Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafarroako Eki-ErdialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nafarroako Eki-Erdialdea Nabaskoze-Irunberri-Leire-Xabier-Zangoza-Uxue-Donamartiri-Untz-Erriberri
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi NABASKOZE-IRUNBERRI

HARRESI NATURALAK Ibilaldi hau hasteko abiapuntu gisa, beste mendate bateko begiratoki bat aukeratu dugu, hau da, Nabaskoze-Irunberri errepideak igarotzen duen Iso mendateko begiratokia hain zuzen ere. Zintzilik dagoen balkoi honetatik Arbaiungo Zintzurra ezin ikusgarriagoaren bista izugarria dugu.

Gainetik behatu ondoren, orain Nabaskozerako bidea hartuz (begiratokia atzean utziz, eskuinetara), arroilaren barrenean sartuko gara. Begiratokitik 1,6 km-tara (NA-178 errepideko 13,5 km-an), ezkerreranzko bihurgune handi batean (jaitsieran 11garrena), bidetxo bat abiatzen da eskuin aldetik. Hori hartuz, 50 metro egin ondoren aparkaleku batera ailegatuko gara, eta hortik aurrera, arroilaren barnetik oinezko paseo labur eta polita egiteko aukera izango dugu.

Bide beretik itzuli eta mendatea berriz igaroz gero, Irunberrirantz abiatuko gara, agertuko zaigun Gaztela itxurako trantsiziozko paisaian zehar. Tartean Domeñutik iragango gara (XIII. mendeko eliza protogotikoa dago bertan).

Irunberriko erdigunean Herriko Etxearen Plaza eta bere bi eliza interesgarriak bisitatu ostean Zintzurrerantz abiatuko gara. Horretarako “Foz de Lumbier” seinaleak jarraitu eta errotonda batean ezkerretara egin ostean, pare bat kilometrotara Irunberriko Arroilaren aparkalekura iritsiko gara. Hemendik aurrera, haizpitartearen barnetik prestaturiko ibilbide zoragarriari jarraituko diogu.

ZANGOZALDEA

Irunberrira itzuliz, ezkerreko aldetik Iruñerako bidea hartuko dugu. Hortik 3 km-tara aldiz, Zangoza-Huescara doana, segituan datozen bizpahiru bidegurutzetan barrena. Azkenik, Aragoira doan N-24O errepide orokorra hartuko dugu. Paisaiak dagoeneko tonalitate marroixkak hartu dituela ikusiko dugu, eta bertan mendi baxuak, zuhaixkak eta, oro har, paraje nahiko lehorrak nagusituko zaizkigu.

Errepide honetan sartu eta 4,5 km-tara, ezkerraldean, Irunberriko Zintzurraren beste aldea edo sarrera ikus dezakegu. Bertaraino hurbilduz gero, sarreran bertan apurtutako harrizko zubia ikusiko dugu, eta bidean (errepidearen alboan) euskal-erromatar hiri baten hondakinak. Hondakin arkeologiko interesgarriak Ledea (Belengo Santa Maria Eliza) baino 500m. lehenago daude. Herria pasatu eta beste 6 km-tara, gasolindegiaren osteko errotondan ezkerretara eginez, Leirera hurbilduko gara.

Zer ikusi

ARBAIUNGO ZINTZURRA

Milioika urtetan zehar, Zaraitzu (Salazar) ibaiak Irunberri inguruko mendiak zulatu ditu, eta prozesu luze honek eraginda, gure begiek gozatuko duten ikuskizun natural hau dugu.

Haitzebaki sakon honek 6 km-ko luzera du, eta bere inguruekin batera Arbaiungo Zintzurraren Erreserba Naturala osatzen du, 1.164 hektareatan zehar. Dozena erdi kilometro hauetan zehar ur zalapartatsuak bizkor isurtzen dira, 200 metroko altuera duten horma bertikalen oinetan.

Ingurune basati hau almadizainen pasabiderik ikusgarriena izan zen aspaldi. Pirinioetako basoetatik sokaz lotutako egur-enbor luzez egindako almadi edo “tren” artikulatuak gidatzen zituzten almadizainek. Ur gaineko garraio-mota honen bidez ibaia oztopatzen zuten haitzak pasa zitzaketen, eta baita ur-jauzi txiki eta ugariak ere. Gaur egun berriz, ur hauetatik egurrezko almadiak igaro beharrean, osagai artifizialez egindakoak pasatzen dira, Arbaiungo zintzurra raftina egiteko toki aproposa baita.

