Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraDurangaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Durangaldea Urkiola-Mañaria-Durango-Abadiño-Elorrio
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi DURANGO-IURRETA-GARAI-ABADIÑO

URKIOLATIK etorriz, 9. kilometroan dagoeneko Durangon sartuko gara, kilometro bat geroago eskuinera erdigunean barneratuko garelarik. Izena ematen dion eskualdeko hiriburu, bere antzinako harresien arteko alde zaharrean historia luzea eta monumentu interesgarri franko gordetzen dira: Kurutziaga gurutzea, udaletxea, Santa Ana arkua, Andra Mari eliza eta abar luzea.

Herrigunea zeharkatu ostean, N-634 errepidera iritsiko gara, eta bertan Donostiarako bidea hartuko dugu (eskuinera). Hala ere, 300 metrotara ezkerrera joko dugu, Iurreta-Goiuria bidea hartzeko eta beste 100 metro ingurura berriz ere ezkerrera, oraingoan Iurretako elizaldean sartzeko.

Berriz ere Goiurirako bidean, tarteka jada Durango eta bere atzeko mendien ikuspegi politak behatzeko moduan izango gara (14 km. inguru). 14,5. kilometroan Goiuria harrapatuko dugu, alde batean eliza eta bestean begiratoki ederra ditugula. Berau zeharkatuz, Garairantz zuzenduko gara.

Tartean, bi kilometrotara, beste behatoki bat pasatuko dugu, eta beste kilometro eta erdira ezkerrera, Oiz mendiraino igotzen den errepidea (ez dizuegu hartzea gomendatzen, errepide zati batzuk egoera kaskarrean daude-eta). 20. kilometroan eskuinera. Une batez desbideratu egingo gara, 300 metro aurrerago XII. mendeko San Juan Momoitio ermita-behatoki lasai eta atsegina atseden hartzeko leku aproposa baita.

Errepidera itzuli ostean, beste kilometro batera azkenik, Bizkaiko herririk txikienetakora, Garaira iritsiko gara. Etxe ederrak dira herrian, eta Garai Durangaldearen zati handia menperatzen duen begiratoki aparta da. Lasai asko behatzea merezi duten etxe ederren artean Garatikoa jauregia edo jauregi itxurako baserria nabarmen ditzakegu. Bere aurrealdean, leihate bikoitzaren gainean, inskripzio luzea irakur daiteke, besteak beste 1574an eraikia izan zela esaten diguna. Honez gain, San Migel Arkaingerua (XVI. mendea) eta San Joan Ebanjelizatzailea (1550) elizak ere aipa ditzakegu.

Herritxoa zeharkatu ostean Abadiñoko Gerediaga nekazari auzunean sartuko gara, kilometro eta erdi geroago errepide nagusiago batekin bat egiteko. Puntu horretan eskumara joko dugu, Durangorantz, eta 500 metrora berriz ere eskumara. N-634 errepidera itzuli gara. Dena den, errepide honetan ere tarte laburra egingo dugu, 300 metrotara, San Blas hotelaren aurrean, oraingoan ezkerrera desbideratu behar dugulako, Matiena auzoa zuzen zeharkatuz.

Hainbeste desbideraketen ostean, Anboto pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen ikusiko dugu, 27. kilometroan Abadiñoko erdigunean ezkerrera sartu baino lehen. Hainbat auzotan barreiaturiko udalerri honetan eraikin interesgarriak ugari dira. Garrantzitsuenetakoa Muntsaratz dorretxe gotikoa da, izen bereko auzoan, armarri eta arkupe doriarra erakusten dituena, besteak beste. Astia baduzu ez ahaztu eraikin hauek ere bisitatzea: Azpazar edo Aixezko errota-dorrea (Larringan auzoan), Abadiño dorretxea (Zelaieta auzoan), Traña, Uribarrena zein Zeletabe jauregiak, eta hainbat armarridun baserri.

Erdigunea zeharkatu ostean, berriz ere errepidearekin bat egingo dugu. Momentuz berau hartuko dugu ezkerrera, baina 300 metro inguru egin ostean, eskumara joko dugu, Mendiola jartzen duen seinaleari jarraikiz. Bide berri honek Atxarteko harrobietaraino hurbilduko gaitu.

Laster Mendiola auzoa hasten dela ikusiko dugu, eta zuzen zeharkatuko dugu, lau kilometro geroago Atxarteko horma beldurgarrien azpira iristen garen arte. Eskaladarako oso egokiak diren pareta izugarri hauek, oraintsu arte harrobien presiopean bizi izan dira, ekologista eta mendizaleen borroka gai bihurtuz.

Zer ikusi

DURANGO

Durangaldeko gailurreria ikusgarria atzean duela eta Ibaizabalgo bailaran kokaturik, Durango ondare historiko-artistiko aberatseko herria da. Merkataritzak hirian izan zuen eraginak badu zerikusirik ondare horretan.

HISTORIAN ATZERA

Hiria XII. mendean sortu zela uste da, Tavira izenarekin (Durango merinaldea osoarena izango zen). Nafarroako Erreinukoa lehenbizi, 1195ean Gaztelaren eskuetara igaro zen. XV. mendean sendi arteko borroka banderizar eta "Durangoko hereseen" (1442-44) gertaeretan murgilduko da. Azken honen ondorioz, 100dik gora herritar erre zituzten. Kurutziagako gurutzea gertaera honen purifikazio-monumentu gisa altxatu zen, eta ondorengo mendeetan mugimendu heresiar gehiago sortuko ziren.

