Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafarroa behereaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nafarroa beherea Hazparne-Donamartiri-Bidarrai-Baigorri-Aldude-Donibane Garazi-Donazaharre
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi BAIGORRI-BANKA-ALDUDE-UREPELE

Baigorri, kondairek diotenez Nafarroako Errege-Erreginen sorterria izateaz gain, gaur egun bi eskualdeen arteko loturak nabarmenduz Nafarroaren Eguna antolatzen duen herri dotorea dugu.

Baigorriko kale bakarra zeharkatu ostean, Aldude Bailaran sartuko gara.

Lehen herria Banka da, bertako antzinako meategiek ospetsu bihurtu zutena. Bidean antzinako burdinoletako hondakinak eta aztarnategi modernoak ere ikusiko ditugu. Bitxikeria gisa, herritxo honetako frontoiaren ezker pareta etxe batena da, eta goian hurrengo bertsoa ageri da:

“Emazue gazteak ardura pilotan
zeren den ederrena joko guztietan”.

Hurrengo herria bailara atsegin honi izena ematen dion Aldude da. Azkenik, handik km gutxira, Fernando Aire “Xalbador” (1920-1976) bertsolari handiaren Urepele herrixkara iritsiko gara. Sarreran dagoen monumentu batek urepeldar seme goren hau ekarriko digu gogora.

Zer ikusi

BAIGORRI

Baigorriko erdigunea errepide-karrika bakarrean zehar barreiatzen diren etxeek osatua dago. Hala, kilometro eta erdi sigi-saga doan kale nagusi honetan, pare bat gune bereiz ditzakegu: Herriko Etxearen enparantza eta elizaldea.

Herriaren sarreran lehenik plaza topatuko dugu. Errebotean aritzeko Euskal Herri osoko frontoirik zaharrenetariko bat dago hemen. Alboan Iriberria izeneko baserri dotorea dugu. Enparantzaren beste aldean Herriko Etxea eta zenbait jatetxe eta ostatu ageri dira, guztiak ere batasun atsegin batean bilduak.

ZUBI "ERROMATARRA

Kaleari jarraituz, ateburu politez hornituriko baserri dotoreen ondotik aurrera eginez, zubi modernora iritsiko gara. Honen parean zubi zaharra edo erromatarra dugu (nahiz eta gure herrian askotan gertatzen den moduan XVI. mendekoa besterik ez izan). Ibai gaineko zubiaren arku bakarrak, zubia estaltzen duten landareek, alde batean dugun Etxausko Jauregiak eta beste aldean ditugun mendi gorrixkek, oso ikuspegi ederra osatzen dute.

Puntu honetan pixka bat atzera egin eta Rue Michelene izeneko 2. mailako kalea hartuz, zubi zahar honetara iritsiko gara (beste aldetik ere bai, noski). Hona iritsirik, ohar zaitezte zubiaren harri handiek eta atzean dugun baserriak nolako kontrastea sortzen duten. Ibilbide honen lehen lerro hauetan erakusten dizuegun hau, Baigorriko beste “postal” tipikoetako bat da.

ETXAUSKO JAUREGIA ETA ELIZALDEA

Antzina, agotentzat bakarrik (jatorri zehaztugabeko arraza madarikatu eta baztertua, Ipar nahiz Hego Euskal Herrian) erreserbatua zegoen karrika honi jarraiki, Etxausera helduko gara.

XI. mendeko jauregi dotore hau izen bereko bizkondeena izan zen. Bertrand Etxauskoa Baionako Gotzaina izan zen, hain zuzen ere Pierre de Lancre kontseilaria bere postutik bota zuena, Sorgin-ehizan egindako gehiegikeriengatik.

Pertsonaia hau bera, Jeanne de Albret eta kalbinisten aurkako erlijio-guduetan, katolikotasunaren defendatzaile sutsua izan genuen. Axularri ere lagundu zion Sarako erretore izan zedin. XVI. mendeko erlijio-guduetan kiskalita geratu zen gaztelua. Geroago berriztatua, ezkontzaren ondorioz Jean Isidore Harizperen esku geratu zen, zeina Napoleon III.aren garaian mariskal izatera iritsi baitzen. Bitxikeria gisa, bertan ostatu hartu duten beste pertsonaia ospetsuetako bat Charlie Chaplin bera dugu.

Erdi aroko bi dorre dituen kanpoalde karratu eta zuri horrekin batera (jauregi batean oso ohizkoa ez dena), kontuan hartzen badugu barrualdeko arma-gela, erdi aroko eskailera izugarria eta bestelako gelak ere badituela, emaitza gisa arkitekturaren harribitxi bat dugu, 1997. urtean Frantziako Jauregi Zaharren Saria merezi izan zuena. Zabalik: martxotik azarora, astelehenetan izan ezik, 10-12 eta 14-17:30 ordu bitartean. Helduentzako sarrera: 35 libera.

Hirugarren zubia igaro ondoren Saint Etienneko elizara iritsiko gara. Estilo erromanikoan egindako lau habe eta beste hainbat kapitel gordetzen ditu, baita abside gotiko bat ere. Barrualdea barneluzego bakarreko tunel moduko bat da. Bertan XVIII. mendean hispaniar erara urreztaturiko erretaula barrokoa eta zurezko sabai polikromatua azpimarratuko genituzke. Bertan, Lapurdin ohikoak (Nafarroa Beherean, aldiz, salbuespen) diren gizonezkoentzako galeriak ere aurkituko ditugu.

Azkenik, kale nagusitik berriz ere plazaraino itzul gaitezke, tartean baserri eder gehiago ikusiz. Nolanahi ere, ezin dugu Baigorriri buruzko informazioa bukatutzat eman Nafarroaren Eguna aipatu barik. Nafarroa bien arteko anaikidetasuna azpimarratzen duen jai koloretsu honetan, alde bateko zein besteko taldeek, dantza eta musikaz baliatuz, kaleak animatuz egon ohi dira egun osoz, apirilaren bukaera aldera.

Herrialdea:
Donibane Garazira:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa Beherea
11 km.
156 m.
1.557
daturik ez
69 km2
23 bizt./km2
Nafarroaren Eguna (apiril bukaera)
Herriko Jaiak (abuztuaren 1. astea)

 

 

 

 



Argazkiak

Baigorriko zubia


Zubia bertze ikuspuntu batetik

Orrialde nagusiraNafarroa behereaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403