Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraDeba-Urola-Oria kostaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Deba-Urola-Oria kostaldea Saturraran-Mutriku-Itziar-Zestoa-Zumaia-Getaria-Zarautz-Aia-Orio
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak


Nola iritsi GETARIA-ZARAUTZ-ORIO

73. km-an “Getariako Arratoi” ospetsuaren silueta ikusteko aukera izango dugu; bertaratzeko, herria hasi aurretik dagoen ezkerreko bidea har dezakezue (portura doana), eta mendiaren bidetxoa zabalik badago hari segitu, baina talaia izugarri honetan oinez ibiltzea gomendatzen dizuegu. Getaria euskal kostalde osoko herririk politenetakoa dela argi dago, itsas kutsu nabarmeneko alde zahar eta portua duela, eta ez dezagun ahaztu, Elkano bertako semearen oroimena ere oso bizirik gordetzen duela.

Udaletxearen aurreko bidegurutzean (errepide nagusian), gorantz jotzen badugu, Meagaserantz, herriko parterik altuena zeharkatu eta hilerria ezkerrean utziko dugu, Udaletxetik 2 km-tara ezkerrerako bidegurutze bateraino ailegatzen garen arte. Ezkerreko bidexka horrek (Eitzaga-Santa Barbara norabidean), panoramika ederren artean zabalgune bateraino eramango gaitu (pixka bat lehenagoko bidegurutzean ezkerretara egingo dugu), bertan aparkatuz. Hortik aurrera oinez, Zarauzko hondartzaren gainean balkoi natural gisa ederki kokatutako Santa Barbara Baselizaraino hurbil gaitezke.

ORIAREN BOKALERAINO

Kostaldeko errepideari jarraituz, 87 kilometroan urrunera bistaratu ahal izango dugu kostalde honetako hiriburu turistikoa, bertan sartu aurretik behatoki gehiagorekin ere gozatzeko aukera izango dugun arren. Zarautz, bertako hondartza luze eta zabalek bihurtu du ospetsu batez ere, urtero milaka turista (eta surflari) erakartzen dituena, baina honez gain, ondare historiko-artistiko polita ere baduela igarriko dugu.

Hiria zeharkatu eta bertatik irten ondoren, Orio Gaina igotzen hasiko gara, izen hori bera duen hurrengo herriaren bila. Hori bai, Orioko herrira zuzenean joan beharrean, lehenbizi mendatean bertan eskuinera desbideratuko gara, Aia-Pagoetako Parkerantz. Era honetan, paisaia arbolatsuan zehar doan bide horretan gora goazela, askaldegi handi baten ondotik pasatuko gara, mendatetik 3,5 km-tara Pagoeta Natur Parkearen sarrera aurkitu arte (ezker aldetik beherantz). Parke honetan era guztietako landareak eta animaliak bizi dira, eta bertako interesguneen artean guk Agorregi Burdinola zaharra aukeratu dizuegu.

Orioko Gainetik ekarri dugun bidean aurrera eginez, lau kilometrotara Aiako herria dugu, Pagoeta kokatzen den inguru zabalaren herrigunea. Gipuzkoako udalerririk handienetako eta menditsuenetako bat da, eta zeharkatzen duten bideen gurutzean, San Esteban eliza trinkoa (XV.-XVII. mendeak), XIXko Udaletxea eta Guruztokia azpimarra ditzakegu.

Aia ezkerrerantz zeharkatu ostean, gure bidaiaren bukaera 10 km. geroago dugun Orioko herria izango da, ongi etorria egingo diguten arrantza-ontzien ondoan. Herriari kolorea ematen dioten ontzi hauek sarrerako zubiaren alboan ikus ditzakegu, Oria itsasadarraren gainean. Atzean, herria mendean hartzen duela, San Nikolas Barikoa eliza dugu (XVII. m.), eta bertan, erretaula barrokoa eta batez ere elizpe ikusgarria azpimarra ditzakegu. Plazaren inguruko kaletxoetan jauretxe interesgarriak daude: Kolon Txiki, Piliku, Burundiarena, Longa, Salatxo...

Zer ikusi

GETARIA

Getariak herri txiki bati eskatu dakiokeen guztia dauka: Gipuzkoako lehenbiziko hirietakoa, pertsonaia oso garrantzitsuren sorterria, inguru zoragarria, monumentu natural eta artifizial ederrak, herri-giro polita eta gastronomiarako zaletasun nabaria.

