Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraUrdaibai erreserbaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Urdaibai erreserba Mundaka-Busturia-Gernika-Santimamiñe-Elantxobe
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi GERNIKA

EUSKAL HIRIBURU SINBOLIKOA

Segituan, aurreko herria bezala, jarduera nagusitzat nekazaritza duen Foruako herrian sartuko gara, eta kilometro pare bat geroago bertako erdigunera iritsiko gara. Puntu honetatik jada, urrunean, Gernikako silueta ikusten hasiko gara.

Segituan barneratuko gara Gernikako hirian, ezbehar baten ondorioz mundu osoan ezaguna dena eta ibilbide honen zein itsasadarraren erdian kokaturik dagoena. Historiaren, artearen eta sinbologiaren arloan euskal hiritarrontzat pisu oso handia duen hiri hau bisitatzea ezinbestekoa bilakatu da, bai guretzat eta bai kanpotarrentzat ere, askoren ustez gure izaera oso ondo islatzen duen herria baita.
Bertatik Kortezubi-Lekeitio norabidean irtengo gara, eta beraz, itsasadarraren eskuin aldeko zatiari ekingo dio.

Zer ikusi

GERNIKA

1937ko bonbardaketa faxistak eta Pablo Picassoren koadroak mundu osoan ezagun bihurtu duten “Bakearen Hiri” hau iman bat bezalakoa bihurtu da eta Munduan zehar barreiaturiko euskaldunak Euskal Herrira etortzen direnean, ezinezkoa izaten zaie Gernikara hurbildu gabe geratzea, eta berdin gertatzen zaie gure herria bisitatzen duten atzerritar askori.

Gernikako historia, Juntetxea eta Arbola, jende askoren iritziz, Euskal Herriaren, euskaldunen eta euskal izaeraren isla bihurtu dira. Izan ere, kanpotar askok Gernikan Euskal Herriaren “laburpen” moduko bat ikusten dute (herriaren historia luzean, euskalduntasunean, tragedietan, Juntetxeko demokrazian, Arbolak sinbolizatzen dituen ohitura zaharretan eta askatasun-nahian, erlijiotasunean, azoka-giroan, artean, jaietan...). Eta badute horrela pentsatzeko arrazoirik.

HISTORIAN ATZERA

Historiaurretik populatua (Santimamiñeko kobazuloetan K.a. 15000. urteko aztarnak daude), erromatarren garaiko arrasto gehien duen Bizkaiko bailara da Gernikako Itsasadarra. Jada erdi aroan, 1366an Don Tello Kondeak Gernikako Hiria fundatu zuen, Bizkaia barruko komunikazioetarako leku estrategiko batean. Hurrengo mendeetan burgesiaren menpe egondako hiri honek ez zuen gorabehera handirik ezagutu, noizbehinkako suteak eta uholdeak izan ezik. Eguneroko bizitzak nekazaritza, merkataritza eta artisautzaren inguruan jarraitu zuen.

Halere, arbola baten azpian komunitateko arazoez jardutearen ohitura zahar horrek indar berezia hartu zuen Gernikan, bertako arbola eta juntetxea Bizkaiko garrantzitsuenak bihurtu baitziren. Horrela, 1876 arte Bizkaiko legeak bertan idatzi ziren, herri bakoitzeko bi ordezkari bilduz. Gaztelako errege-erreginek ere bertan zin egiten zuten Euskal Foruak errespetatuko zituztela.

Azkenik, euskal eskubide eta askatasunen hiri bihurtu zen honetan, 1937ko apirilaren 26an, lau ordu luzetan zehar, Condor Legioaren hegazkin alemaniarrek bonba-zaparrada izugarria jaurti zuten, hiria erabat suntsituz eta ordu arte herritar zibilen artean mundu osoan izandako sarraskirik odoltsuena eraginez (etortzear zeuden basakerien “esperimentu” gisa-edo).

IKUSTEKOAK

Gernikako Azoka ospetsua egiten den Juan Calzada kalearen eskuin muturrean (hiriaren erdi-erdian) Eriako Lorategi atsegina dugu, eta bertan, Ursoloko edo Merkurioren Iturria. Bertatik, eskailera batzuk igoz, Pasealeku Plazara iritsiko gara. Hemen, Gernika Gudarostearen oroimenez, friso bat kokatua dago balkoian.

