Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraUribealdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Uribealdea Butroe-Sopela-Plentzia-Gorliz-Lemoiz-Gaztelugatxe-Bakio-Sollube
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi ARMINTZA-BAKIO-BERMEO

Gorlizetik etorriz, laster Armintzan sartuko gara, eta bertako kai-hondartzara iristeko (bi funtzioak betetzen ditu), ezkerretarantz jo beharko dugu. Lemoizko auzune arrantzale honetako kai txiki eta atseginaren inguruan (errepara ezazue hormetako margo ikusgarrietan) paseotxo polita egin dezakegu.

Herritxotik irten ostean, Bakiorako bidean jarraituko dugu. Tartean (2 kilometrotara), dena den, gure lurrari egin nahi izan zaion erasorik bortitzena irudikatzen duen “monumentua” inguratuko dugu: Lemoizko Zentral Nuklear beldurgarria. Hitzak soberan daude.
Itsas bazterrari sigi-saga jarraitzen dion errepide arbolatsuan aurrera, Zentraletik 7,5 km-tara begiratoki polita aurkituko dugu, urrunean Gaztelugatxe inguruak ere ikusteko aukera emango diguna. 5 km. geroago, azkenean Bakion sartuko gara, Bizkaiko txakolina dastatzeko eta bertako hondartzaz gozatzeko aukera eskaintzen duen herri atsegina.

Bidegurutzean eskuinetara joz (ezkerretara ere egin dezakegu, hondartzako muturrera iritsi eta bertatik Gaztelugatxeko bista polita izango dugulako), herria hondartzaren ondotik zeharkatu eta beste alderaino iritsiko gara. Hemen ere gelditzea gomendatzen dizuegu, bertatik hondartza osoaren eta hurbileko labarren gaineko begiratoki oso polita dugulako.

Ekialderantz jarraikiz, pare bat kilometrotara, eskuineko aldean, Bizkaiko baselizarik interesgarrienetakoa aurkituko dugu, San Pelaio Baseliza erromanikoa hain zuzen ere. 500 metro aurrerago Gaztelugatxe berriz ere ikusgai izango dugu, kilometro erdi harantzago dugun begiratoki apartak hobeto behatzea ahalbidetuko digun mirari misteriotsua.

Bertaratzeko aukera emango digun errepidea berriz (begiratoki funtzioa ere betetzen duena) 500 metro aurrerago abiatzen da. Azkenean, aldapa jaitsi eta gure geografian aurki dezakegun mirari natural-artifizial mitiko eta izugarrienetako baten azpian geratuko gara. Orain, eskailera-gurutzebideari jarraiki, eta goiko Gaztelugatxeko Donibane baseliza-haitzaren misterio eta edertasunarekin topo egingo dugu.

Errepidean berriz, laster Bermeoko herri arrantzalea ikusiko dugu, 2,5 km-tara begiratoki natural batetik hobeto behatu ahal izango duguna, atzean Ogoño muturra ere ikusgai dugula. Betidanik itsasoari so bizi izan den Bermeoko herri honetan bertan bizpahiru km. gehiago egingo ditugu.

Dena den, ibilbidea era egokian amaitzeko, eskuinera Mungia-Bilborantz abiatu eta Sollube mendatera igotzea gomendatzen dizuegu, bertatik Bermeoko zein Urdaibaiko zati handi baten bista oso polita duzuelako.

Zer ikusi

GAZTELUGATXE DONIBANE

Bizkaiko kostaldean, Bakio eta Bermeo artean, gure herriko monumenturik ezagun eta, era berean, misteriotsuenetako bat ikusiko dugu. Olatuek errukirik gabe astintzen dute inguru hau, behin eta mila aldiz, eta orduantxe ageri zaigu inoiz baino basatiago, irailaren azkeneko itsasaldi gogorretan alegia. Metro batzuk harantzago Aketx harkaitza lagun bakarra duela, Gaztelugatxeko Donibane ermita eta harkaitza edozein olerkari inspiratuko lukeen leku magikoa da.

Harkaitza antzina uharte izan zen, baina Getariako “Arratoia” bezala, kostari lotzeko jendeak harrizko zubi bitxi samarra erantsi zion. Arrazoia: Donibaneren irudiaren aurrean errezatzeko asmoz uharteraino gerturatzen ziren ehunka erromesak arriskurik gabe pasa zitezela. Izan ere, Donibaneren tailua harkaitzaren gainean dagoen ermitan gordetzen da.

Zubiak bi begi bakarrik ditu, baina irla ukitu ondoren, 231 harmaila dituen eskailera-gurutzebidea hasten da, sigi-saga ermitaraino ailegatuz. Azken harmailan ikusiko duzuen giza oinatza herri-sinismenak Donibane santuari berari egotzi izan dio, horraino iritsi zelako froga gisa. Ermita honek X. mendetik hamaika gorabehera jasan ditu, ermita, gotorleku, babesetxe edo tenplarien monasterio gisa, hainbat aldiz suntsitu eta berriz altxatu baitute.

