Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNerbioi itsasadarraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nerbioi itsasadarra Bilbo-Trapagaran-Zierbena-Zanturtzi-Portugalete-Getxo
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi BILBO-TRAPAGARAN-ZUGAZTIETA

EUSKAL HERRIKO HIRIBURU POSTINDUSTRIALA Nerbioi ibaiaren bi aldeak jorratzen dituen ibilbide honi hasierarik egokiena emateko leku bakar batetik has gaitezke, itsasadarrari esker izugarri hazi den Bilbo honetatik hain zuzen ere, Euskal Herriko populazio-gunerik handienetik alegia. Hori bai, Bilbo bere osotasunean (zati handi batean behintzat) ikusi nahi badugu, gure gomendioa “0. km”a Artxanda mendian kokatzea izango da, bertatik hiriko paisaia atsegina izango baituzue.

Hirirantz jaisten ari garela, berehala erdigunera abiatu beharrean, bizkaitarren eta bereziki bilbotarren artean hain maitatua den Begoñako Basilika ikusgarria bisita dezakegu.

Orain bai, Bizkaiko hiriburuan sartzeko moduan gaude; gainera, gaur egungo eta etorkizuneko Bilbo islatu nahi duen ikur garrantzitsuenaren ondotik (edo erditik) egingo dugu, Guggenheim Museo harrigarritik alegia. Horrez gain, turistikoki ospe handirik izan ez duen hiri honek gauza askotxo ditu erakusteko, orokorrean kanpoko jendeak uste duena baino askoz gehiago: Alde Zaharreko giroa, zabalguneko etxebizitza oparoak, museoak eta abar luzea.

Bilbo ongi bisitatu ostean, hiritik ateratzeko bide bat baino gehiago badago ere, guretzat egokiena Santanderrerako autopista izan liteke. Berau 9 bat kilometro geroago utziko dugu, Trapagaran Max Center Zentro Komertzialera joateko irteeratik.

EZKERRALDEKO MEATEGI-GUNEA

Hortik aurrera, Trapagaranerako norabidean jarraituko dugu, lehenbizi ezkerretara eta 200 metro geroago eskuinetara. Horrela, segituan herrian sartu, eta pixka bat geroago, Trapaga Arango erdigunera iritsiko gara. Triano mea-mendiaren magalean dagoen herri honen erdialdean Udaletxea, Parrokia (XV. m.) eta XVIII. mendeko Olaso Jauregia (XIX.ean berritua) aipa ditzakegu.

Herria zeharkatu eta ondorengo bidegurutzean ezkerretara joko dugu, La Arboleda jartzen duen norabidean. Goranzko bidea, 200 metrotara aurkituko duzuen funikularraren bidez egin dezakezue. Autoa erabiltzea aukeratu baduzue, bihurgune ugari eta itxiak dituen errepidea duzue zain. Hori bai, tarteka Nerbioi itsasadarraren inguruko paraje industriala behatzeko aukera izango duzue, eta arraroa badirudi ere, kanpotik begiratuta ondo ematen duela esan genezake (hurbiletik jada beste gauza bat da).

6,5 km. igo ondoren Larraineta auzora iritsiko gara, Trianoko sarrerara. Triano mendigunea Bizkaiko industrializazioaren garrantzizko faktorea izan genuen, bertatik lantegietan erabiltzen zuten burdina ateratzen zelako.

Aktibitate horren ondorioz, azala kendu dioten mendia dugu Triano, erraiak agerian utzi dizkioten mendi harrigarria, forma harrigarriz zipriztindutako paraje ilargitarra. Gizakiak suntsitu duena naturak berriz ere edertu egin dezakeela frogatzeko, beste kilometro bat egin eta errepidearen ezkerraldean dituzuen lakutxo harrigarriak behatu besterik ez duzue egin behar. Urak ederki betetako zulo horiek, bere garaian Europako burdin-meategirik aberatsenetakoak izan ziren. Mendiari bere altxorra atera ostean, naturak berak bere zauriak konpondu eta paisaia aluzinagarria sortzen jakin izan du.

Ondo-ondoan, Zugaztieta (La Arboleda) dugu, eta auzoaren hasieran, ezkerreko aldean, aurrekoen moduko beste uharka bat ikusiko dugu. Meatzarien artean herri historikoa izandakoa, eliza eta etxe ederren artean langile hauen bizimoduaren aztarna bat baino gehiago topatuko dugu (kantinak, kooperatibak...).

