Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraBianaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Bianaldea Biana-Kodes-Dorreaga-Urantzia-Acedo-San Gregorio
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi BIANA-ARAS-AGILAR-TORRALBA

Ibilbide hau Printzerri ospetsuari izena ematen dion hiritik bertatik hasiko dugu, hain zuzen ere, garrantzi defentsiboa (Nafarroa mendebaldeko ertza okupatzen du), historikoa (Santiagoko Bidearen pasabide eta Printzerriaren hiriburu) eta monumentala (hainbat tenplu eta jauregiz josia dago) edukitzeagatik eta pertsonaia ospetsuen sorterria (Navarro Villoslada) eta hil-herria (Cesar Borgia) izateagatik ospetsu den gure Biana honetatik.

Hiritik Logroño aldera jaitsiz, oraindik harresiak ukitzen ditugula, eskuinetara joko dugu, “Aguilar de Codes”erantz. Bidean, 7. km inguruan eliza baten hondakin ikusgarriak aurkituko ditugu, arku apuntatu handi bat eta besterik apenas geratzen baita. Geroxeago Aras herritxoa zeharkatuko dugu.

KODESEKO MONOLITO ERRALDOIAK

14. km-an jada, Joar izeneko mendia ikusgarriki agertzen hasten zaigu, eta handik km batera, mendien eta monolitoen ikustaldia ezin ederragoa bihurtzen da. Beherantz jaitsi ahala landaretza ugariago ageriko zaigu, eta laster Aguilar herriko etxe-ilarak sortzen duten osotasun polita antzemango dugu.

Kodeserantz hurbiltzen ari garen neurrian, Joar eta bere magaleko naturaren mirariak geroz eta ikusgarriago agertuko zaizkigu; Azuelo herrixkan monolitotzar hauetara hurbiltzeko gure lehenengo aukera topatuko dugu (23,5 km. daramatzagu). Ikuskizuna bertatik benetan beldurgarria da.

Nahiago badugu, ordea, beste kilometro eta erdiz aurrera segitu, ezkerrerantz eginez Torralba herria igaro, baita Kodeseko Santutegi ederra ere, bere alboko zelai-aparkalekua hain zuzen, eta izen bereko monolitoetarantz abia gaitezke (ibilbidean 29,5 km. daramatzagu).

Batetik edo bestetik joan, ikusiko duzue nola ahalegin horrek azkenean sari handia jasoko duen, eta esan beharra dago, halaber, santutegiaren edertasuna bera kokatuta dagoen ingurune zoragarriaren pare-parekoa dela.

Zer ikusi

BIANA

Nafarroak osatzen duen erronboaren ezkerreko ertza betetzen du Bianak, eta kokapen hori dela eta, Gaztelari aurre egiteko gotorleku eta Nafarroako Santiago Bidearen azken geldialdi bihurtu zen. Bere interes historiko, arkitektoniko eta artistikoaz gain, hiri hau Navarro Villoslada idazlearen sorterri eta Cesar Borgiaren hilobi ere izan da. Azken hori, Berpizkundeko pertsonaiarik ospetsuenetakoa eta Nafarroako armadako jenerala izan zen.

Hiria Santxo VII. Indartsuak fundatu zuen, 1219. urtean, inguru estrategiko hori indartzeko asmoz. Orduz geroztik, bertako monumentu, jauretxe eta jauregiek erakusten duten moduan, garrantzi historiko handia izan du. Horren adibide da 1423an Karlos III. Nobleak Bianako Printzerria fundatu izana. Lehenik Nafarroaren esku eta geroago Gaztelaren menpe egon ondoren, XVI-XVIII. mende bitartean hiriak garapen handia ezagutu zuen; ordukoak dira ikus ditzakegun monumentu eta jauregi gehientsuenak.

IKUSTEKOAK

Gotorlekuaren inguruan, harresien hondakinak ikus daitezke oraindik, eta halaber gomendatuko genuke plazaren inguruan egituratua dagoen erdi aro kutsuko alde zaharretik ere ibiltzea.

Santa Maria Eliza gotikoa 1250-1329 artean eraiki zuten. XVI.ean berriz, dorrea altxatu eta Berpizkunde estiloko egundoko ataldea landu zuten. Horren aurrean, hilarri batek Cesar Borgiaren hilobia seinalatzen du.

Foruen Plazan ere, XVII. mendeko Udaletxea dugu. Bertan aurrealde barroko ederra nabarmentzekoa da, erdian armarri monumentala eta alboetan bi dorre dituela. Udaletxearen Zezen-Balkoia, zezen-plazari begira altxatutako eraikina da, ohorezko palku izan zedin. Azkenik, aipatu dugun moduan, alde zaharretik ibiliz gero, tarteka-marteka hainbat armarridun jauretxe topatuko dugu, XVI eta XVIII. mende artekoak. Horien artean, Añon y Busto, Ripa, Itxaso, eta Muskiz-Aldunatetarren jauregiak nabarmentzen dira. Dicastillo, Urra eta Cerecedatarren gazteluak ere oso interesgarriak dira.

Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
81 km.
464 m.
3.389
%3
78 km2
43 bizt./km2
Madalenak (uztailak 22)
Ama Birjinaren Eguna (irailak 8aren osteko igandea)

 

 

 

 

KODES MENDIZERRA

Nafarroaren ezkerraldeko izkinan, Kantauriko mendizerraren ekialdeko muturrak Euskal Herriko mendirik ikusgarrienetakoa gordetzen du bere barnean, inguru osoa mendean hartzen duen Joar mendia alegia. Mendi honen hegoaldeko isurialdean, gure herrian paraje paregabe eta harrigarrienetakoa osatzen duten monolito erraldoiak aurki daitezke, ikustaldi ezin ikusgarriagoa osatuz.

