MIARRITZE
Miarritze, Donostiarekin batera, Euskal Herriko hiririk ederrena
da, eta noski, Ipar Euskal Herriko hiriburu turistikoa. Haitz ikusgarriz
zipriztindutako itsasalde zoragarriak bere garaian Europa osoko
errege-erreginak erakarri zituen, eta hauen atzetik elite diruduna,
batez ere Belle Époque izeneko urrezko garaian.
Naturak eskaini dion ingurune izugarria aski ez balitz, gaur egun
lehenbiziko turista horiek utzitako jauregi dotore eta luxuzkoak
miresteko aukera ere badugu. Miarritze Ipar Euskal Herriko harribitxia
da, eta hiri garesti samarra bada ere, bertatik paseatzea preziorik
ez duen dohaineko gozamena da.
HISTORIA
Historiaurrean populatua zegoela dirudien arren, bere historia
ofiziala balearen arrantzarekin batera hasiko da, Portu Zaharraren
inguruan bizi ziren itsasgizonen eskutik. Baleak urritu ahala herrixka
hau krisialdi larrian sartu zen, eta batzuek Ternuaraino arrantzan
joan behar izan zuten bitartean, beste batzuk kortsario bihurtu
ziren.
Turismoa XVIII.ean hasi zen, bainuetxea zabaldu zenean, eta bere
urrezko garaia, Napoleon III.ak udako gortea bertaraino aldatu zuenean
izan zen. Europako gorte askok eta pertsonaia garrantzitsu ugarik
jarraituko diote honi, eta gero, Belle Époque garai zoroan,
bestelako turismo dirudun bat ere erakarriko zuen. Miarritze osotasun
eder eta dotorea bihurtzen duten eraikin gehienak bi garai hauen
artean altxatu ziren.
Gaur egun, bertaratzen den turismoa masiboagoa da, batez ere udaran,
baina hiriak ez du horregatik bere glamourra galdu, ez horixe.
ERDIGUNETIK EUSKAL KOSTALDERA
Miarritzeko zentroa Clemenceau Plaza dela esan genezake. Hemendik
pasatzen dira hiriko bide nagusiak eta honen inguruan kokatzen dira
zerbitzu ofizial gehienak.
Momentuz itsasorantz joan beharrean Verdun Etorbidea hartu (taxien
ondotik) eta ezkerrerantz, lorategi batzuetan dagoen Turismo Bulego
handitik hurbil, Txokolatearen Museo bitxia bisita dezakegu. Plazara
Edouard VII. Etorbidetik itzul gaitezke, Herriko Etxe eta Komisaria
ondotik pasatuz.
Plaza ezkerrerantz zeharkatuz, Broquedis karrika dugu, eta bertan
Miarritzeko Museo Historikoa, turismoa etorri aurreko hiriaren bizimodua
erakusten duten gauzez osatua. Zabalik: egunero (astelehen-igandetan
izan ezik) 10-12 eta 14:30-18 ordu bitartean.
Kale honek zuzenean eraikin interesgarriak dituen Gambetta karrikara
eramango gaitu (Grand Hôtel esaterako). Zuzenean hiri honetako
bitxikeria bateraino zuzenduko gaitu: errotonda baten atzean ikusiko
duzuen (baina konturatuko ez zareten) horma-irudi erraldoi bezain
harrigarria. Harrigarria zeren gerturatzen ez bazarete benetako
paisaia dela pentsatuko duzue, hain errealista baita. Txundituta
geratuko zarete.
Hemen, surflarien gustukoa den Euskaldunen Kostaldea Hondartza
(Plage Côte des Basques) eta itsasoko lehen bista ederra duzue,
lorategi batzuen gainetik.
PORTU ZAHARRA ETA AMA BIRJINAREN HAITZA
Kostaldearen gainetik, eskuinean jada hiriko miraririk handienetakoa
ageri zaigu, Portu Zaharra (Port Vieux) babesten duen lur muturra.
