai zabalak dituelako. Honen hego-ertzarekin lotua (ikusi duzuenez berdeguneak bata bestarekin lotuak daude), Foruen Plaza dugu, Nafarroako Mendi, Erdialde eta Erriberako arbolekin jantzia.

Herrialdea:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
449 m.
166.279
%7
24 km2
6.928 bizt./km2
San Blas (otsailak 3)
Santa Ageda (otsailak 5)
San Ferminak (uztailak 6-14)
San Fermin Txikito (irailak 25)
San Saturnino (azaroak 29)

 

 

 

 

Argazkiak


Gaztelu plaza


Ziudadelako mirariak


Iruñeako alde zaharra

Foruen aldeko monumentua
Orrialde nagusiraLizarra-IruñerriaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403