Goitik, 100 metroko altueran, itsasoaren indarra nabaritzen da, eta kostaldeko ikuspegia ikaragarria da, baina agian gehien txunditzen duena zera da, igaro berri dugun galtzada-bide ingurutsuaren ikuspegia; irreala dirudi. Azkenik, ermitaraino behin itsasbeheran eta beste behin itsasgoran igotzea aholkatzen dizuegu, sentsazioak eta bistak oso ezberdinak baitira.

BAKIOKO SAN PELAIO

Gaztelugatxetik oso gertu (ikus ibilbidea) Bakioko San Pelaio ermita erromanikoa dugu, XII. mendekoa eta Bizkaian dauden onenetarikoa. Barneluzego bakarra duela, zakarki apaindutako kapitelak, atriuma, absideko zirrikitu moduko leiho artistikoa eta kanpoaldeko ataurrea dira nabarmentzekoak.

BAKIO

Txakolinak ospetsu bihurtu duen herri hau uda pasatzeko ohitura handiko lekua da, bere inguruan kostalde ederra eta basatia luzatzen baita. Monumentu gehienak ere inguru ederretan sakabanaturik dituenez, paseatzeko abiapuntu polita da. Herrian bertan hondartza handi eta zabala azpimarratuko dugu, urpean aritzeko nahiz surfean egiteko egokia.

BERMEO

ITSASOARI LOTURIKO LEHEN HIRIA

Bermeo Bizkaia osoan fundaturiko lehen hiria da, Lope Diaz de Haro-k 1239an foru hori eman baitzion. Horregatik, Gernikako Juntetxean berak zituen lehen aulkia eta botoa, eta bere ordezkariek hitz egiten zutenean, besteek burutik txapela kendu ohi zuten. Horra hor, beraz, hiri arrantzale honek historian zehar izan duen garrantziaren seinalea (Bizkaiko Buru izan zen 1602 arte). Halere, erdi aroan, bandoen arteko guduak eta suteak zirela medio, herria bera kolokan jarri zen.

Lehendik landutako garrantzia eta lortutako pribilegioek aurrera egiten lagundu zioten, eta hala, XVI.ean penintsulako arrantzu-flota garrantzitsuena bertan zegoen. Hortik aurrera arrantzak oparotasun aro luzea ekarriko dio, populazioa eta urbanismoa asko garatuz. Izan ere, Bermeo beti itsasoari begira bizi izan da, eta itsasotik etorri zaio dirua, ospea eta prestigioa.

IKUSTEKOAK

Horrelako herri batean egin daitekeen gauzarik atseginena zera da, kaitik ibili, itsasontzien irten-etorriak ikusi (Bermeok oso kai-mutur aproposa du, eta gainera Izaro uhartea aurrean du) eta kofradiako salerosketetara hurbiltzea da. Horrez gain, Bermeok oso alde zahar interesgarria du, eta bertatik ibiltzeko, hirira etortzen den edonork ikusiko duen Kasinotik hasiko gara. Hiriaren erdi-erdian dago, kaiaren ondo-ondoan, eta aldamenean Lamera parke atsegina dauka.

Kaiaren ondotik zeharkatuz, Portu Zaharrerantz abiatuko gara, eta tartean Santa Eufemia Eliza gotikotik ere pasatuko gara. Bertan gurutzeria bizantiarra, marmol zurizko erliebea eta Mendozarren hilobi gotiko loretsua nabarmentzekoak dira.

Alboan pilotalekua eta kofradia ditugu, eta atzean jada, Portu Zaharra. Honen erdian dauden eskailera batzuetatik Ertzilla Dorre gotikora iritsiko gara, Alonso Ertzilla poetaren sendiarekin lotua dagoena. Gaur Arrantzaleen Museoa dugu. Bertan historian izan diren hainbat itsasontzi eta tresnen bilduma zabala ikusiko dugu. Zabalik: asteartetik larunbatera, 10-13:30 eta 16-19:30 ordu bitartean (igandeetan goizez eta jai-egunetan itxita).

Ertzilla kalean aurrera eginez, laster Sabino Arana Enparantzan aurkituko gara. Bertan, alde batean Udaletxea (bere eguzki-erloju biekin) eta Santa Maria Eliza neoklasikoa ditugu.

Bien artean doan Doniene kaletik, San Joan Portaleko arku edo harrizko atera iritsiko gara. XV.eko harresietatik geratzen den sarrera bakarra da. Berau igaro eta ezkerrerantz, alde zaharra inguratuko dugu, eta, halaxe, Arresi kaletik barrena, hasi garen Kasinotik pare bat kale atzerago dagoen Prantzisko Deuna Eliza eta Klaustro gotikora ailegatuko gara. Bizkaiko zaharrenetakoa den hau gaur egun azoka bihurtua dago.

Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Bizkaia
36 km.
25 m.
17.036
%78
34 km2
501 bizt./km2
San Juan (ekainak 24)
Madalenak (uztailak 22)
Andra Mari (irailak 8)

 

 

 


Argazkiak


Gaztelugatxeko igoera


Gaztelugatxeko Donibane ermita


Bermeoko kaia
Orrialde nagusiraUribealdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403