Zugaztietara iritsi bezain laster eskuinetara egingo dugu, Triano auzorantz, mapa askotan agertzen ez den eta seinalaturik ez dagoen errepidetxo batetik barrena; beraz, mea-mendi hori zeharkatzen duen bide honetan arretaz gidatu beharko duzue (gainera txarto asfaltatua dago). Bidearen lehen zatia Carmen Meategia zenaren ondotik doa, tarteka bere ustiapenak utzitako itxura bitxiak ikusiko dituzuelarik, animaliak aske bizi diren paraje batean.

Zer ikusi

BILBO

Euskal Herriko hiririk handiena Nerbioi ibaiaren bukaeran kokatua dago, mendiz inguratuta (hortik datorkio “Botxo” ezizena). Izan ere, euskal industriaren eta merkataritzaren motore den hiri honen garapen eta garrantziaren zati handi bat kokapen horri zor dio. Beraz esan daiteke mendez mende Bilboko izaera eta bizimodua moldeatzen joan dela Nerbioi itsasadarra, betidanik barnealdearen eta itsasaldearen komunikazio-bide pribilejiatua izan baita; itsasadarrak merkataritzako gaiak, industriak eta pertsonak erakarri ditu, gaur egun ezagutzen dugun Bilbo Handia sortuz.

HISTORIARI BEGIRADA BAT

Hasieran, itsasadarraren eskuinaldean kokatutako nekazari eta arrantzalez osaturiko hirixka bat zen, baina pirata normandiarren erasoak zirela-eta, ezkerraldera aldatu ziren (Bilbo Zaharra). Halere, 1300eko ekainaren 15ean, On Diego Lopez de Harok hiri gisa fundatu zuenean, eskuinaldean egin zuen.

Hiri berria, Bizkaiko burdinari eta Gaztelako artileari esker, oso bizkor hazi zen. Horretan asko lagundu zuten Bizkaiko Jauntxoek emandako pribilejioek, Bermeori merkataritza-plazaren estatutua kendu izanak, eta, azkenik, Urduñatik Bermeora joateko Bilbotik pasatu beharraren nahitaezkotasunak.

XVI-XIX. mende bitartean Bilboko bizitza bi erakundek arautuko zuten: Udaletxeak eta Kontsuletxeak (azken hau merkataritzaz arduratzen zen). Merkataritza eta itsasoari loturiko enpresek aberastuta, garapen handiko garaiak ezagutu zituen Bilbok, baina nekazaritza gune eta herrixkekin tentsioak ere bizi zituen, Bilbo beren lepotik aberasten ari zela pentsatzen zutelako. Izan ere, hiriak, bere interesak gordetzeko, aginte zentralarekin hitzarturik jarduten zuen, askotan herrien interesen aurka. Horregatik, 1631, 1718 eta 1804. urteetan matxinadak izan ziren.

Independentzia Gerran frantsesek bi aldiz okupatu zuten Bilbo, baina Karlistadek eragin handiagoa izan zuten, liberalen gune izanik karlistek hainbat aldiz setiatu zutelako. Gerra horiek amaitu ondoren, Bilboko industrializazio izugarria etorri zen (industria astuna), haren izaera erabat aldatuz: finantza-bankuak sortu ziren (1857an Banco de Bilbao), hiriaren garapen handia gertatu zen (1876an Zabalgunea, eta geroago Ezkerraldea) eta hiria bera handiagotzen joan zen (Abando, Begoña, Deustua... irentsiz). Horrek guztiak eta etorkinek (giza-klase berri bat sortu zuten: langileria) gaur egun duen itxura moldatuko zuten.

Guda Zibilean Euskadiko Gobernu Autonomoko hirigune izan (“burdinazko-gerrikoak” iraun zuen arte), eta gerraoste zaila bizi izan ondoren, 60ko hamarraldian bigarren industrializazioa eta etorkinen uholdea ezagutu zituen. Horrek, diru berriaz gain, urbanizazio, itxura eta kutsadura arazo galantak ere ekarri zituen, gaur egun ahal den neurrian konpontzen ari badira ere.

Gaurko egunean, azkenik, Bilbo XXI. mendean paper garrantzitsua bete nahi duen hiri moderno eta itxurosoa bihurtzeko ahaleginetan ari dira, industrian aritzetik gero eta gehiago zerbitzugune izatera pasatzen ari delarik.

ALDE ZAHARRA

Hiriaren sorlekua ez da jadanik bere gune ekonomiko-administratiboa, baina bere arima izaten jarraitzen du askorentzat. Gainera, historiari eta arteari begiratuz gero, hiriko eremurik aberatsena da, eta bertako Zazpi Kaleetako denda-gunea herrialde osoan ospetsua da.