Itsasoan barneratzen den mutur honen inguruan, batez ere Hondartza
Handiari begira duen aldean, haitz ikusgarriak (batzuk askeak eta
besteak lurrari lotuak) barreiatzen dira, zein baino zein ikusgarriagoa
eta ederragoa.
Antzina, baleak Portu Zahar txiki honetaraino ekarri ohi zituzten,
bertan zatitzeko asmoz. Gaur egun hondartza txiki eta lasaia da.
Bertatik hiriko hirigunerantz jatetxe eta hotelez beteriko izen
bereko kalea irteten da.
Itsasoaren gaineko pasealekuari jarraikiz, mundu gerran hildakoei
eskainitako ohiko monumentuaren aurrean, Itsas Museoa dago kokatua,
hiriko interesgarriena. Museo moderno honek era atseginean itsasoaren
mundura hurbilduko gaitu, euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana
jorratuz, hainbat animalia eta tresna erakutsiz, itsasoaren gaineko
geologia, meteorologia edo etnografiazko gelak prestatuz...
Baina bisitariek (bereziki haurrek) arrain ontzi handiez gozatuko
dute, zetazeo, marrazo eta batez ere fokak ikustean. Egunero zabalik
9:30-12:30 eta 14-18 artean, jai-asteburuetan etenik egin gabe eta
udan 24:00ak arte. Helduen sarrera 45 libera.
Aurrean dugun Ama Birjinaren Haitza (Rocher de la Vierge), lur
mutur honen punta zoragarria da. Lurrera 1881eko burdinazko zubitxo
batek lotzen du (lehen zegoen egurrezkoaren ordez). Haitz luzea
Ama Birjin zuri baten babespean dago, kondairaren arabera, bizitza
salbatu zien bertako itsasgizon batzuek jarria. Azken muturrean,
itsasoaren indarra zuen oinpean sentituko duzue.
ARRANTZALEEN PORTUA ETA BASTA HAITZA
Itsas gaineko ibilbidean aurrera eginez gero, itsasoaren gaineko
harkaitzen ikuspegia gero eta ikusgarriagoa bihurtzen da, batez
ere pixka bat gorago dagoen Talaiara (XVIII. mendean itsasargia
izandakoa) igotzen bagara.
Honen inguruan lorategiz inguratutako bidezidorretan zehar ibil
gaitezke, oso ibilbide ederrean. Bidezidor horietako batetik Arrantzaleen
Portura (Port de Pêcheurs) jaitsiko gara. Kai txiki honek
xarma berezia gordetzen du, bere etxe zuri eta txikiek ez dutelako
zer ikusirik hirian zehar ikusgai ditugun jauregi handiosekin. Dena
den, gaur egun gehienak turistentzako jatetxe edo dendak dira.
Pixka bat harantzago, Sainte-Eugénie eliza neogotiko eta
ikusgarriaren azpitik igaroz, Basta haitzera iritsiko gara. Hau
ere, Ama Birjinarena bezala, lurrarekin zubi baten bidez lotua dago,
baina oraingo honetan zubi hori higatutako itsas harriz egina da,
itxura polita hartuz.
Barneratuz, edozein lekura begiratuz bistak zoragarriak dira: Hondartza
Handia, itsas haitzak, Ama Birjinaren Haitza, ozeano zabala, hiriko
eraikinak, iparraldeko itsasargia... Izugarria.
HONDARTZA HANDIAN ZEHAR
Miarritzeko Hondartza Handia edo Grand Plage orain arteko guztiarengatik
eta bere luzeran zehar altxatzen diren eraikin dotoreengatik, Euskal
Herrian dugun ederrenetakoa kontsidera dezakegu, Kontxarekin batera.
Betidanik hondartza nahiko aristokratiko, familiar eta lasaia izan
bada ere, azken urteetan surflari askotxo ere ikus daiteke bertako
uretan. Bestalde, Du Palais Hoteletik aurrera Miramar Hondartza
izena hartzen du.
Segituan gure eskuinera, hondartzaren gainean, Bellevue Kasinoa
ikusiko dugu, jokoaren aspaldiko urrezko garaiak noiz itzuliko zain.
