Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraLapurdiko barrualdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Lapurdiko barrualdea Urruña-Azkaine-Sara-Senpere-Ustaritze-Kanbo-Ezpeleta-Itsasu
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi AZKAINE-SARA

LARRUN MENDIAREN MAGALEAN Atzera eta ezkerretarantz egiten badugu, lehenbizi Ibardinerantz eta gero Azkainerantz abiatuz, Olhetatik pasatuko gara, eta handik 2 km-tara Azkainen sartuko gara. Hemendik Larrun aldeko ikuspegiak ederrak dira, eta bere erdialde txikiak Lapurdiko herrien edertasuna gordetzen du, plazak eta elizak batez ere.

San Inazioko Lepora goazen bitartean eskuineko aldean Larrun handia eta bere trenbidea ikusten hasiko gara. San Inazion Larrunera igotzen den tren ttipi zoragarria hartzen baduzue, ez zarete damutuko. Gain-gainetik, eguraldia eta zerua lagun, zazpi euskal probintzien zati handi bat ikus daiteke. Itzulera oinez egitea gomendatzen dugu, trenbideari jarraituz.

Larrungo magaletik 4 km. geroago “kontrabandisten hiriburu”, Axularren “Gero” euskal liburuaren sorterri eta J. M. Barandiaranen babesleku izan zen Sarako plaza-frontoira iritsiko gara, Herriko Etxea eta San Martin Eliza ondoan dituela.

Sarako Lezeetara joateko, frontoitik abiatuta, lehenik Lehenbiskai eta gero Route des Grottes norabideak hartu behar ditugu. Bidea ondo seinalatua dago. Leizeak ikusgarriak dira oso, eta orain dela 45.000 urte populatuak zeuden.

Zer ikusi

AZKAINE

Inguruko naturak, urek eta mendiek eskaintzen dizkioten fruituez gozatzen duen herri txikia dugu Azkaine. Duen kokapen pribilegiatu horri esker Lapurdi barneko gune turistikoa bihurtu da.

HISTORIA PIXKA BAT

Bertan monumentu megalitiko ugari aurkitu dira, lur hauek antzinatik populatuak izan direla frogatzen dutenak. Lehenengoz 1135eko agiri batean agertzen da, Escan izena duela. XVIIan, Pierre de Lancre odoltzalearen “sorgin-ehiza”ren barnean, Arkibel herriko erretorea errearazi zuten.

Frantziako Iraultzaren ostean berriz, bai erretorea eta bai bere jarraitzaileak ere Landetara erbesteratu zituzten, konstituzio berria ez onartzeagatik zigor gisa. XIX eta XX. mendean, errefuxiatu askok (Santa Krutz apaiz karlista, Frankismoaren garaikoak...) bizilekutzat hartu zuten herri hau.

IKUSTEKOAK

Herriko erdigunea oso txikia da, baina era berean oso polita; beraz, lasai ikusteko denbora hartuko dugu. Plaza atsegina, Lapurdin hain ohikoak diren horietakoa da: pilotalekua, eliza, Herriko Etxea eta ostatuak. Hauetako batean (La Rhune) Pierres Lotik “Ramuntcho” idatzi zuen, J.P. Borda “Otharre” azkaindar pilotari eta ehiztari ospetsuaren bizitza oinarritzat hartuz. Ladutxe pilotari-sendia ere azkaindarra dugu.

XVI.-XVII. mendeko elizak hiru arku erromanikoko elizpea du; bere kanpandegi karratu ederra Larrungo granitoz egina dago. Tenplua inguratuz hilerria dugu, eta hemen 1657ko estela diskoidal bat aurkituko dugu.

Lapurdi eta Ipar Euskal Herri osoan elizak eta hilerriak bata bestearen alboan egon ohi dira. Beraz, jendeak bere hildakoak gertu mantentzen ditu, herriaren erdian, ez Hegoaldean askotan gertatzen den bezala, ahalik eta urrunen. Barrualdean XVII. mendeko erretaula urreztatua dugu, eta zurezko zutabeek eutsitako hiru galeria. Lurrean hilarri askotxo dago, eta goialdean itsasontzi bat zintzilik, itsasgizonen opari.

LARRUN MENDIA TRENEZ

Azkaine eta Sara artean, Larrungo magalean, San Inazio Lepoa dugu, Lapurdiko mendirik garaienera igotzen den tren ttipiaren geltokia. Larrungo tren ttipi hau benetako bilduma-pieza da. 1923an inauguratua, garai bateko trena izaten jarraitzen du, aldaketa gutxi izan baitu.

