Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraLapurdiko kostaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Lapurdiko kostaldea Hendaia-Ziburu-Donibane Lohitzune-Miarritze-Angelu-Baiona
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi HENDAIA

TXINGUDIKO BADIA Ibilbide hau Gipuzkoa eta Lapurdi banatzen dituen Bidasoa ibaian hasiko dugu, Hendaiako sarreran. Ezkerrean tren-geltokia utziz erdialde historikora iritsiko gara, herriaren goiko partean. Gero, Txingudiko Badia oinez inguratzea gomendatzen dugu, izen bereko bulebarrari jarraituz, hegaztien paradisu honetaz gehiago gozatzeko. Herriaren beheko aldean, arrantza eta kirolerako kaiak eta Euskal Herriko hondar fineko hondartzarik luzeena (3 km) eta politenetakoa dugu.

Abbadiako Parke Naturalera eta bertako Jauregira hondartzaren muturretik oinez edo Hendaiatik bertatik kotxez gertura gaitezke. Santa Ana Muturraren ondoan dago, eta hemendik “Dunbak” edo “Bi Bikiak” izeneko haitzak oso hurbiletik behatzeko aukera izango dugu, aurrean ozeanoa bakarrik geratzen zaigula.

Kostaldeko errepidea jarraituz bi kilometrotara “Dunbak” beste aldetik ikusiko ditugu, eta pixka bat aurrerago “flisch” izeneko fenomeno geologikoa behatu ahal izango dugu, “hostopilezko” labarrak nolabait esateko.

Zer ikusi

HENDAIA

Kokapen pribilegiatuduna, alde batean Bidasoa ibaia, Txingudi badia eta, oro har, Iberiako penintsula dituela, eta bestean hondartza luzea, Abbadia Parkea eta Europako kontinentea dituela, Hendaia betidanik pasabide garrantzitsua izan da.

GERTAERA HISTORIKOAK

Urruñako herrixka XII. mendean sartu zen historian, bertan Santiagoko bidea egiten zuten erromesentzako ospitale bat zegoelako. Bertako biztanleak batez ere itsasora begira bizi ziren, arrantzan, ontzigintzan nahiz kortsario gisa (jarduera honek XIX.a arte iraun baitzuen), baina batez ere balearen arrantzan.

Bestalde, bere kokapena zela-eta, askotan aldameneko Hondarribiari eraso egiteko erabili izan da, nazio askotako militarren aldetik. Guda askotxo ezagutu ostean, Iraultzaren eta Napoleonen ondoren hondatuta geratu zen.

Berpizkundea XIX. erdialdean etorri zitzaion, turismoaren garapenak lagundurik. Azkenik, 1940ko urriaren 23an, bertako tren geltokian Hitler eta Franko diktadoreen arteko elkarrizketa ospetsua izan zen. Gaur egun, turismoaren urrezko garaietara itzultzeko ahaleginetan ari den herria XVI. mendekoa da eta suntsipen eta erreforma franko ezagutu ditu; barrualdea lapurtar estilokoa da, nabe bakarra eta gizonentzako galeriak dituela. Sarreraren eskuinaldean bataio-ponte bitxia topatuko dugu, eta kanpoaldean bere sinboloen misterioa gorde duen harrizko gurutzea.

Bidasoaren gaineko balkoi moduko Rue des Pécheurs delakoan, Pierre Loti idazlearen Baker Etxea geratzen zaigu. Hemendik aurrera, ibilera zoragarrian Bidasoaren gainetik goazela, jaisten hasiko gara. Lehenbizi ibaia eta badia balkoi natural moduko batetik ikusten joango gara, eta jaitsi ahala, gero eta gertuago, baina beti eder.

TXINGUDIKO BADIA

Txingudi Euskal Herri eta Kantauri osoko hezegunerik garrantzitsuenetakoa da. Hegazti mota ugarik (belatzek, kaioek, usapalek...) negua igarotzeko aukeratu ohi dute badia hau, eta beste batzuek (lertxunek, enarek, arranoek...) igarobide gisa erabiltzen dute, Txingudi paradisu ornitologiko izugarria bihurtuz. Esandakoa, Hondarribia ederra atzean dugula, ur gaineko sekulako paseoa.

Tamalez, inguruan hainbeste jende bizi denez, eta normalean ekologiaren gainetik interes turistikoak jartzen direnez (kirol-portu berria esaterako), ekosistema garrantzitsu honen bizi-iraupena ez dago ziurtaturik.

ONDARRAITZ HONDARTZA

Hendaiakoa Euskal Herriko hondar fineko hondartzarik luzeena dugu, guztira 3 km ditu-eta. Era berean politenetakoa ere bada, bertatik ezkerraldean Hondarribi aldea eta eskuinaldean Santa Ana muturra eta “Dunba” ikusgarriak behatu ditzakegulako. Hondartzaren erdian antzinako Kasino neo-arabiar ikusgarria dugu.

ABBADIA PARKE NATURALA

Antonie Abbadia (1810-1897) hendaiar abenturazale, zientzialari eta euskaltzaleak (“Zazpiak Bat” leloa berarena da), aita euskalduna eta ama irlandarra zituen. Bera ere Dublinen jaio zen. Lehenbizi Urruñan, 1853an, eta gero beste leku askotan ospatutako lehen Euskal Jaiak berak antolatu zituen; gero, lurralde asko esploratu eta ikertu zituen, eta azkenik, bere izena daraman gaztelua eraikiarazi zuen.

Gaztelua lan neogotikoa da, erdi aroko gotorleku-jauregietan, Loirako gazteluetan eta ingeles jauregietan oinarritua, eta gaur egun, astronomia-behatokiaren funtzioa betetzen du. Jauregia izen bereko parkearen erdian dago, Hendaiako Hondartzaren eta Loiako Badiatxoaren artean, tartean Santa Ana muturra eta “Dunbak” edo “Bi Bikiak” bilduz, eta sarrera dohainik da.

Hemendik aurrera, parke handi, dotore eta atsegin honetan barrena paseatuz, itsasoraino, Santa Ana muturreraino hurbiltzea merezi du, bertatik ozeanoaren gaineko bistak eder-ederrak baitira. Ondoan, Pirinioen amaiera eta kostaldearen atzerapena adierazten duten ur gaineko bi haitz handi horiek ditugu, “Dunbak” edo “Bi Bikiak”.

Kondairak dioenez, Jentilek, habaila batez lagundurik, haitz horiek jaurti zituzten, Baionako Katedrala suntsitu asmoz, baina bekorotz batean labainduz, oreka galdu eta haitzak Hendaiaraino iritsi ziren, “Dunba Zabala” eta “Dunba Luzie” izenak hartuz. Beste bertsio batzuek zera diote: Jaungorri pirinioarrak, gose zelako haserre, Aiako Harritik bota zituela, Jentilen hilobia markatzen dutela...

Santa Ana muturraren eskuinaldean Loia badiatxoa daukagu, bere barnean hondartzatxo edo kala basati samarra gordetzen duena. Parkea egunero dago zabalik, 15-18 artean, eta uztail-abuztuan, 10-13 eta 15-19 ordu bitartean.

Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Lapurdi
39 km.
25 m.
12.966
daturik ez
8 km2
1.621 bizt./km2
Itsasoko Jaiak
Txipiroi Festa (uztailaren erdialdean)
Euskal Astea (abuztuak 8).

 

 

 


Argazkiak

Hendaiako hondartza eta Bi Bikiak

Orrialde nagusiraLapurdiko kostaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403