Kasinoaren ondoan eta hirian pixka bat barneratuz gero, oinezkoentzako
Mazagran merkatarien kale animatua dugu, zerbait erosi nahi badugu
leku egokia.
Hondartzaren pasealekutik segituz, aurreraxeago eta bata bestearen
alboan, Udal Kasinoa eta Igerilekuak ditugu (bien artean ekipaien
gordelekua). Azkenik, Hondartza Handiari amaiera emanez, Hôtel
du Palais izeneko eraikin benetan zoragarria dugu, inguratzen duten
lorategien artean.
PALAIS HOTELETIK ITSASARGIRAINO
Eugenia de Montijok Villa Eugenia izenarekin altxarazia, 1855ean
bukatu zuten, baina 1903an sute baten ondoren handitu eta hotela
bihurtu zuten, luxuzko hotela noski. Seguru aski hiri osoko eraikinik
ederrena da (nahiz eta lehiakide asko izan), eta tonu zuri-gorriek
oso ikusgarri bihurtzen dute.
Berriz ere hirian barneratuz, hotelaren ondoko Victoria Erreginaren
Etorbidean, 1864ko Guadalupeko Kapera Inperial neobizantziarrarekin
egingo dugu topo laster. Ezkerrerantz eginez, Judutarren Sinagoga
ber-bertan agertuko zaigu, eta berriz ere Palais Hotelerantz itzuliz,
kupula urdin ikusgarria duen Eliza Ortodoxo errusiarra.
Hotel Palais igarota, hondartzaren gaineko lorategietan, Eugenia
enperatrizaren estatua dugu ikusgai, beste batzuen artean. Baina
agian, une honetan, hondartzatik joatea baino hobe litzateke Enperatrizaren
Etorbidea hartzea, kalearen bi alboetan sekulako etxe eta jauregiak
ikusiko baitituzue. Horietako bat aipatzearren, errepara ezazue
Disneyland itxurako gaztelu bat irudikatzen duen eraikin horixka
ikusgarrian.
Azkenik, kale osoa igo ostean San Martin Muturreko Itsasargira
iritsiko zarete, ibilaldi honen azken geldiuneraino (segitzen baduzue
Angelun sartuko zarete). Bertatik, zer esanik ez, ikuspegia oso
ederra da, baina gainera 1834. urtean eraikitako 44 metroko itsasargiaren
248 eskailerak igotzeko aukera baduzue, paisaia are zoragarriagoa
bihurtuko da. Zabalik: maiatzaren 1etik irailaren 30era, 10-12 eta
14-19 ordu bitartean; eskolako oporretan 14-17:30 ordu bitartean.
Sarreraren zenbatekoa borondatezkoa da.
Behean, eguzki-erloju bitxi bat aurkituko dugu lurrean (ordua gure
gorputzaren itzalak seinalatuko du), eta nahi badugu bidezidor eta
eskailera batzuetatik itsasoaren gaineko haitzulo bateraino ere
jaitsi gaitezke (itsaso zakarretan kontuz ibili behar da). Itsasargiaren
beste aldean, Angelun dagoeneko, Chambre d´Amour hondartza
ikus dezakegu.
Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak: |
Lapurdi
8 km.
5m.
30.789
daturik ez
12 km2
2.566 bizt./km2
Herriko Jaiak (azaroak 7-14) |
BAIONA
Lapurdiko hiriburua izateaz gain, Ipar Euskal Herriko erdigune
administratibo, erlijioso eta ekonomikoa da. Duen izena betidanik
euskaldun (Ibai ona = Baiona) eta landatarren (Bahia + on (handia)
= Bayonne) artean eztabaidagai izan da.
HISTORIAN ATZERA
Aturri eta Errobi ibaiek bat egiten duten muinoan kokatua, hiria
itsas padurak lehortu eta urari lurrak kentzearen emaitza da, eta
erromatarren garaitik dago populatua. Erromatarrek beren kanpamendua
bertan ezarri zuten, hiriaren goiko partean, eta III. menderako
inguru honetako gotorleku garrantzitsuena zen, Lapurdum izena zuela.