Lehenago ere bai, baina batik bat 1209. urtean Alfontso VIII.ak gotorleku-hiri gisa fundatu zuenetik, Getaria beti itsasoari begira bizi izan da, bereziki balearen arrantzan nabarmenduz (hiriko armarria ikustea besterik ez dago). Bere izena “Kea” eta “Erria” hitzetatik omen dator; izan ere, San Anton mendia arerioen edo baleen presentzia zaintzeko talaia pribilegiatua izan baita.

Arrantzan eta nabigazioan jarduteagatik zenbait pribilegio jaso zituen. XV. mendean, San Anton (“Getariako Arratoia”) artean irla bat izaki, portuko etxeak lotu zituzten, herria ordenatuki garatzen joanez.

GETARIAKO SEME KUTUNAK

Getaria arrantzale, itsasgizon eta nabigatzaileez osaturiko herria da. Esaterako, 1711n, Domingo Bonaetxea jaio zen, Polinesiako lehen esploratzaile eta Tahitiko konkistatzaile izan zena. Itsasoan jardun ez bazuen ere mundu osoan ezaguna bihurtu den Cristobal Balenciaga “jostunen artean jostuna” ere Getariako semea zen, eta bertako hilerrian hilobiratua dago.

Baina munduan zehar herri honen izena ezaguna bada, munduari bira egin zion lehenbiziko nabigatzailearen sorterri izateagatik dugu. Getariako armarrian ere munduko esfera ageri da, “Primus Circunderisti me” esaldiaz inguraturik.

Juan Sebastian Elkano 1487an jaio zen, eta 1519ean bost itsasontzirekin batera bere abentura fantastikoari ekin zion, Magallanes-en agindupean. Hura 1521ean Filipinetan hil (indigenen aurkako borrokan) eta hiru ontzi galdu ostean, Elkanok espedizioaren agintea hartu zuen. 1521eko abenduaren 21ean Victoria ontzi bipiatuan Tidor-etik 47 europar eta 13 indiar irten ostean, 1522ko irailaren 6an 18 gizon besterik ez dira iritsiko Sevillara (espedizioari ekin zioten 265 gizonen izenak Getariako monumentuan daude). Elkano 1525ean hil zen, bigarren espedizioan, eta Ozeano Barearen zabaltasunean hilobiratu zuten.

IKUSTEKOAK

Errepidearen alboan, herria, Malkorbe hondartza eta portua bere mende hartuz, Elkanoren Monumentu handiosa dugu, “Samotraziako Garaipenean” inspiratutako brankako irudi batek burutzen duen 1922ko lana. Alboan dugun Aldamar Parkean, frontoia, Udaletxea, Turismo Bulegoa eta “Hemen” arte-galeria ditugu, errepidearen bi alboetan.

Hemendik aurrera porturantz jaisten diren San Roke, Elkano, Nagusia eta Aldamar kale paraleloek osatzen duten alde zahar atsegina zabaltzen zaigu. Alde zaharraren ezkerrean dugun Gaztetape hondartzatik gertuen dagoena San Roke da, eta bertan “Etxe gotikoak” deitutakoak ditugu, 29-35 zenbakien artean. Hauen pean txakolinerako upelategi zaharrak gordetzen dira, sabai ojibalak dituztenak. 35ekoa osorik dago.

Elkano kaleak herriko eraikinik esanguratsuenetakoak gordetzen ditu; horrela, arrantzale-etxe estu, garbi eta koloretsuen artean. XIX. mendeko Romero Etxe aipagarria dugu. Kale Nagusian berriz, etxe tipikoen artean, bi jauregi nabarmentzen dira, Udaletxe Zaharra 3. zenbakian eta Etxe Barrokoa, 33.ean, baina batez ere, erdigune osoa mendean hartzen duen Salbatore Eliza.

