AZKOITIA
IZARRAITZEN magalean dagoen herri dotore hau, Azpeitiarekin
edozertarako duten lehiagatik eta pilotari-harrobi amaiezina izateagatik
aparte, bere Jauntxoengatik edo jauretxeengatik ere ezaguna da.
Dena den, XI. mende hasierako dokumentazioan jadanik beste izen
batekin ageri zen, hots, San Martin de Iraurgi izenarekin.
Hiri gisa 1324an fundatu zen, eta beste hirurekin batera "Hiri
Nagusia" izaera lortu zuen. Bere garrantziaren adibide dira
Korrejidorea bertan bizitzea edo Diputazioaren egoitza izatea hiru
urtetik behin. 1457an dagoeneko hiriari gaur egun ezagutzen dugun
izena jarri zioten.
AZKOITIKO ZALDUNTXOAK
1763-66 urteek Azkoitiko historian eta baita Araba, Bizkaia, eta
Gipuzkoakoan eragin nabaria izan zuten. Urte horietan, Frantzisko
Muniabe Idiakez (1723-1785) Peñafloridako Kondeak, beste
kultur maila handiko noble batzuekin batera, kultur talde bat sortu
zuen.
Frantziako entziklopedisten eraginez, Euskal Herrian ikerketa zientifikoak
bultzatu eta euskal kultura suspertzeko asmoa zuten. Horretan oinarrituz,
pixka bat geroago Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea sortu zuten.
Peñafloridako Kondea bera, noblea izateaz gain, zientzialari,
idazle eta politikaria zen, eta Madrilgo Gorteetako Diputatu izan
zen.
Nahiz eta Carlos III erregeak elkartea sortzeko baimena eman, honek
foruak murriztu nahi izan zituenean bere kontra egin zuen. 1766an
aduanak aldatu zituztenean Azkoitia (Azpeitia ere bai) matxinada
garrantzitsuaren lekuko izan zen, nekazariak erabat asaldatuz.
IKUSTEKOAK
Azkoitiko Udaletxea, herriko plazan kokatua, armarri deigarri
batez nabarmentzen da. Andra Mari Jasokundeko Parrokia, San Martin
Iraurgiko baselizatik datorrena, XVI.-XVII.ekoa da, gotiko estilokoa,
eta bere barruan erretaula bikaina eta "Cavaille-Coll"
organo aparta gordetzen ditu besteak beste.
Dorretxeen artean Baldakoa (XII.-XIII. mendekoa, Azkoitia bera
baino zaharragoa) aipatuko dugu lehenbizi, hortxe bizi izan zelako
San Inazioren amaren sendia.
Zubieta, Idiakezekoa edo "Etxe Beltza" (Erdi Aroko dorre
bitxia; 2. Gerra Karlistan erre ostean kolore ikusgarri horrez margotu
zuten), Insaustikoa (barrokoa, Peñafloridako Kondearen elkartearen
egoitza), eta Floreaga Etxea ere ikustekoak dira.
Herrialdea:
Donostiara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak: |
Gipuzkoa
42 km.
113 m.
10.660
%80
57 km2
180 bizt./km2 Ostiral Santua
Andra Mari (abuztuak 15)
San Andres (azaroak 30) |
AZPEITIA
LOIOLAKO
SAN INAZIOREN BASILIKA
LOIOLAKO
SAN INAZIOREN DORRETXEA ETA INGURUKO ERAIKINAK
UROLAREN ezkerraldean eta mendiz
inguraturik dagoen udalerri honek gehien bat industria jorratzen
du gaur egun, baina bere historiaren ondorioz jauretxe askotxo kontserbatzen
du.
Izan ere, Azkoitiarekin batera Hiri Nagusi titulua zeukan, eta
biek Errege-Gobernariaren eta Diputazioaren egoitzak hiru urtero
txandakatzen zituzten. XVIII. mendea arte Batzar Nagusiak ere bertan
biltzen ziren.