Gainera, inguru basati honetara ailegatzeko aukerarik baduzue, inguruetako bidezidorren bat aprobetxatuz (geroxeago azalduko dizuegu pare bat), txundituta geratuko zarete izugarrizko harritzar gorrixka hauen artean. Dena den, naturaren mirari honetara hurbildu baino lehen, mendi berberaren pean dagoen santutegia bisitatuko dugu.

KODESEKO SANTUTEGIA

Izen bereko mendiaren azpian eta Torralba herria igaro ostean (ikus ibilbidea), atzeko mendi-haitzen aurrean ikusgarriro agertzen zaigun tenplu hau aurkituko dugu. Gaur egungo jainkotegia (X. mendeko hispaniar-bisigodo kutsuko monasterio bat zegoen lehenago) XVI-XVII. mendeen artean eraiki zuten.

Harmaila ederra igo ostean, aurrealde monumental eta gorrixkadunak dorre itzela erakusten digu. Barruan, nabe bakar batez egituratua, sabai izardunek gurutzeria erraza dute ikusgai, baina batez ere gehien nabarmentzen dena erretaula nagusia da. Erretaula nagusi hau ederki landutako burdin-hesi barroko baten ostean gordea dago, eta bertan XIV. mendeko Kodeseko Ama Birjinaren irudi gotikoa azpimarratu behar dugu, Bibliako pasarteak erakusten dituzten bestelako margo batzuen artean; hain zuzen ere, Jaiotza, Jasokundea eta Igokundea.

KODESEKO MONOLITOAK

Hauen artetik handienek “Kodeseko Bi Ahizpak” izena dute (nahiz eta benetan lau izan), zeren kondairaren arabera, beren amaorde krudelak esklaboen moduan zeuzkan bi neskato umezurtzenak bailirateke. Ahizpok egun batean ihes egin eta basoan ezkutatu zirenean, amaordeak “harrizkoak bihurtuko ahal dira” madarikazioa bota zien, eta hurrengo egunean haitz erraldoi hauek agertu ziren. Beldurra sortzen duten orratz bertikal hauetara hurbiltzeko pare bat aukera duzue, santutegitik bertatik edo lehenago dagoen Azuelo herritik (ikus ibilbidea). Lehenbizikoa motzagoa eta lauagoa bada ere, bidea ez da oso erraza eta agian zenbait lekutan intuizioaren laguntza ere beharko duzue. Dena den, batean zein bestean, monolito garaiak uneoro izango dituzue bistan, eta ondorioz, galtzea nahikoa zaila gertatuko zaizue.

Santutegitik abiatzen bazarete, honen fatxadaren ezkerraldetik ateratzen den bidetxo bat hartu behar duzue, lehenbizi kotxez egin daitekeena, metro batzuk aurrerago dagoen zelai-aparkaleku bateraino. Bideak gorantz eta ezkerrerantz zeharkatzen du zelaia (kotxea bertan uztea gomendatzen dugu), eta monolitoetarantz zuzentzen da.

Monolitoetara hurbildu ahala, bidezidorra gero eta estuagoa bihurtuz doala, baso baten erdian barneratzen da, eta leku gehienetan segitzeko erreza bada ere, bakar batzuetan sasiek oztopatu egin dezakete, eta nahastu gaitzaketen bidebanatzeak ageri daitezke.

Dena den, intuizioarekin jokatuz eta jadanik parean dugun monolito-ilararen behealdetik irten behar dugula kontuan hartuz, ez da oso zaila bide egokia aukeratzea. Azkenik, ilararen azpian gaudenean bide zabalago bat aurkituko dugu; honek zuzenean Penitenteen Haizpitartearen barreneraino eramango gaitu. Puntu honetan jada aluzinatzen hasi zaitezkete behean bakarti ikus dezakezuen “Lama makurtua” izeneko haitz zorroztuarekin eta goian ageri zaizuen sekulako haitzar-lerro beldurgarriarekin.

Azuelotik irtenez gero, egin beharrekoa zera da: gorantz doan Kale Nagusia hartu ondoren, ipar-mendebalderantz (monolitoak ikusten diren norabidean) doan Genevillako bidea hartu. Bide hau, bihurgune batzuk egin ostean, urontzi baten ondotik pasatzen da. Bidebanatze batean eskuinera eta monolitoetarantz doan bidea hartu, eta bihurgune handi eta bikoitz baten ostean, hurrengo bidebanatzean zuzenean “Lama makurtua” haitzera hurbiltzen den bidea hartu.

Artadi batean sartu orduko bidetxoa jada ez da hain garbi ikusten, baina egin beharreko bakarra harkaitz hori eskuinaldetik igaro eta zuzenean monolito-ilaren arteko Penitenteen Haizpitartean sartzea da. Ezkerreko ilarak Penitenteen Erlaitza du izena, bertako monolito txuri txikiagoek penitente-kaputxadunen prozesioa diruditelako.

Ibilbide bat nahiz bestea hartzen duzuela, azkenean haizpitarte horren erdian ahalik eta gehien aurreratzea gomendatzen dizuegu, nahiz eta bidea gero eta zailagoa bihurtuko den, goialdetik monolitoen beste ikuspegi harrigarri bat hartuko duzuelako. Azkenik, kontuan izan bi ibilbide hauek paseo arruntak baino gehiago egun erdiko txangoak direla; beraz komeni da oinetako egokiak (bidezidorrak ez dira errazegiak), janaria eta edaria eramatea.

Argazkiak


Kodeseko monolitoa


Kodeseko santutegia

Orrialde nagusiraBianaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403