1429an amaitu eta XV.etik aurrera handitutako gotikoaren perla honek hiru nabe eta sabai ojibal oso lerdenak ditu. Bi ate eta beste hainbat dorre ditu (zaharrena Inkisizioarena, iparraldekoa). Gaur egungo dorreak sei gorputz ditu, eta 1755ean bukatu zuten; bost urte geroago, tximista batek sabaia hautsi eta teilatu arrunta jarri zioten. Eliza honetan, 1397an Gipuzkoako herrietako ordezkariek Gipuzkoako Anaiartea eratu zuten. Dena den, beste tenplu batzuekiko berezi egiten duena zera da, kaleen trazadura dela-eta, barrua aldapan duela, gora begira eta egitura irregularra duela. Benetan bitxia.

Halaber, eliza bera harresien zati zenez, kaletxoetako bat (Katrapona) haren azpitik igarotzen da, defentsa-bateria bat jartzea ahalbidetuz. Elizaren hormen artean estuturik, Zarautz eta Olasotarren Erdi Aroko Dorretxea aurkituko dugu. Izen bereko kalean antzinako Aldamar Dorrea azpimarratuko dugu, frontoiaren atzealdean. Kale berean, 12an, Balenciagaren jaiotetxea dugu.

Azkenik, merezi du hondartzan eta kaian zehar paseotxo bat egitea, hain famatua den Getariako Txakolina dastatzen dugun bitartean. Bertatik herriaren beste ikuspegi eder bat edukiko dugu. Kaia eta “Arratoia” elkartzen diren lekuan arrantzaleen Monumentua dago.

GETARIAKO ARRATOIA

Kondairaren arabera, Keta arrantzale gazte eta galantak, Itegi eta Alsakarteko andereek bere maitasuna lortzeko hasitako hil ala biziko borroka ikusirik, ikararen ikaraz jainkoei harri bihurtzea eskatu zien, eta horrela sortu zen San Anton mendia. Bi emakume liskartiek, hori ikusita, damututa eta tristerik, gauza bera eskatu omen zuten, eta horrela alde batean Haitzakoarria eta bestean Itegi Punta sortu ziren.

Kondairak kondaira, gaur egun San Anton parke handi eta zoragarri bihurtutako itsasoaren gaineko talaia izugarria dugu. Oinezkoen bidetik igoz, ohartzen bazarete, haitz baten gainean zizelkatutako emakume baten silueta ikusiko duzue.

SANTA BARBARA BASELIZA

Getariatik gora, Santa Barbara auzoan (ikus ibilbidea), oinezko bidea hasi eta 100 metro ingurura, eskuinetik gorantz doan lurrezko bidezidorra hartuko dugu, gerotxoago galtzada moduko bat bihurtuko dena.

Bide honetan zuzen eta beherantz segituz gero, urrunean jada baseliza ikusiko dugu. Baserri batzuetara iristean ezkerretara egin eta bertara ailegatuko gara, guztira ordu laurdeneko paseo laburrean. Bertatik Zarautzeko eta bere hondartzako bista ederrak ditugu. Baseliza 1705ean fundatu zuten, eta Zarautzetik ere ederki ikusten da.

Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Gipuzkoa
30 km.
17 m.
2.402
%93
11 km2
218 bizt./km2
San Anton (urtarrilak 17)
San Salbador (abuztuak 6)
Elkanoren Lehorratzea (lau urtetan behin, abuztuaren 6a)

 

 

 

 

 

ZARAUTZ

Historian zehar garai bakoitzak eta naturak berak eskaini dizkion aukerak ondo aprobetxatzen jakin duen herriaren adibidea izan daiteke Zarautz, turismoa jarduera nagusi duen gaur egungo herri aurreratua bihurtu arte.

Horrela, 1237an Fernando III.ak hiri-forua berretsi zionetik, lehendabizi balearen arrantza jorratu zuen, euskal kostalde ia osoak egin zuen bezalaxe, (hiriko armarrian ere balea ageri da); ekinbide hau krisian sartu eta Ameriketako merkataritza ugaritzen hasi zenean, berriz, ontzigintzaren negozioan sartu zen; eta azkenik, XIX. mendean turismoa eta itsasoa modan jartzen hasi zirenean, Gipuzkoako gune turistiko zeharo garrantzitsua bihurtu zen, Donostiak bakarrik gainditzen zuena.

Bestalde, bertako historiaren hasieran eta amaieran bi izen propio garrantzitsu aipatu beharrekoak dira: herriari izena eman dion eta berau fundatu aurretik bizi izan zen Zarautz sendia, eta udatiar dirudunak erakarri zituen Isabel II. Erregina.