Segurtasun eza zela-eta, jendea Baionaren inguruan hasiko zen etxeak
egiten, eta horrela jaioko zen hiria.
Hurrengo bi mendeetan germaniarrek inbaditu zuten, eta 844an aldiz,
bikingoek. Geroago normandiarrak etorriko ziren, 982an Vaskoniako
Dukeak bota zituelarik. XII.-XV. mendeetan ingelesen menpe egon
zen. Mende horietan, halere, handitu egin zen hiria, erromatarren
eremutik Aturrirantz. Richard I. Lehoi-Bihotzek, Akitaniako
Duke eta Ingalaterrako Errege izan zenak, Baionako Forua onartu
zuen, burgesiaren mesedetan eta nobleen aurka. Nobleen altxamendua
suntsitu zuen, eta haiek Uztaritzera joan ziren ihesi, Lapurdiko
hiriburu izendatuz (Iraultza Frantziarra arte halaxe izan zen).
Baiona, garai honetan, penintsula eta Ingalaterra arteko pasabide
garrantzitsu bihurtu zen. Erdi aroaren amaiera aldera, garaiko azken
teknologietan oso aurreratua zebilen, eta halatan, hementxe egin
ziren itsaso zabaleko lehen itsasontziak.
XVI.ean, Frantziak konkistatu ostean, krisi ekonomikoa datorkio,
Aturriren bokalea lokaztu egiten baita. Konpontzeko, Louis de Foix
ingeniariak ibaia desbideratzea lortu zuen, bokale berria Angelun
kokatuz. XVII.ean gune militar eta diplomatikoa bihurtu zen, baina
funtzio militar honen ondorioz, merkataritzak kalte handiak jasan
zituen. Urte horietan Gaztelu Berria eta Ziudadela eraiki eta Gaztelu
Zaharra sendotu zuten.
Pirinioetako Hitzarmenarekin batera (1659) oparotasun garaia etorriko
da: Ternuako bakailaoaren arrantza, XVIII.ean Frantziako koloniekin
izandako merkataritza... horren ondorioz, burgesiak hiria edertzeari
ere ekiten dio. 1789ko iraultzan erregimen forala eta Baionako Portuko
eskubideak indargabetzen dira,eta erromatarren garaiko harresiak
berriztatzen dira, garaiko armetara egokituz.
XIX. amaieran, Aturriko Olak irekitzearekin batera, hiria berriz
ere birsortu egin zen, Napoleonen Inperioaren gainbeheraren osteko
urte zailak igaro ondoren. I. Mundu Gerran ez zuen galera handirik
izan, baina II.ean nazien menpe izan zen 1944. urtea arte.
BAIONA HANDIA
Harresien artean babestua (batzuek 3 metroko altuera dute), hementxe
eraiki zuten erromatarrek beren kanpamendua, gaurko katedralaren
inguruan. Angelutik gatozela, Aturri ibaia ezkerrean dugula, hiriaren
erdialdean topatuko dugun lehen gauza Herriko Etxearen atzean dagoen
frantziar estiloko lorategi klasikoa dugu, lorategi publikoa. Bertan
Belle Epoque garaiko kiosko bat dago, Turismo Bulegotik gertu.
Esan bezala, aurreraxeago Udaletxea edo Antzokia dugu, Askatasunaren
Plazan (Iraultza garaian gillotina hemen kokatua egon zen). Plaza
honetan lehenengo merkataritza-karrikak sortzen dira: Port Neuf,
tipikoenetakoa, denda askorekin; Victor Hugo, dotoreagoa, XVII.-XIX.eko
burdinazko balkoiak dituzten etxeekin, edo Rue de la Salies, animatuenetarikoa,
erdi aroko adreilu edo zurezko etxeekin.
Victor Hugo, Salies, Orbe eta Port de Castets karrikak gurutzatzen
diren gunean antzina merkataritza burtsa irekia zegoen.
