GASTEIZ
Arabako eta, 1980az geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu
denak herrialde osoko populazioaren bi herenak biltzen ditu, baina
beste hiriburu batzuk ez bezala, bere garapena eta handitzea planifikatua
eta ordenatu izan da, eta horren ondorioz, berdegunez beteriko oso
hiri atsegina eta bizi-kalitate altukoa dugu gaur egun. Bestalde,
eta bitxikeria gisa, Arabako Lautadan kokatua egoteak Hego Euskal
Herriko hiririk hotzena izatearen ospea ekarri dio, Siberia-Gasteiz
ezizenak agerian jartzen duen moduan
HISTORIA APUR BAT
Arabako Lautada kontrolpean izateko, 1181ean Gasteizko herrixkak,
Antso VI Jakituna Nafarroako Erregeak fundatua, Victoria izena hartu
zuen. 1200ean Gaztelaren menpe geratu ondoren, merkataritza-gune
bihurtu zen, artisauen eta juduen komunitatearen laguntzari esker
oparotasun garaiari hasiera emanez. XIII. mende honetan Erdi Aroko
hiria altxatuko zuten.
XIV.ean beherakada etorriko zen, Europako krisiaren eta noble landatarren
eta hiriko biztanleen arteko liskarren ondorioz. Populazioa jaitsi
eta nobleek gotorleku gisako jauregiak eraiki zituzten. XVIII. mendea
arte Gasteizek ez zuen ordu arte bizi izandako oparotasuna berreskuratuko,
eta bitartean merkataritzan jarraitu zuen.
Frantsesek 1803-1813 bitartean okupatu zuten, eta I. Karlistadan
ere gauza bera jasan zuen. Azkenik, Bizkaia eta Gipuzkoaren kasuei
jarraitu gabe, industrializazioa XX. mendeko bigarren erdialdetik
aurrera garatu da bertan. Gaur egun, hiriburu izateak zerbitzu-gune
garrantzitsu bihurtu du, tamaina txikiko industria ahaztu barik.
ANDRE MARI ZURIAREN INGURUAN
Ohi dugun moduan, Gasteiz barruko ibilbide hau ere hiriko arimatik
hasiko dugu, biztanle guztien topaleku den Andre Mari Zuriaren Plazatik
alegia. Hementxe biltzen dira blusak jaietan, Zeledon
noiz jaitsiko den zain. Triangelu itxura duela, leihate zuri eta
zabaleko etxe ederrek inguratzen dute plaza hau, San Migel eliza
kokaturik dagoen izkina izan ezik. Erdian Gasteizko Bataila gogoratzen
duen monumentu handiosa kokatua dago.
San Migel eliza XIV. mendekoa da, eta ataurreko bi arku handien
artean Andre Mari Zuriaren irudia gordetzen da. Barruan erretaula
azpimarratu behar dugu. Elizaren atzean XVI. mendeko Villa Suso
jauregi gotiko-platereskoa dugu (gaur egun kultur gunea), eta pixka
bat harantzago San Bizente eliza. Tenplua XV. mendekoa da, eta dorrea
XIX.ekoa; barruan erretaula txurrigereskoa dugu.
Elizaren eskuineko San Bizente aldapatik beherantz jaitsiz, eta
berriz ere eskuinetik plazara itzuliz, hiriko bitxikeria arkitektoniko
baten albotik pasatuko gara: Arkutxoak. Hauek XVIII.-XIX.
mende bitartean zehar altxatu ziren, mailakatutako eraikin batzuen
bidez hiri zahar eta modernoaren arteko gainbeherari irtenbide bat
eman nahirik. Begiratoki polita osatzen dute. Azkenik, Andre Mari
Zuriaren ondoan, Espainiako Plaza itxi eta karratu bikaina dugu
(220 x 220 oin). Arkupedun enparantza hau XVIII. mendearen bukaera
aldekoa da, eta elementurik garrantzitsuena Udaletxe neoklasikoa
du.
ERDI AROKO ALDE ZAHARRA
Azken plaza honen ekialdeko atetik irtetean, eskuineko aldean,
1922ko Postetxea ikusiko dugu, dorretxe zaharren antzekoa dena,
baina gu, ezkerretarantz eginez, San Frantzisko aldapa igotzen hasiko
gara, Gasteizko poteo-kalerik ezagunenean sartuz. Horrela, Aiztogile
kalearen (euskaldun gehienek horrela idatzia ezagutzen dute) 22.
zenbakian XV. mendeko Sokaren Etxea aurkituko dugu, erdi aroko behe-solairu,
dorre gotiko eta izardun sabai eder batez hornitua.