IKUSTEKOAK

Zarauzteko edertasunik handiena, turismoa erakartzen duena, bertako hondartza luze ederra da, Gipuzkoako luzeena, hondar finekoa eta surferako oso egokia bihurtzen duten olatuak dituela.

Monumentuei dagokienez, Getariatik gatozela, herriaren sarreran bertan Narros Jauregiaren ondotik pasatuko gara. 1536an Berpizkunde estiloan egina eta ingeles kutsuko lorategiez inguratua, herriaren ikurretako bat da. Bertan, beste batzuen artean, Isabel II. bera ostaturatzen zen, hondartzaren gaineko sekulako bistak ditu-eta.

Kale-errepidearen beste aldean, Arrosategia Parkearen ondoan, Santa Maria La Real parrokia altxatzen da, nabarmentzeko moduko zenbait elementurekin: absidearen Berpizkunde-plateresko erretaula, sabai barrokoak eta Lope Martinez Zarautz-en hilobia.

Eliza inguratu eta San Inazio kaletik aurrera segitzen badugu, laster Santa Barbara baselizara igotzeko oinezko bidea ikusiko dugu eskuinean. Gogoratu Getariako atalean bisitatu dugun baseliza hau Zarautz gaineko balkoi natural batean kokatua dagoela, eta bertatik ikusten diren bistak oso ederrak direla.

Kamino honen ondoan Vista Alegre Parkea atsegina zabaltzen da, herriaren gaineko ikustaldi polita eskaintzen digun errotonda duela. Berriz ere San Inaziotik hondartzara goazela, eskuinera Santa Marina kalea har dezakegu, izen bereko ermitaren ondotik pasatuz; eta gero ezkerretara, Makatza Dorretxearen albotik pasatu eta jada Musika Plazan barneratuz.

Enparantza zeharkatuz gero, Kale Nagusian barneratuko gara. Orain eskuinalderantz hartuko dugu, eta halaxe, hiriko Alde Zaharraren bihotzean barrena abiatuko gara. Kale honen ordezkari arkitektonikorik nagusiena Torre Luzea da, Gipuzkoako dorretxerik bikainena kontsideratua. Zarautz sendiarena, XV. mendean jaso zen harlanduz, hiru solairutan, estilo gotikoan.

Bere aurrean Azoka Plaza zabaltzen da, eta honen beste aldean Berpizkundeko Portu Etxea, gaur egun Udaletxea dena. Errepara ezazue sarrerako zutabe korintiarretan.

Eraikin honen atzean beste enparantza bat zabaltzen zaigu; Lege Zaharren Enparantza hain zuzen ere. Bertan ezkerretara eginez, kalearen kantoian Dotorekua Etxea agertuko zaigu, hots, armarria erakusten duen XVI. mendeko jauregi “dotorea”. Kantoian bertan lehenbizi eskuinetara egingo dugu, trenbidearen ondoan 1611n fundatutako Santa Klara Komentua bisitatzeko asmoz.

San Frantzisko kaletik hondartzarantz itzultzen garela, berriz, Frantziskotarren Parrokiaren ondotik pasatuko gara, euskal literaturaren liburutegi garrantzitsua gordetzen duena. Nafarroa kale-errepidearen eskuinaldean lehenbizi Donibane Plaza (kontuan hartu Zarauzko herria plaza eta parkez josia dagoela) ikusiko dugu, eta segituan, lorategi ederrek inguraturik, Villa Munda izena duena, gaur egun Musika eskola gisa funtzionatzen ari dena. Pixka bat aurrerago, aldiz, Sanz Enea Etxearekin topo egingo dugu (gaur egun Kultur Etxea), herri honetako beste etxe dotore horietariko batekin, alegia.

Azkenik, Lizardi kaletik barrena berriz Hondartzara iritsiko zarete, tartean Zuazo-Enea Etxe ondotik igaroz. Bisitaldia hondartza gaineko pasealekuan amai dezakezue, han-hemenka barreiaturik dauden eskultura ugari eta bitxiak miretsiz.

Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Gipuzkoa
27 km.
6 m.
19.806
%72
14 km2
1.415 bizt./km2
San Pelaio (ekainak 26)
Andra Mari (abuztuak 15)
Euskal Jaia (irailak 9)

 

 

 

 

 

PAGOETA PARKE NATURALA

Aiako udalerrian kokatua, oso turismo-gune garrantzitsua den Gipuzkoako kostaldetik gertu, lasaitasun-uharte ederra osatzen du inguru honek.

