Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraErronkari haranaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Erronkari harana Burgi-Erronkari-Urzainki-Izaba-Uztarroze-Linza-Belagoa-San Martin
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi BURGI-ERRONKARI-URZAINKI-IZABA

ABIAPUNTU GISA KOROAK (Las Coronas) mendateko begiratokia aukeratu dugu, Nabaskoze eta Burgi herrien artean. Mendate hau bailararako sarrera da, eta begiratokian dagoen norabide-mapatik, geroago hurbilduko garen Pirinioetako gailurren ikuspegi ederra ikus daiteke.

7,5 km-ra Burgiko turismo-kartel horia dugu. Honen atzean dagoen malkorrera igoz gero, herriko eta inguruetako bista politak izango ditugu. Burgin bertan, merezi du karrika estu eta harritsuetan barrena paseatzea, Pirinio kutsuko egurrezko etxe dotoreen artetik, Eska ibaiaren gaineko erromatar zubi ikusgarriraino.

Erronkarirantz goazela, landaretza urriagotzen doala konturatuko gara, eta horren ordez, haitzak, haizpitarteak eta, orokorrean, paisaia harritsua nagusitzen dela. 11. km inguruan Erronkarin (Roncal) sartuko gara, bailarako zentro eta Julian Gayarre tenorearen eta izen bereko gazta ospetsuen sorterri.

Iparralderantz goazela, hurrengo geldialdia Urzainki dugu, eta aurrekoak eta hurrengoak bezala, mendiko herri atsegin bat dugu berau. Herriko etxeek osatutako batasun horrez gain, San Martin Tours-en eliza nabarmenduko dugu, harrizko tenplu gotikoa, erretaula barroko bat duela.

Beste 4 km-tara Izaba herri ederra dugu, bailarako gune turistiko eta mendizaleentzat garrantzitsuena. Herria eta gasolindegia pasatu eta gero, ezkerretara jo, Otsagira. Bi mendiren artetik goazela, 2,5 km-tara eskuinera Mintxate Zintzurra ikusiko dugu. Bertan aparkatu eta arroila igaro ostean, atzeko bailaratxo atseginean pasea gaitezke.

Pare bat km gehiago eta Uztarrozen sartuko gara. Etxeez gain, Santa Grazi elizan Nafarroako organo eta zilargintza erlijioso bildumarik garrantzitsuenetakoa gordea dago.

Herritik 3,5 km-tara arku bakarreko zubitxo polita ikusiko dugu, Eska ibaiaren ur hotz, bizkor eta gardenen gainean. Ibilbidearen 40. km-an Lazar mendatera iritsiko gara. Bertatik Pirinioetako beste ikuspegi polit bat bistaratuko dugu. Gero, Izabara itzuliko gara.

Zer ikusi

ERRONKARI

Erronkari, izen bereko haranaren zentro geografikoan kokatua dago, eta bere harrizko landa-etxeek Pirinio estiloko oso herri polita osatzen dute. XVII-XVIII. mendeko jauretxeen artetik Gambra, Lopez eta Sanz aipatuko ditugu. Monumentuei dagokienez, XVI. mendeko San Esteban eliza nabarmentzen zaigu, gurutze latinoko planta eta XVII. mendeko erretaula landua dituela.

JULIAN GAYARRE (1844-1890)

Erronkariar hau mundu osoan ospetsu bihurtutako tenore bat dugu. Txikitan artzaina izan zen, baina Madrilera ikastera joan eta musika-zaletasuna piztu zitzaion; Iruñeko Orfeoian hasi eta Italian ikasteko beka bat lortu zuen. Bertan estreinako aldiz aritu zen, eta handik aurrera munduko tenorerik onena izatera heldu zen.

Gaur egun, Erronkarin bere omenezko museo bat dago, eta hilerrian (frontoia ezkerrean utziz kilometro batera) Mausoleo artistiko ederra ikus dezakegu. Benlliureren brontzezko lan hau, 1900go Pariseko Erakusketan ikusgai izan ostean, Maria Kristina Erreginak Madrilera eraman nahi izan zuen.

Herrialdea
Iruñera
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
Nafarroa
88 km.
727 m.
364
%4
39 km2
9 bizt./km2
Andra Mari (abuztuak 15)

 

 

 


IZABA

Izaba Pirinioetako lehen bi mila metroak igotzeko “Oinarrizko Kanpamendutzat” kalifika genezake. Izan ere, mendizale askok eta askok herri hori aukeratzen dute inguruko gailurretara iristeko, edota eskian aritzeko, abiapuntu edo atsedenleku gisa. Ondorioz, urte osoan zehar mendi-giro nabarmena sumatuko duzue herri polit honetan.

IKUSTEKOAK

Belagoa, Belabartze eta Uztarroze ibaiek bat egiten duten tokian (Eska ibaia eratzeko) menditxo batean kokatua, euskal-aragoar-pirinioar estiloko herri ederra da. Horrenbestez, harrizko etxeek elurte gogorrak jasateko gai diren teilatu maldatsuak dituzte (tximinia biribilak ere berea dauka), leihoak harlanduzkoak dira, eta harrizko kaleekin batera, osotasun ederra eratzen dute.

Sute batek 1429an herria erabat suntsitu eta 1813an frantziarrek ia zeharo txikitu bazuten ere, etxe nahikotxok beren armarria gordetzen dute oraindik. San Zipriano elizaren barnean -XVI. mendean harlanduz egina- erretaula nagusia nabarmen dezakegu, platereskoa eta polikromatua, XVIII. mende erdialdeko organo barroko ederrarekin batera.

Herrialdea
Iruñera
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
Nafarroa
95 km.
813 m.
562
%5
147 km2
4 bizt./km2
Santiagoak (uztailak 25)

 

 

 

 

Argazkiak

Pirinioar estiloko balkoi tradizionala Erronkarin

Julian Gayarreren mausoleoa

Orrialde nagusiraErronkari haranaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403