XVI-XVII. mendeetan zehar izurriteak, suteak eta gerrarako (Espainia eta Frantziaren artekoak) deialdiak bata bestearen atzetik datoz, giza eta ekonomi kostu handiarekin. XVIII mendean beherakada ekonomikoa eta frantsesen aldetiko zenbait okupazio ezagutzen du, eta XIX. mendean aldiz, Karlistadek eragin nabaria izango dute hiriaren bizimoduan, Carlos erregegaiak Gortea bertan kokatu baitzuen.

1886an "Fiestas Euskaras" ospatu zen, garrantzi handiko kultur ekintza, eta XX. mendearen hasieran industriaren garapena garrantzitsua izan zen. 1937ko martxoaren 31n munduan izan zen populazio zibilaren gaineko lehen bonbardaketa sistematikoa jasan zuen herriak, 500 hildako baino gehiago izanez. Gero, gosea eta gabezia latzak, 50eko hamarkada arte, beste garapen prozesu bat ezagutzen duen arte.

IKUSTEKOAK

Herriaren erdialdean Ezkurdi Plaza dugu, izen bereko zesta-puntako frontoi ospetsuaren alboan. Plazan bertan urmael eta landaretzaren artean, Mikeldiko Irudiaren kopia aurkituko dugu (originala Bilboko Museo Etnografikoan dago). Harrizko irudiak lau zangodun animalia irudikatzen du; erromatarren aurrekoa, ez du parekorik Euskal Herrian. Taxiak dauden aldetik irten, errepidea zeharkatu eta pixka bat eskuinerago dagoen Andra Mari kale irregularra hartuz (Mañaria ibaiaren gainetik) hiriko Alde Zaharrean sartuko gara. Sartu aurretik, errepidea jarraituz Zabalatarren jauregia ikus dezakegu, Bruno Mauricio Zabala, Montevideoko fundatzailearen jaiotetxea alegia, eta baita Etxezarreta jauregi ederra ere, gaur egun Arte eta Historia Museoa.

Alde Zaharra Andra Maritik sartzean eskuinera ikusiko ditugun lau kale paralelok (Barrenkalea, Artekalea, Goienkalea eta Kalebarria), eta denak gurutzatzen dituen Zeharkaleak osatzen dute. Andra Marin bertan XIV. mendeko Uribarriko Andra Mariaren Eliza dugu, Arandoñoko dorreari atxekia. Bertan estiloak gainjartzen joan dira, eta horrela, erdiko nabean Berpizkundeko zutabeek sabai gotikoa sostengatzen dute. Erretaula nagusia ere Berpizkundekoa da, eta Uribarriko Andra Mariaren irudia gotikoa. Aurrealdeak ortzia irudikatzen du, muturretan eguzkia eta ilargia eta erdia izarrez beterik. Baina agian ikusgarriena, egurrezko arkupe zabala da.

Barrenkalea eskuinera hartuz, azkenaldean Lariz dorrea ageriko zaigu, zenbait irudi bitxirekin, eta ibaia segituz Santa Ana Plazan sartuko gara. Harrizko enparantza eder honetan eskuinera Santa Ana arkua dugu, antzinako harresietatik geratzen den sarrera bakarra, 1556an barroko estiloan eraikia. Parez pare, XV. mendeko (XVIII. mendean berreraikia, arkua bezala) Santa Ana parrokia. Santa Anako honek eta alboan dagoen ibai gaineko Pinondo plazak oso inguru atsegina sortzen dute.

Atekaletik itzuliz, udaletxetik pasako gara. 1570ean egina, estilo klasikoan kutsu napolitarrarekin, aurrealdeko margo polikromatu deigarriak nabaritzen dira.

Andra Marin berriz, eskuinerantz inguratu eta izen bereko kaletik, eliza baten aurrean Kurutziagako gurutzea aurkituko dugu. Barroko-gotiko estiloko monumentuak "Gurutzearen Zuhaitza" irudikatzen du. Horrela, enborrean paradisuko zuhaitza eta jatorrizko bekatuaren protagonistak, kapitelean 12 apostoluak beren ezaugarriekin, eta goialdean Pasioaren sinboloak alde batetik, eta Ama Birjina umearekin bestetik. Azkenik, gurutzea zerutar sinboloez hornitzen da (eguzkia, ilargia...).

Kalea jarraituz Garai jauregia (liburutegia), bere aurrean Kurutze Santu ermita, eta hurrengo bidegurutzean Olalde jauregia ditugu.

Herrialdea
Bizkaia
Bilbora
74 km.
Altitudea
119 m.
Biztanleak
24.337
Euskaldunak
%44
Azalera
10 km2
Dentsitatea
2.433 bizt./km2
Jaiak
San Fausto (urriak 13)
Euskal Liburu eta Disko Azoka (abenduan)

 

 

 

 

 


Argazkiak


Atxarteko hormak eskalatzaileen paradisu bihurtu dira.


Durangoko udaletxeko aurrealde polikromatua ikusgarria da oso.


Garain honelako baserri zahar eta ederrak ditugu.

Durangoko kurutziaga ingurua.

Santa Ana arkua, izen bereko eliza eta plazaren ondoan.

 

 

Orrialde nagusiraDurangaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403