Berrehun bat metrotara Bendaña Jauregi zurixka topatuko
dugu, gotorleku kutsua ematen dion armarridun dorre zilindriko bat
duela. Jauregi eder honek Euskal Herriko erakustokirik bitxi eta,
ondorioz, interesgarrienetako bat gordetzen du: Fournier
Karta Museoa. Museo honek Felix Alfaro Fournierrek 1916az geroztik
bildu, mundu guztian zehar erosi eta hainbat pertsonek emandako
karta-bilduma osatua du, munduko garrantzitsuena alegia, eta baita
horrelako kartak egiteko osagaiak ere. Garai askotako eta mundu
osoko kartak ditugu ikusgai, beste bitxikeria askoren artean. Zabalik:
asteartetik ostiralera, 10-14 eta 16-18:30 ordu bitartean; larunbatean
10-14 eta igande-jaiegunetan 11-14 bitartean.
Kalea amaitzear dugula, Andre Mariaren Katedrala edo Katedral Zaharra
ageri zaigu. XIV. mendekoa (XII.eko baten gainean egina dago baina
dorrea XIX.ekoa da), hiriko parterik altuenean kokatua dago. Kanpotik
gotorlekua dirudi, hiru ataldeak nabarmentzen direlarik, eta barruan
gurutze latindarreko plantak hiru nabe ditu, eta koru plateresko
ederra.
Jainkotegiaren iparraldean XV. mendeko Andatarren Dorretxea (sarbidea
babesten zuena eta hiriko eraikinik zaharrena), metro batzuk aurrerago
XV.-XVI.eko Portale ikusgarria (aroztegi eta postetxe izandakoa)
eta eskuineko aldean XVI.eko Gobeotarren Jauretxea ditugu, guztiak
ere Buruileria Plazaren inguruan. Gainera, Berpizkundeko azken eraikin
honek bere baitan Arabako Arkeologi Museoa du, herrialde honetan
topaturiko aztarnek osatua. Zabalik: asteartetik ostiralera, 10-14
eta 16-18:30 ordu bitartean; asteburu-jaietan goizez. Sarrera dohainik
da, hiriko museo guztiak bezalaxe.
Frai Zacarias Martinez kaletik itzultzen ari garela, Eskoriatza-Eskibel
jauregiaren aurrealde platereskotik igaroko gara (XVI.eko Berpizkunde
estiloan egina), eta aurreraxeago, kalearen beste aldean, Montehermoso
jauregiaren paretik. Metro batzuk aurrerago aldiz, gure eskuinean,
harresietako hondakin batzuk ditugu.
Puntu honetan Bakardade kantoiko eskaileretatik San Pedro eliza
ikusiko dugu. Gehientsuena XIV. mendekoa da, XIII.ean hasi ziren
baina XIX. mendea arte ez zuten guztiz amaitu, lanak eta erreformak
zirela medio. Hala ere, bertara zuzenean joan beharrean, lehenik
harekiko paralelo doazen Korreria, Zapatari eta Herreria kaleetako
etxe eta jauretxeetan zehar ibiltzea gomendatzen dugu, sigi-saga,
alde zahar osoaren irudi egokia jasotzeko.
Dena dela, ezinbestean ikusi beharrekoa Doña Otxandaren
dorretxea da, eta horretarako Korreria kalean barrena Harategi kantoiraino
segitzea gomendatzen dugu, bertako eskaileretatik oso ikusgarri
ikusten baita. XV. mendeko erdi aroko etxe baten hondarren artean
1970ean eraikia, Arabako Natura Zientzietako Museoaren egoitza da.
Azkenik, kalearen amaieran, berriz ere Andre Mari Zuriaren plazan
egongo gara.
HIRIGUNE MODERNOA
Alde Zaharra modernoarekin lotzen duten Andre Mari Zuria, Espainiako
Plaza, Arkutxoak eta Postetxea bisitatu ostean, orain bete-betean
sartuko gara zabalgune neoklasikoan. Espainiako Plazaren hegoaldeko
irteeratik hasiko gara, bertan XX. mende hasieran etxeei txertatutako
begiratoki zuri-ederra ikus dezakegulako. Leihate mota hau ohikoa
da inguru honetan, eta eraikinak nabarmen edertzen ditu.
