Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafarroa behereaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nafarroa beherea Hazparne-Donamartiri-Bidarrai-Baigorri-Aldude-Donibane Garazi-Donazaharre
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi IRULEGI-DONIBANE GARAZI-DONAZAHARRE

Baigorrira itzuliz, Donibane Garazirako bidean Irulegitik pasatuko gara. Herri hau, jatorrizko izendapena duen bertako ardoarengatik da ezaguna, izan ere Ipar Euskal Herrian dagoen izendapen bakarra baita. Aipatzekoak dira, halaber, Sorhoetako Kaperan dauden XVII.-XVIII. mende inguruko egurrezko estatuak.

6 km. geroago (Uharte-Garazi igaro ostean) euskal hiribururik txikienean baina baita herririk politenetako batean ere sartuko gara. Alderdi guztietatik erdi aroko kutsua darion leku ederra eta oso animatua da Donibane Garazi. Ondare historiko-artistiko zabal horrek eta, halaber, baserritarrek, erromesek, merkatariek eta turistek sortzen duten giroak, guztiz erakargarria egiten dute inguru hau.

Gure ibilbidea 4 km. aurrerago amaituko dugu, Izpura igaro ondoren, Donazaharren (St.-Jean-le-Vieux) hain zuzen ere. Donazaharre Santiagora zihoazen erromesen atsedenleku izan genuen, eta hiriburua baino are garrantzitsuagoa. Bertako elizak, adibidez, prioretxe-ospitale funtzioak bete izan ditu, Garazi Herriko ordezkarien batzarleku izateaz gain. Etxe bikainek eta frontoira begira dagoen plaza batek edertasun handiz janzten dute kale nagusia. Plazak harrizko gurutze interesgarri bat du.

Zer ikusi

DONIBANE GARAZI

Donibane Garazi Euskal Herriko hiribururik txikiena da (Nafarroa Beherean), baina aldi berean herririk politenetako bat ere bai, Ipar Euskal Herrian gune turistiko oso garrantzitsua izateaz gainera.

HISTORIA PIXKA BAT

Antzina Akitaniako Dukerriaren mende egon zela diote, baina handik gutxira Nafarroako Erresumaren zati izatera pasatu zen. 1383 eta 1417 urte bitartean, mendebaldean izandako zisma-garaian, Avignongo Apezpikuaren egoitza bertan kokatua izan genuen, Aita Santuak Baionakoa bakarrik onartzen zuen bitartean.

XVIan espainiarrek eta nafarrek hiria “txandaka” hartu zuten beren mende. Bake-garaian harresietatik kanpo garatu eta Ziutadela eraiki zuten, aurreko gazteluaren ordez. Dena den, erdi aroko itxura duen hiria izaten jarraitzen du oraindik.

IKUSTEKOAK

Donibaneko ohiko kaleak maldan gora antolatuta daude, muino baten gainean dagoen Ziutadelara begira. De Gaulle edo Marché Plazan Turismo Bulegoaz gain Herriko Etxea dugu, Mansart Jauregian. Louis XIV. estiloko etxe gorrixka ederra dugu berau.

Errobi ibairantz hurbilduz, zubian geldituko gara unetxo batez, hiri honetako “postal”ik ezagunenaz gozatzeko, gure aurrean zintzilik dauden egurrezko balkoi luzeko etxe zaharrak, zubi zaharra, eliza eta Ziutadelako mendixka ditugula. Bertan dagoen Nafarroako Atea igaroz gero, harresien barnean sartuko gara; nahi badugu harresien gainetik ere ibil gaitezke, igotzeko eskailerak daudelako.

Aurre-aurrean, Notre Dame du Bout du Pont Eliza dugu, baina horren aurretik Xabierko San Frantziskoren arbasoen jauregia ere hortxe dugu, besteak beste. Elizaren lehen aulkiak antzinako elizaren garaikoak dira, Navas de Tolosako garaipena ospatzeko Antso Azkarrak eraikia. Barneluzego bakarrekoa, beirategietan eta aldarean Nafarroako kateak aurkituko ditugu.

Notre Dameko Atea zeharkatuz, erromesen bidetik, Ziutadelako karrikatik gora igotzen hasiko gara. Aldapa gogorreko kale harritsu hau Euskal Herrian aurkitu ditugun politenetako bat da, bere etxe, teilatu eta ateburu koloretsu eta apainduekin.

32. zenbakian Donibaneko etxerik zaharrena eta politenetakoa dugu, 1510ekoa, 39an Apezpikuen Etxea eta 41ean XIII.eko Apezpikuen Presondegia izandakoa. Bertatik barruko gelak ikus daitezke, eta beheko solairuan presoak lotuta edukitzeko iduneko eta zirgilo beldurgarriak. Zabalik: apiriletik azaroaren 15a bitarte, 9:30-19 ordutegia duela.

Etxe interesgarri askotxoren artetik gora segituz Saint-Jacques Atea topatuko dugu, erromesak sartzen zireneko atea. Hemendik aurrera, igoera txiki bat besterik ez zaigu geratzen XVII.eko Ziutadelaraino. Aldapa honek Erregearen Ateraino eramango gaitu. Gero, zubi altxagarriaren ostean, Gobernatzaileen Pabilioia dago, kanpandorre polit bat duela. Barrualdera ezin gaitezke sartu, bertan lizeo bat dagoelako, baina begiratokia konparaezina da.

Kale harritsu beretik beherantz goazela, erdialde parean eskuinetara karrika bat ikusiko dugu, Frantziako Atera eta plaza nagusira eramango gaituena. Ateak harresietara igotzeko beste eskailera bat ere badu. Guk Ziutadelako Karrikatik beherantz segituko dugu, ibaia zeharkatu eta Espainiako Kalera iritsi arte. Azken hori, merkataritza-kale oso animatua da, oroigarriren bat erosteko aproposa, etxe atseginen artean artisautza mota askotako dendak tartekatzen direlarik.

Errobi ibaiaren ur garbietara itzuliz, harekiko paralelo doan bide bat ikusiko dugu. Bide honetatik eskailera luze batek berriz ere Ziutadelaraino eraman gaitzake, edo bestela, egurrezko zubitxo polit bat zeharkatuz, udal kanpinera eta pilotalekura. Harantzago, “zubi erromatarra” dugu, erdi arokoa, noski, ingurune arbolatsu eta oso polit batean.

Herrialdea:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa Beherea
163 m.
1.726
daturik ez
3 km2
575 bizt./km2
Herriko Jaiak (abuztuak 14-16)
Maskaradak (Ihauteriak)

 

 

 



Argazkiak


Donibane Garazi

Orrialde nagusiraNafarroa behereaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403