INGURUNE BASATIA

Inguru honetako klima mediterraniar hezea bada ere, zintzurraren barruan zenbait topoklima ezberdin daude. Faunari dagokionez, hainbat espezie bizi dira bertan, baina denen artean nabarmentzen direnak sai arreak dira. Hauetako 200 bikotez osatutako kolonia bat bizi da bertan, eta ezagutzen den koloniarik handiena dugu berau. Zortea eta pazientzia izanez gero, bestelako hegazti harrapari asko ikusteko parada izan dezakegu: sai zuriak, arrano beltzak, belatz handiak, beleak, gabiraiak...

ISO MENDATEKO BEGIRATOKIA

Behatoki hau Nafarroan aurki dezakegun ikusgarrienetakoa da. Nabaskoze eta Irunberri arteko errepide alboan dagoenez, gainera, bertara iristea ezin errazagoa da (ikus ibilbidea).

Arroilaren sarreran kokatua dagoenez, leku pribilegiatu batean, ia haizpitarte osoa gure menpe dugu bertatik, eta ikusten duguna benetan arnasa kentzeko modukoa da: 200-400 metro arteko bi pareta bertikal, bata bestearen parean, eta hantxe behean, suge luze baten antzera, “erruduna”. Sinestezina dirudi ibai batek lan izugarri hori egin ahal izatea.

ZINTZURRA BARRUTIK

Ibilbidean zehazten den moduan arroilaren barruko aparkalekura iritsi ostean, eskuineko aldean bidezidor bat abiatzen dela ikusiko dugu.

Bidea oso erraza da, beti ere hormaren kontra doalako eta bakarra delako. Bertatik, ordu laurdeneko ibilaldi baten ondoren, bidearen azkenean bista ikusgarriak dituen balkoitxo natural batera iritsiko gara. Puntu horretara iritsirik ez egin aurrera, ez baitago prestatuta eta arriskutsua gerta daitekeelako.

Bidetxo polit horretan zehar goazela, bizpahiru lekutatik ibaira bertara jaisteko aukera izango dugu, eta bero eginez gero, ur freskoetan bainutxo bat ere har genezake. Jaitsiera-lekuak maldatsuak dira, baina arrisku gutxikoak.

IRUNBERRIKO ARROILA

1987tik Natur Erreserba izendatua, Irunberrikoa Nafarroako naturaren beste altxor horietako bat da. Arbaiungoa basatiagoa bada ere, Irunberriko zintzur honek bere barrualdetik joateko aukera eskaintzen digu (iristeko ikus ibilbidea), horrelako haizpitarte ikusgarri baten edertasunaz barrutik gozatuz.

ZINTZURRAREN BARNEAN

Kilometro bateko luzera eta 120 metroko desnibela duela, bere barrenetik Irati ibaia doa sigi-saga, ganibet batek egingo lukeen bezala lurra goitik behera ebakiz, milioika urtetan zehar. Kilometro horren barruan, sarrerako tunelaren eta amaierakoaren artean (argiztatu gabekoak eta nahikoa ilunak), ibaiaren alboan paseoa egiteko aukera ematen digun antzinako trenbidea dago.

Iratiko Trenak 1911ko apirilaren 23an egin zuen bere lehen bidaia. Zangoza eta Iruñea artean, penintsulako lehen tren elektrikoa izan zen. Lehenbizi egurra garraiatzeko erabiltzen bazen ere (lehenago lan hori ibai gaineko almadietan egiten zen), pertsonak ere eraman zituen, 1955ean desagertu arte. Amaierako tunela igarota, Deabruaren Zubia ikusiko dugu, arku bakarrekoa eta frantziarrek 1812an urperatua.

Paregabeko ingurune honetan fauna interesgarria bizi da, hegaztiak batez ere: sai arrek osatutako kolonia garrantzitsua, sai zuriak, sorbeltzak, gau hontzak...

IRUNBERRI

Irunberriko herria ere (Lumbier), Irati eta Zaraitzu ibaiek bat egiten duten inguruan kokatua, paseo bat merezi duten leku interesgarri horietakoa da, bertan ondare historiko-artistiko garrantzitsua gordetzen delako. Horrela, eraikin zibilen artean, hegal zabala eta arkupeak dituen XVI.eko Udaletxea azpimarra dezakegu.

Eraikin erlijiotsuei dagokienez, herria ondo hornituta dagoela esan beharra dago: San Adrián, Santa Maria Magdalena, San Bartolomé eta Trinitateko baselizez gain, San Benito Komentua ere ikus dezakegulako. Baina guztien gainetik herriko bi eliza nabarmentzen dira, XVIIko Santa Maria Magdalena (margo eta tailu ederrez apaindutako erretaula barrokoak) eta XIV.-XV. mende bitarteko Jasokundeko eliza gotikoa (erretaula nagusia nabarmentzen da).

Argazkiak


Irunberriko arroila


Arbaiungo zintzurra

Arbaiun barnetik.
Orrialde nagusiraNafarroako Eki-ErdialdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403