Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraLizarra-IruñerriaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Lizarra-Iruñerria Irantzu-Lizarra-Iratxe-Gares-Erreniaga-Zizur nagusia-Iruñea
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi GARES

SANTIAGO BIDEAN ALDERANTZIZ

Aiegitik Lizarrarantz itzuliko gara berriz, baina oraingoan, haren ondotik pasatuko gara, Iruñerako bidean. Bidean Bilatorta (erromatarren garaiko aurri edo hondakinak eta erliebe aurrerromanikoak), Lakar (XII. mendeko Santa Engrazia basilika), Lorka, Zirauki (zubi erromatarra) eta Mañeru nekazaritza kutsuko herrietatik edo horien ondotik pasatuko gara, paisaia osoa laborantza lurrek hartua duten eskualde batetik barrena.

Azken herri hau pasatu eta handik bi kilometrora, izen bereko askaldegi edo atsedenleku bat aurkituko dugu, bista politak dituen mendate baten magalean (34 km daramatzagu dagoeneko). Beste bi kilometrotara, Garesen (Puente La Reina) sartuko gara. Ilzarbe Bailarako hiriburu, Santiagoko Bidearen bi ibilbideek bertan bat egiteari zor dio duen izaera historiko-artistiko garrantzitsua.

Gareseko erdigunea zeharkatu ostean, eskuinetarantz joko dugu, “Campanas-Eunate” norabidean, eta handik 2 km-tara Obanos herriaren ondotik pasatuko gara. Herritxo atsegin honetan San Joan Bataiatzailearen Eliza neogotikoa ikusteko parada izango dugu, besteak beste, baina horrez gain bertako kaleetatik paseatzeko ere herri egokia da.

Garesetik honantz etortzeko erabilitako errepidean beste bizpahiru kilometro egin ondoren, berriz, gure eskuin aldean Nafarroako tenplurik misteriotsu eta harrigarrienetariko bat ageri zaigu, Eunateko Andre Mariarena eta bere elizpe oktogonala alegia. Gareseraino bide beretik itzuliz, oraingoan eskuinetara hartuko dugu, errepide nagusi honetatik Iruñerantz hurbiltzeko.

Zer ikusi

GARES

Garesen bat egiten dute Santiagora doazen Nafarroako eta Aragoiko bideek. Horrenbestez, hiriak monumentu-aberastasun oso zabala du ikusgai. Hiriaren erdal izenaren jatorria Arga ibaiaren gaineko zubi ederretik dator, XII. mendean harriz egina, eta puntu erdiko sei begi dituena. Ohartzen bazarete, zubi honen zutabe batean oso mezu polita duen plaka beltz bat aurkituko duzue.

Hiriaren sarreran Tenplariek fundatutako Gurutzefikapenaren Eliza kokatua dago. Barruan XIV.eko Gurutzefikapenaren tailu ederra gordetzen du. Erromesen kalean edo Kale Nagusian, Santiago eliza dugu, XII.ean altxatua eta XVI.ean berregina. Lehen tenplu erromanikotik XII. mendeko bi atalde ederrak geratzen dira. Barrualdean, irudi sakratuak eta bitxigintza bilduma garrantzitsua daude.

San Pedro Apostoluaren eliza XV. mendekoa da, baina ondoren zenbait eraberrikuntza egin zaizkio. Azkenik, Sancti Spiritus-eko Gomendatzaileen Komentuko eliza aipatuko dugu. Hiriko kaleetan zehar presarik gabe ibiltzea aholkatzen dugu, etxe eta jauregietako armarriak lasai behatzen ditugun bitartean.

EUNATEKO ANDRE MARI

Obanosetik gertu dagoen (ikus ibilbidea) tenplu hau Santiago Bidean dauden originalenetakoa da. Erromaniko berantiar estilokoa (1170. urte ingurukoa), planta oktogonala du eta nerbio lau angeluarrez estalia dago. Aldarean berriz, Andre Mariren tailu bat aurkituko dugu.

Kanpoaldea edertasun handiko apiriko edo atrium batek inguratzen du, landare-motiboz apaindutako kapitelak dituzten zutabeekin. Zortzi aldeetatik soilik hiru dira jatorrizkoak, gainontzekoak XVIII.ekoak direlako.

Bere jatorriari buruz, tenplariekin lotu izan dute batzuek, baina seguru aski San Joanen ospitale-Ordenaren hil-kapera izan zen. Ahozko tradizioak, berriz, Erregina batek altxarazi zuela dio, eta bertako harriek anderearen hilobia gordetzen dutela azpian.

Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
24 km.
347 m.
2.124
%5
40 km2
50 bizt./km2
Santiagoak (uztailak 25)

 

 

 

 

Argazkiak

Gareseko zubipean

Erreniagako parke eolikoa


Eunateko misterioa

Orrialde nagusiraLizarra-IruñerriaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403