PARKEAREN EZAUGARRIAK

Gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dagoen 9.000 hektareako parke honetan, azken mendeetako giza-presioa txiki samarra izan dela esan beharra dago, eta ondorioz, baso zabal eta aberatsa gorde ahal izan dute bertakoek.

Horrenbestez, , faunaren inguruko 1982ko azterketa batek dio, bertako azeriak desagertu egin badira ere, 20tik gora ugaztun (basurdeak, basakatuak, katagorriak...), bederatzi anfibio eta narrasti eta 46 hegazti mota aurkitu zituztela. Dena den, animalia hauetako batzuk (ugaztunak batez ere) gauez ateratzen dira bakar-bakarrik, eta, beraz, berauek ikustea ez da oso erraza.

Landaretzari dagokionez, urte horretako ikerketan 341 espezie aurkitu zituzten, baina seguru aski gehiago ere egongo dira, eremu pribilegiatu batean gaude-eta. Bertako espezie garrantzitsuenen artean artea, gaztainondoa, gorostia, hagina, haritza, lizarra, pagoa (noski), urkia eta abar luzea aipa ditzakegu.

AGORREGI BURDINOLA

Parkearen sarrera nagusitik hurbil (iristeko ikus ibilbidea), Iturraran baserria dugu, gure autoa utz dezakegun aparkalekuaren ondoan. Baserri hau gaur egun Parkearen Harrera-Gune eta Interpretazio-Zentroa da, eta berez, Gipuzkoako baserririk zaharrenetakoa dela dirudi, XIV.ean jada hortxe baitzegoen. Gaur egun duen itxura orain dela lau mendekoaren antzekoa da.

Baserriaren ondoan Lorategi botaniko interesgarria dugu, eta bertan hainbat espezie ikusteko parada izango dugu. Honen erdian hain zuzen, Agorregirantz zuzenduko gaituen bidezidorra abiatzen da, sigi-saga eta beherantz eginez. Bidea oso ondo seinalaturik dago eta ez dago galtzeko arriskurik. Azkenik, ordu laurdeneko paseoaren ostean, uraren soinua entzungai dugula, burdinola ikusgarriaren ingurura iritsiko gara.

Agorregi XV. mendean dagoeneko funtzionamenduan zegoela dirudi, nahiz eta XVI. erdialderako, ur-emari txikia edo beste arrazoiren bat zela medio, lanari utzi behar izan zion (errotek bere horretan jarraitu zuten). 1754an, Joaquin Lardizabalek, Laurgaingo jauna zenak, berriz ere martxan jartzea erabaki zuen, gaur ikus dezakegun lan bitxia eginez.

Izan ere, lau presen bidez Mindiko-Erreka eta Giltzur-Iturriko-Errekatik ateratako ura bi altura ezberdinetan kokatutako ur-biltokik jasotzen zuten, makineria konplexua mugitu ahal izateko (bakarrarekin uraren indarra ez baitzen nahikoa). Berrikuntza nabaria izan arren, kalkulu batzuk txarto egiteagatik, ez dakigu burdinolak inoiz funtzionatu ote zuen (ondoko errotak bai).

Funtzionatu ala ez funtzionatu, egia dena zera da, hau dela Gipuzkoan geratzen diren antzinako burdinola bakanetako bat, eta horregatik bakarrik, bere itxura bitxi eta ikusgarriarengatik, eta kokatzen den inguru ederrarengatik, bisitaldia merezi duela. Zabalik: 10-14 ordu bitartean, urte osoan zehar, igande eta jaiegunetan; uztaila eta irailean, asteburuetan; abuztuan egunero (astelehenetan izan ezik) 10-14:30 eta 16-18 ordu bitartean. Noski, parke zabal honetan egin dezakezuen ibileretako bat besterik ez da honakoa, basoak beste txoko interesgarri asko gordetzen dituelako.

Argazkiak

Orio


Zarautz Santa Barbaratik


Pagoetako parke barruan

Arratoiaren ezustea


Elkanoren monumentua. Getarian

Orrialde nagusiraDeba-Urola-Oria kostaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403