Lehen aipamena 1027. urtekoa da, Iruñeko Apezpikuaren aktetan,
"Garmendia de Iraurgui" izena agertzen zela. Hau, geroago
"Salvatierra de Iraurgui" bihurtuko zen, eta 1397tik aurrera
gaur ezagutzen dugun izena jarri zioten. Dena den, hiri gisa, 1310ean
Gaztelako Erregeak, Fernando IV.ak, fundatu zuen.
Azpeitiko historian bi gertaera garrantzitsu azpimarratu behar
dira: San Inazio Loiolakoaren jaiotza eta 1766ko matxinada.
Loiolako San Inaziotaz eta bere omenezko basilikaz geroago luzatuko
garenez, matxinadaz zera esango dugu, azkoitiarrekin batera burutu
zutela eta bere arrazoia aduanak Ebrotik kostalderaino eramatearen
erabakia izan zela.
IKUSTEKOAK
Herriko Plazan Udaletxea dago, lehenago Agustindarren monasterioa
izan zena, kanpandegiak argi uzten duen moduan. Angelu batean hiriaren
armarria dauka.
Herriko Plazaren erdian musika-kioskoa dugu, eta bere inguruan
mugitzen da populazioaren bizitza eta giroa. Eliz kaletik sartuz,
berriz, San Sebastian Eliza aurkituko dugu. Hementxe bataiatu zuten
San Inazio.
Antzina dirudienez gune tenplari bat zen, eta XVI.ean berriztatu
eta handitu egin zen. Bi mende beranduago lehenagoko atari platereskoari
beste neoklasiko bat atxiki zitzaion. Elizaren aztarnarik zaharrena
berriz, Erdi Aroko kanpandegia da. Barrualdean, Aldare Nagusiko
erretaula barrokoa nabarmenduko dugu, eta noski, koruaren azpian
San Inazio bataiatu zuten pontea, langa barroko handi batez babestua.
Elizatik gertu mudejar estiloko adreilugintza-lanak dituen Antxieta
Etxea dugu. 1507an eraiki zen, Juan Antxietakoaren aginduz. Azpeitiar
hau Errege-erregina Katolikoen musikaria zen. Berriztatua dago.
Enparan kalean aurkituko dugun Basozabal Etxea hiriko eraikin zibilik
zaharrena da, XV. mendekoa, hain zuzen. Hori dela-eta, "Etxe-Zar"
izenarekin ezaguna da.
Beste eraikin interesgarri bat Altuna Etxea da, Udaletxetik hurbil
dago eta mudejar estiloan eraikita.
Enparan Dorrea 1320. urtean eraiki zen, ibaiaren igarolekuak kontrolatzeko.
Alboetako eraikinak 1760. urtekoak dira. Abitaingo Iturriak elizaren
inguruan daude, antzinako harresien ondoan eta udal-garbilekuekin
batera. 1842. urtean egin zituzten, estilo neoklasikoan, eta gaur
egun berriztatuak daude.
Burdinbidearen Euskal Museoa hiri honetako
bitxikeriarik apartena izan liteke, tren zaharrak ikusteaz gain
beraietan sartu eta lokomotora ketsuak bultzaturik Azpeitiatik Lasao
auzoraino joan daitekeelako.
Museoan, lokomotora, tranbia, trolebus, automotore eta mota guztietako
bagoiez gain trenbide munduko erloju-bilduma aberatsenetako bat
dago eta baita makina-erremintako museoa ere.
Bisita gidatuak: asteartetik ostiralera 10:15-13:30 eta 15:30-19:00
ordutegiekin, larunbatetan berdin eta igande-jaiegunetan goizez.
Telefonoa: 943- 15 06 77. Sarrera dohainik da eta Azpeitiko Tren
Geltoki zaharrean dago.
Herrialdea:
Donostiara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak: |
Gipuzkoa
37 km.
80 m.
13.610
%87
69 km2
197 bizt./km2 San Sebastian (urtarrilak
20)
San Inazio (uztailak 31)
Ostiral Santua |
|