Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraErronkari haranaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Erronkari harana Burgi-Erronkari-Urzainki-Izaba-Uztarroze-Linza-Belagoa-San Martin
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi IZABA-BELAGOA-SAN MARTIN

HIRU ERREGEN MAHAIA ETA PIRINIOAK

Izaban ezkerretara abiatu, Belagoarantz, eta hortik 3 km-tara, eskuin aldera, Zurizarantz. Hemendik 10 km-tara, Zuriza mendia igaro, ondoren, Aragoin sartuko gara. Hortik 500 metrotara ezkerretara hartu behar dugu, Zurizako Kanpinerantz (ikusten da). Kanpina inguratu ostean, errepidea bidetxo bihurtzen da, eta hemendik aurrera beti Linzako Babeslekurainoko seinaleei jarraituko diegu. Kanpinetik 5,5 km-tara topatuko dugu.

Linzatik Hiru Erregeen Mahaira (edo inguruko beste mendi batera) oinez igo gaitezke. Igoera luzea da, baina ez gogorregia, adin askotako jendea ikusi baitugu berau igotzen. Are gehiago, eguraldi oneko asteburua izanez gero, bidea jakitea ere ez da derrigorrezkoa; bertara doan jende-andana luzeari jarraitu eta kito. Horrela lagunak ere egingo dituzue.

Atseden hartu ostean, Erronkariko errepide nagusira itzuli eta eskuinetara joko dugu, Belagoarantz. Bide hori hartu eta 4 km-tara Belagoako Aterpetxe ospetsua eta atzeko mendi altuak ikusiko ditugu urrunean eskuinetara, paisaia ikusgarria osatuz. Jada Belagoa barruan sarturik, lautada zeharkatu eta izen bereko mendatea igotzen hasi baino lehentxeago, aldaparen hasieran bertan eskuin aldean aparkatu eta Belagoako Txoko zoragarria bisitatuko dugu.

Belagoako mendate honek, zer esanik ez, sekulako bista zoragarriak ditu, igo ahala are eta ederragoak: mendiak, askotan elurrarekin, bailara, Larrako labirinto karstikoa... eta horretan laguntzen duten begiratoki mordoa. Tartean Belagoako Babeslekua igaroko dugu.

Larra munduko karst ingururik handienetako da, eta bere lurpeko galeriak 1.300 metroko sakonerara iristen dira San Martingo Amildegian. Ondorioz, espedizio espeleologiko mordoa erakartzen du. Gaur egun, inguru hau Naturaren Erreserba izendatua dago.

Azkenik, ibilbide zoragarri hau mendatearen gainean amaituko dugu, San Martingo 262 mugarri mitikoaren ondoan. Hemen, 1375az geroztik urtero-urtero, uztailaren 13an, Hiru Behien Zergaren Hitzarmena ospatzen dute. Honen bidez, Erronkariko alkateek, ohiko janzkiak dituztela, Frantziako Baretous bailarako bizilagunengandik hiru behi jasotzen dituzte. Zerga honek, larreak zirela-eta antzina izandako borroken bukaera gogoratzen du.

Zer ikusi

HIRU ERREGEEN MAHAIA

Gailur hau, 2.444 metro dituela, Euskal Herri osoko punturik altuena da. Frantziako Biarno, Nafarroa eta Espainiako Aragoi elkartzen diren puntu honetatik (baita igoeran ere), imajinatu dezakezuenez, ikuspegiak harrigarriak eta izugarriak dira.

Euskal Herriko talaia denez, inguru zabalaren gaineko ikuspegiak txundituta utziko gaitu. Dozenaka tontor ikusteko aukera paregabea eskaintzen digu: Iparraldean Auñamendi, mendebaldean Lakora, Lakartxela, Ori, Lapakiza; hego-mendebaldean Ezkaurre; hegoaldean Ansabere; hego-ekialdean Ossau; ekialdean Lhurs-Sesques; ipar-ekialdean Peneblanque...

Azkenik, tontorraren gainean nafar mendizaleen zaindari den San Frantzisko Xabierren brontzezko estatuatxo bat, bere jaiotetxe izan zen gazteluko maketa bat, ohiko mendi-gutunontzia eta plaka bat aurkituko ditugu.

Gailurrera iristeko ibilbiderik errazen eta motzena Aragoin dagoen Linzako babeslekutik abiatzen da (bertaratzeko ikus ibilbidea). Gainbehera 1.300 metrokoa da, eta joan-etorria 5-8 ordutan egin daiteke, norbere prestaketaren arabera; baina ez zaitezte larritu, edozeinek egiteko modukoa da eta.

Bertako aparkaleku handiaren atzean hasten den eta seinalaturik dagoen (GR12) bidezidorra hartuz, Sobrante mendiko zelaietan gora abiatuko gara, eki-ipar-ekialderantz.

Sobrante mendixka eskuinetik inguratu ondoren, Sobrante de Linza sakonunean sartuko gara. Hemen, etxolaren atzean xenda bat hartuko dugu, Lapakizako hegoaldeko isurialdera sigi-saga igotzen dena.

Eskuinaldetik, diagonalean, gailurreriaren azpian dagoen eskegitako bailaratxo batera iritsiko gara, ekialdean eta pixka bat beherago dagoen Linzako Lepoa gaindituz.

Hemendik aurrera, La Solana sakonune handia ezkerraldetik inguratu eta ekialdetik igoko gara; honako haran honek mendiaren hego-mendebaldean dagoen Eskuesteko Lepora eramango gaitu.

Azkenik, gailurreria jarraitu ondoren, bidezidor harritsu eta aldapatsu batetik barrena (izotza baldin badago oso kontuz ibili behar da) gailur bietara iritsiko gara.

Dena den, ez ahaztu eguraldi oneko asteburuetan bertara benetako “prozesioak” izaten direla, eta bideagatik galdetzeko nahiz lagunak egiteko nahikoa jende eta gehiago ere izango duzuela.

BELAGOA

Belagoako bailara Nafarroako ekialdeko ertzean kokatua dago, eta Pirinioetako kutsu handia izateagatik, klima heze eta hotza du. Mendi altuez inguratutako lautada honetan oso jende gutxi bizi da, eta teilatu maldatsuko borda bakan batzuk besterik ez ditugu ikusiko. Bertako zati bat betetzen duen Larrako eremu karstikoa, oso bailara polita da fondoko eskia praktikatzeko, edota besterik gabe, ukitu gabeko eta bista ederreko leku eder honetan zehar paseatzeko.

BELAGOAKO TXOKOA

Belagoako mendatearen hasieran, basotxo eder bat zeharkatzen duen bidezidorra hartuz, minutu gutxiren buruan arbolez inguratutako eta sekulako paisaia erakusten duen leku idilikora ailegatuko gara, Belagoako Txokora alegia.

Argazkiak

Hiru Erregen Mahaia

Ibilbide honetan Pirinioetako gailurrak ukituko ditugu


Hiru Erregen Mahaitik ikus dezakeguna arnasa kentzeko moduko edertasuna da.

Orrialde nagusiraErronkari haranaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403