Segituan, ezkerreko aldean dagoen Seberino Altube Auditorioaren ondotik, Gernikako eta agian Euskal Herriko sinbolorik maitatuena ikusiko dugu: Arbola gordetzen duen Juntetxea. Juntetxeak, 1826-33 urte bitartean estilo neoklasiko hutsean eraikia, Antiguako Andre Mariaren eliza du nukleo gisa, gaur egun Bizkaiko Batzar Nagusiaren kokaleku dena. Bere barnean, gainera, areto oso bat estaltzen duen itzelezko (235m2) beirategia miretsi daiteke. Bertan, arbola eta euskaldunon irudikapen ederraren inguruan Juntetxean izandako herri guztietako armarriak ikus daitezke. Lorategian Gernikako Arbola ospetsuak (zaharra, oraingoa eta berria) ditugu, gure herriaren askatasunen sinboloak. Juntetxea bisitatzeko ordutegia: egunero, 10-14 eta 16-18 ordu bitartean (udan 19ak arte).

Juntetxearen atzealdean, Santa Klara Komentua, Jaurerriko Antzinako Ospitalea (aurrekoari erdi-puntuko arku batez lotua) eta Bizkaiko Foru Artxibategia (Lumoko antzinako Udaletxea; bere agirien artean Foru Zaharra nabarmentzen delarik) ditugu, Arbolak izan duen historiaren lekuko gisa.

Multzo honi itzulia eman ostean, ezkerraldean Alegria jauregiarekin egingo dugu topo, XVIII.ean hiriko barroko estilo ederrean guztiz berreraikia, eta gaur egun Euskal Herriko Museoa dena. Bertan gure herriarekin zerikusia duten hainbat gai lantzen dira. Zabalik: asteartetik larunbatera, 10-14 eta 16-19 ordu bitartean (igandeetan 10-13:30). Museoa Europako Herrien Parkearen sarreran dago. Atseden hartzeko egokia den parke honetan, Euskal Herri atlantikoaren lau ekosistemak bilduta daude: pagadia, hariztia, artadia eta ibaiertzeko landaretza.

Parkearen alboan (egurrezko zubitxo batetik pasa daiteke bertara), zelaitxo batean, Gernikako bi eskultura ospetsuak ditugu: Bakearen Monumentu izan nahi duen Txillidaren “Gure Aitaren Etxea” (Arbolari eskainitako zazpi metroko eta 180 tonako hormigoizko leiho moduko bat, 1988koa) eta Henry Moore-ren “Large Figure in a Shelter - Irudi Handia Aterpe Batean” (brontze urtuzko 20 tonakoa, antzinako bizimodua irudikatzen duen biztanlea oskolaren babesik gabe dagoela esan nahi du; 1986koa da). Azken honen atzean Udetxea jauregia dago, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuaren egoitza.

Egurrezko zubitxoaren azpitik beherantz doan Allende Salazar etorbidetik, zuzenean Andre Mariaren elizara iritsiko gara. 1418an gotiko estiloan hasia, ez dute 1715 arte amaituko, Berpizkundeko estiloan hain zuzen. Dagoeneko hiriko alderik zaharrenean, ezkerrerantz jaitsiz, bertako erdigune den Foruen Plazara iritsiko gara. Plazaren jiran kokatuak, Euskal Diasporaren Aretoa, Udaletxea, Turismo Bulegoa eta Gernikako Historiaren edota Bakearen Museoa ditugu, azken hau astelehenetik larunbatera 10-14 eta 16-19 ordu bitartean (udan 10etatik 19etara) eta igandeetan 10etatik 14etara.

Azkenik, kalez kale ibili, batez ere azoka eguna bada (astelehenero), giro polita dago-eta, edota Artekaletik Jai-Alaira iritsi zaitezkete, San Joan Ibarra plazatik igaroz, Azokara ailegatu (aurrean “Astelehena Jai” baserritarren omenezko eskultura), eta bertatik Eriako Lorategiraino itzuli.

Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Bizkaia
33 km.
10 m.
15.523
%71
8 km2
1.940 bizt./km2
Andra Mari eta San Roque (abuztuak 15-16)
Azoka Nagusia (urriko azken astelehena)

 

 

 

 

Argazkiak

Gernikako Juntetxea


Gernikako Juntetxea

Orrialde nagusiraUrdaibai erreserbaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403