Ibilbidea Areatzan hasiko dugu, Arriaga Antzokiaren parean. Pariseko Operan inspiraturiko eraikin neobarrokoa dugu berau. 1890an inauguratu zen, “La Gioconda” operaren emankizunarekin, eta bitxikeria gisa, bertaratu zirenek lan hura telefonoz entzuteko aukera izan zuten. Plazaren ezkerraldean, XVIII. mendeko San Nikolas Barikoa itsasgizonen zaindariaren omenezko eliza barrokoa dugu. Elizaren alboan 1839ko Plaza Barri neoklasikoa dago; arkudun plaza itxia da (sartu ezik, ez dugu ikusiko). Berau zeharkatu eta ezkerretara eginez, Miguel de Unamuno Plaza dugu, idazlearen bustoa ere bertan dagoela, bere jaiotetxetik (Erronda kalean) hurbil.

Ezkerrean gorantz abiatzen den Mallonako Bidarria hartu eta gero bidegurutzean eskuinetara egiten badugu, Bilboko zaindari den Begoñako Basilikara iritsiko gara. Basilika gotikoa XVIan altxatutakoa da, birjina agertu omen zen antzinako ermita baten gainean. Bide beretik itzuli eta ezkerretara joz, Euskal Museo Arkeologiko, Etnografiko eta Historikoa topatuko dugu gure aurrean, Gurutze kalearen 4. zenbakian. Ordutegia: asteartetik larunbatera 10:30-13:30 eta 16-19 (igandetan goizez). Sarrera dohainik. Alboan Joan Santuen Eliza aurkitzen da, jesuitek XVII. mendean berreraikia.

Aurreraxeago, Alde Zaharraren bihotzean, Santiagoko Katedrala dugu, Bizkaiko gotikoaren eraikinik garrantzitsuenetako bat. Antzinako tenplua hiria bera baino zaharragoa da, eta gaur egungoa XIV. mendean hasi ziren eraikitzen. Aurrealdea neoklasikoa du, baina elementu zaharragoak ere baditu. Alboko Aingeruaren ataurrea, isabeldar estilokoa, oso ederra da. Barrualdean erretaula neoklasikoa nabarmenduko dugu. Apostoluari eskainitako katedralaren plazan bertan, Karlos III.aren garaiko iturri barrokoa dago.

Katedraletik irten eta Zazpi Kaleetako edozein hartuta itsasadarreraino hurbilduko gara. Kale horiek (Somera, Artekale, Tenderia, Belostikale, Carniceria Vieja, Barrenkale eta Barrenkale Barrena) Alde Zaharraren sorlekua izango lirateke eta San Antongo Zubiaren eta Katedralaren artean paraleloki antolaturik daude, denda eta taberna sare bitxia osatuz.

Somera kalearen amaieran, eskuineko aldean, Atxuriko Azoka aurkituko dugu, itsasadarraren gaineko itsasontzi itxura duela (horretaz hobeto ohartuko zarete ibaiaren bestaldetik). Ezkerrean aldiz, San Antongo Eliza eta Zubia. Tenplua XIV. bukaera aldera hasi zuten, hiriko harresiak amaitzen ziren lekuan. Eliza gotikoa ia karratua eta txikia da, eta hiru barneluzegok eta triforioak osatua dago. Fatxada Berpizkunde garaikoa, dorrea barrokoa eta erretaula platereskoa dira. Zubia ez da Bilboko eta Athletic-en armarri zaharretan ageri dena, hura elizaren aurrean zegoelako eta 1882an desagertu zelako, Gerra Zibilaren ostean eginiko beste bat baizik.

Zubia igaro eta eskuinetara eginez, hurrengo zubiaren (Erriberakoa) aurreko kalean (Mirasol Kondea) Arte-Erreprodukzioen Museoa dugu. Hemen Artearen Historiako lanik ospetsuenetakoak ikus ditzakegu, eskaiolaz eginiko tamaina errealeko kopien bitartez. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 9-13:30 eta 16-19 (sarrera 200 pta.). Igandeetan 11-14 ordu bitartean (dohainik).

IBAIAREN ESKUINALDEA

Erriberako Zubia igaro eta ezkerreko aldetik, ibai ondoko Erribera kalean zehar Udaletxerantz abiatuko gara, tartean Arriaga berriz zeharkatu eta itsasadarraren alde bietako etxe politak ikusiz. Udaletxea XIX. mendekoa da, eklektiar estiloan egina. Barrualdean Saloi Arabiar exotikoa nabarmentzen da. Zubizuri biribila eta Salbeko zubien ondotik igaro ondoren, Bilbori XXI. mendean indartsu sartzen lagunduko dion ontziaren branka ikusiko dugu uretan islaturik.