Ezkerrean Postetxea utziz, bere garaian polemika handia sortu zuen
Foruen Plazara iritsiko gara. 1981ean Txillida eskultoreak eta Gantxegi
arkitektoak egina, granitozko monumentu-multzo bat da, harmailak
dituen plaza ikusgarri baten barnean. Hartu dugun kalearekiko paralelo
doazen Alava Jenerala, San Prudentzio eta Florida kaleek ere badute
zer ikusia, baina gu laugarrenetik itzuliko gara, hots, Manuel Iradier
kaletik.
Foru kalearekiko kantoian Fournier Karta-Etxea edo lantegi zaharra
dugu, eta San Antonio kalearekiko kantoian, berriz, Pando-Arguelles
jauretxe izandako eraikin ikusgarria. San Antoniotik Loma jeneralaren
plaza zeharkatuz (aurrean San Antonio eliza dugula) Andre Mari Zuriaren
plazara itzul gaitezke.
FLORIDATIK ARMENTIARA
Hiri gutxik izango dute bizpahiru kilometroko pasealeku batean
hainbeste interesgune eta berdegune, eta horrexegatik, autoa utzi
eta Armentiara oinez joatea aholkatzen dizuegu.
Florida Parkearen alde batean Eusko Legebiltzarra dago, 1853koa,
eta parkearen ondoan Katedral Berri neogotikoa, bost nabe, girola,
eskultura eta hainbat beirategi ikusgarri dituela. Katedral aurreko
Vicente Goikoetxea kaletik Arabako Foru Aldundiaren jauregira iritsiko
gara, Probintzia Plazan kokatua. Florida 1820ko parke polit eta
erromantikoa da. Bertako errekek, basotxoek eta 1890eko musika-kiosko
zuriak (alboetan lau errege bisigodoen eskulturak ageri direla)
hiriko lekurik erakargarrienetakoa bihurtzen dute. Parkearen ezkerraldetik
Florida Ibilbidea abiatzen da, gero Senda, Frai Francisco Vitoria
eta Cervantes izenak hartuko ditu ibilbide horrek, baina osotasunean
hartuta, pasealeku bakarra, arbolatsua eta ederra dugu.
Senda zoragarri honetan lehenbizi Zulueta jauregitik (Antso Jakitunaren
Fundazioa) eta lorategietatik pasatuko gara. Trenbide azpitik igaro
ostean, jada Frai Francisco Vitoria ibilbidean, XX. mende hasierako
jauregi ederrak bata bestearen atzetik agertuko zaizkigu: Zuloaga
Etxea, Buruko Minen Etxea (begiratokiei eusten dieten irudietatik
datorkio izena), Maria Enea (ingeles estilokoa), Sofia Enea ederra
(alboan, arabiar estilokoa)...
Bi hauen parean, Arabako Armagintza Museoa topatuko dugu (historiaurretik
XX.erainoko mundu osoko armak), eta horren alboan, Augusti gaztelu-jauregian,
Arabako Arte Ederren Museoa (XIV.-XX. mende bitarteko margo eta
eskultura interesgarriak ikusgai dituela, eta baita numismatika
gela bat ere). Zabalik (biak): asteartetik ostiralera, 10-14 eta
16-18:30 ordu bitartean; larunbat eta jaiegunetan, berriz, 11etatik
14etara.
Armagintzakoaren alboan Ajuria Enea Lehendakariaren egoitza dugu,
euskal estiloan altxatua. Aurrerago Pradoko Parke zabaletik, Famili
Santuaren kapera bizantiarraren ondotik eta Mendizorrotzako kirol
instalakuntzetatik igaro ostean, Garaipen Arku moduko baten azpian
San Prudentzioren estatua ikusiko dugu, atzean santu honen omenezko
basilika dugula.
Horrek guztiak Armentian sartzen ari garela adieraziko digu; gasteiztarrek,
bertako zelai, sagardotegi eta inguruneez baliatuz, asteburuetan
askotan bisitatzen duten herrixka. San Prudentzio Arabako zaindaria
da, eta bere basilika, erromanikoaren perlatzat hartua dago. XII.
mendekoa baina XVIII.ean eraberritua, azpimarratzekoak dira kanpoko
zein barruko eskulturak, gurutzeria eta kapitel galantak, abside
ikusgarria, XVIII. mendeko arkudun ataurrea eta bi tinpanoak.
Herrialdea
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak |
Araba
525 m.
216.929
%14
277 km2
783 bizt./km2
San Prudentzio (apirilak 28)
Blusen eguna (uztailak 25)
Andra Mari Zuria (abuztuak 5) |
|