Oinezko gunearen erdi-erdian gaude.
ANDRE MARIAREN KATEDRALA
Euskal Herrian egindako gotikoaren maisulanik handiena dugu. Baiona
Handiko punturik altuenean dagoenez, hiri osoa bere mendean hartzen
du. XIII.-XVI. artean eraikia, erromatar garaiko eraikin baten eta
eliza erromaniko baten gainean egina omen dago, suzko edo gotiko
flamigero estiloan.
Bere historian galera handiak jasan ditu, batik bat suteen eraginez,
baina Iraultzaren eragina ere izan zuen. Begira bestela nola dauden
tinpano asko hutsik. Zerura begira dauden orratz luzeak 1877an amaitu
ziren.
Gurutze latindarreko planta du eta hiru barneluzego edo nabe. Korua
eta absidea eraikinaren lehen garaiari dagozkio, eta beraz, zatirik
zaharrena da, XIII.ekoa. Barneluzego Nagusian XIV. mendeko arku
ojibarrak (altueran 27 metrora heltzen dira) eta beiradura-leiho
gotikoak (Genesi eta Ebanjelioko gaiez apainduak) nabarmentzen dira.
Halere, Katedralaren zatirik azpimarragarriena sakristiako atari
gotikoa da, Ebanjelioko pertsonaiak miresgarriki zizelkatuak dituena.
Iparraldeko zatian arbotante ikusgarriak azpimarratuko ditugu. Klaustroa
(kanpotik sartzen da), antzinako hilerria egondako lekuan dago,
eta suzko edo flamigero estilokoa da. Katedraleko bisita-orduak:
7:30-12 eta 15-19. Igandeetan, 15:30-18:30. Dohainik (klaustroa:
15 libera helduentzat).
Katedralaren inguruko kaleak hiriko tipikoenetakoak dira. Etxe
polit eta meharrak, kale are estuagoetan zehar, kolore biziz margotuak,
girotsuak... Batez ere, Rue de Faures, de Luc eta d´Espagne-koak
azpimarratuko ditugu.
GAZTELU ZAHARRA ETA HARRESIAK
Gaztelu Zaharra (Château Vieux) Gouverneurs-Thiers eta 11
de Novembre kaleen ertzean dugu, bere lau dorre tzarrekin batera.
Ezin da bisitatu. Antzinako hobia zegoen lekuan egun lorategi batzuk
ditugu. Hementxe bertan japoniar estiloko Lorategi botaniko txikia
dago (apiriletik urrira 15-18 ordu bitartean zabalik, igande goizetan).
Azaroak 11 kaletik aurrera eginez (hildakoei eskainitako monumentu
handia) Bv. Lachepaillet-etik igoz, harresi itxurako etxe estu eta
lerrokatuak ikusiko ditugu (Lachepaillet, Rempart eta Tour de Soult
kaleetan, harresien alboan). Harresietako paseo atsegin honek Urrobi
ibairaino eramango gaitu.
BAIONA TTIPIA
Errobi eta Aturri ibaien eta harresien artean aurkitzen da. Ibaien
arteko erpina lehen gotorleku zen, eta gaur egun Reduit Plaza, Lavegerie
Kardinalaren estatua ageri dela. Errobi ibaiaren bazter honetan
Baiona eta Kanboko salerosketa-ontzien kaiak zeuden: Agustin Xaho
(azoka-gune gaur egun), Galuperie (azokak egiteko prestatuak zeuden
arkupeak, etxe koloretsu eta ederren azpian) eta Kortsarioen kaiak
(Euskal Museoa dugu bertan -itxita momentuz-, gure bizimodu eta
kulturaren inguruko erakusketa zabala aurkezten digularik).
Herrialdea:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak: |
Lapurdi
5m.
41.778
daturik ez
26 km2
1.607 bizt./km2
Herriko Jaiak (abuztuko 1. astea)
Urdaiazpikoaren Azoka (Apiril hasieran)
Jazz Jaialdia (uztail erdialdean)
Antzerki Jaialdia (urrian) |

|