GUGGENHEIM-BILBAO MUSEOA

Frank Ghery-k diseinaturiko eraikin ezin ikusgarriago honetan (batez ere ibaiaren beste aldetik behatzen badugu), 24.000 m2tan zehar gaur egungo artearen bilduma pribaturik garrantzitsuena (New York eta Veneziako museoekin batera) ikusteko parada izango dugu. Arte mota hau ulertu ez arren, eraikina bera bisitatzea merezi du, barrutik zein kanpotik zeharo harrigarria delako. Zergatik?

Kanpoaldetik titaniozko estalki distiratsu eta irregularrak eraikinari hondartutako itsasontziaren itxura sortzen diotelako, eta barrutik, argi zein espazioen jokoek eta forma biribilek ez dutelako inolako zerikusirik beste museoekin. Ordutegia: asteartetik igandera 10-20 ordu bitartean. Astelehenetan itxita. Sarrera: Helduek 1.200 pzta.; jubilatu-ikasleek 600, eta 12 urtetik beheragoko umeek (pertsona heldu batek lagunduta) dohainik.

ZABALGUNEA

Museoa igaro ondoren, Deustuko Unibertsitate ospetsuaren egoitza neoklasikoa dugu, eta Deustuko Zubia zeharkatu ostean, eskuineko aldean Casilda Iturrizar Parke handi eta atsegina dugu, ahateak eta iturri zibernetikoa barne.

Parkearen hasieran Arte Ederretako Museoa aurkituko dugu, Europan onenetarikoa dena. Bilduma iraunkorretan El Greco, Goya, Van Dyck, Tapies, Zuloaga... eta beste askoren lanak azpimarra ditzakegu. Ordutegia: asteartetik larunbatera, 10-13:30 eta 16-19:30 ordu bitartean (igandeetan 10-14 artean). Sarrera: helduek 400 pta. Ikasle, langabetu eta jubilatuek 200 pta. Parkea eta Gurutze Sakratuaren Monumentua pasatu ostean, Euskalduna Zubi okertutik hurbil, Erruki Etxearen lorategia, Bilboko Athletic taldearen San Mames futbol-zelaia eta, horren atzean, Erakustazoka ditugu.

Gurutze Sakratuan bertan, hiriko arteria nagusia dena abiatzen da, hots, Gran Via de Don Diego Lopez de Haro, “Gran Via” gisa ezagunagoa. Plaza Biribilean du amaiera, Areatzatik hurbil, eta bertan (eta kale perpendikularretan) Bilboko eraikin zibil ikusgarrienetako asko aurkitzen dira. Goraka begira ibiliz, fatxada ikusgarriak dituzten etxe asko ikusiko ditugu. Esaterako, Gran Viaren erdialdean, Moyua plaza biribil ikusgarrian, Txabarri Jauregia (Gobernu Zibila; leiho-talde guztiak ezberdinak ditu), Carlton Hotela (lehen Eusko Jaurlaritzaren egoitza), Estatuko Ogasunaren Eraikina edo Aurora Polar-en eraikin arrazionalista.

Kalean aurrerago eginez Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza eklektikoa, BBVArena (goian Mercurioren estatua duela) edota Espainiako Bankuarena. Azkenik, Plaza Biribilean, BBVAren egoitza modernoko kristalen aurrean Lopez de Haroren monumentua ikusi ostean, Atxukarroren Bilbo-Santander tren geltoki modernista berdexka eta ikusgarria dugu, eta alboan, Sociedad Bilbaina ingeles estiloko egoitza kulturala eta Burtsaren eraikina. Bertara edonor sar daiteke.

Beste monumentu eta etxe interesgarri batzuk honako kale hauetan ikus ditzakegu: Albiako Lorategietako plaza atseginean Justizia jauregia, Iruña Kafetetxe neomudejar ospetsua, Sabino Aranaren jaiotetxe izandakoaren gaineko Sabin Etxea (EAJren egoitza), eta San Bizente Martiri eliza euskal-gotikoa. Mazarredon Athletic-en egoitza den Ibaigane Jauregia, besteak beste. Bertendona kalean Campos Eliseos Antzoki ikusgarria, bilbotar “Art Noveau” estiloaren erakusgarri. Azkenik, Elkanon zehar ere etxe dotoreak aurkituko ditugu.

Herrialdea
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Bizkaia
19 m.
358.422
%14
41 km2
8.742 bizt./km2
Inauteriak
Aste Santua
Aste Nagusia (abuztuko 3. astea)
Santo Tomas (abenduak 21)

 

 

 

 

Argazkiak


Guggenheim-Bilbao museoa


Bilboko Atxuriko azoka


Begoñako Basilika


Zugaztietako lakutxoak

Orrialde nagusiraNerbioi itsasadarraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403