Igoerak irauten duen bitartean (35 minutu inguru) antzinako trenbideen sentsazioak bizi izango ditugu, eta zer esanik ez, paraje zoragarri honetaz gozatuko dugu. Bidean zehar aurrehistoriatik gurekin bizi diren euskal zalditxo basatiak edo pottokak ere behatzeko parada izango dugu.

Azkenik, Pirinioetako azken gailur honek bere tontorretik (antena eta benta berriak ahaztuko ditugu) Euskal Herrian imajina daitekeen paisaiarik zoragarrienetakoa eskainiko digu. 360ºko talaia honetatik, eguraldia adiskide badugu eta horretarako dagoen orientabide-maparen laguntzaz, gure ikusmenak Pirinioetako gailurrak, Donostia eta Baiona arteko euskal kostaldea, zazpi probintzietako zati handia... aurkitu ahal izango ditugu.

Ordutegia: martxotik azarora, goizeko 9etatik aurrera (udan 8:30etatik). Irteerak jende-kopuruaren eta eguraldiaren arabera (orokorrean 35 minuturo). Txartela (joan-etorria): helduek 60 libera, umeek 35.

Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Lapurdi
29 km.
30 m.
3.184
daturik ez
19 km2
168 bizt./km2
Herriko Jaiak (abuztuak 15)

 

 

 

 

SARA

Bertako esaera zaharrak (foileto turistikoek ere behin eta berriz errepikatzen dutena) “Saran astia” dio. Bertako bizimodu lasaian murgiltzean, jende atsegina ezagutzean, baserri ederrak behatzean edota antzinako leze ospetsuak mirestean... presarik gabe eta denbora pasatzen utziz ibil gaitezela esan nahi digu.

Pirinioetako lehen gailur garrantzitsuaren azpian (Larrun mitikoa) eta halere itsasotik oso gertu, herriaren kokapen inbidiagarriari Ipar Euskal Herriko gogoangarrienetako bat izatea gehitu behar diogu. Horrela, herriak itzeleko monumenturik erakusten ez badu ere, plaza aldeko eta auzoetako baserri-multzoa Euskal Herriko politenetakoa da.

Honi guztiari bere Leze famatuetako historia misteriotsua eta herriko kontrabandista mitikoen kondairak gehituz gero, osotasun ezin erakargarriagoa sortuko zaigu.

Izan ere, arrazoi bategatik edo besteagatik, hemendik pasatu edo bertan geratu diren pertsonaia ospetsuak asko dira: Pedro Axular (bertan erretore zegoela “Gero” idatzi zuen), Napoleon III. eta Eugenia, Luis Mariano, Winston Churchill... eta nola ez, Jose Migel Barandiaran antropologo handia (Ataungo baserria Sara izendatu zuena).

IKUSTEKOAK

Sara baserriez osatutako auzotan barreiatutako herria dugu, zentro txiki eta oso polit batek lotzen dituena. Zentro hau, Lapurdiko beste asko bezala, plaza baten inguruan bildua dago, eta bertan pilotalekua, eliza eta Herriko Etxea aurkitzen ditugu.

Saran ere berdin gertatzen da, baina bertako beste batzuk baino enparantza handiagoa eta politagoa du; handiagoa, bertako pilotaleku eder-ikusgarria nahikoa luzea delako (errebotean aritzeko egokia da), eta politagoa, plaza inguratzen duten etxe koloretsuek oso edertasun handiko batasuna sortzen dutelako.

Tamalez, frontoia askotan aparkalekutzat erabiltzen da, irudia erabat txikituz. Bestalde, frontoiak berak oso harmaila ikusgarri eta irregularrak ditu, oso leku gutxitan ikusiko ditugun modukoak.

Frontoiari begira gaudela, arkupez osaturiko Herriko Etxea atzean utzi dugu, lehen aipatutako etxe ederren artean oso ondo nahasten dena. Enparantza honetan besteen gainetik nabarmenduz, berriz, San Martin elizaren kanpandorre trinkoa dugu, eta erlojuaren gaineko aldean, denbora etengabe aurrera doala gogoratzen digun esaera ageri da:

Oren guziek dute
gizona kolpatzen
azkenekoak du
hobirat egortzen.

XVII. mendeko elizaren inguruan hilerria dago, Ipar Euskal Herriko ohiturari jarraikiz; barruan berriz, bost erretaulak eta Erdi Aroko Kristoren irudia, zurezko gizonezkoentzako galeriak (emakumeek meza behealdean entzuten zuten) eta lurreko hilarriak azpimarra ditzakegu.

Azkenik, Axular idazlea bertan apaiz izan zela gogorarazten digun inskripzioa ere ikusiko dugu, Luis Luziano Bonaparte frantziar printze eta euskaltzaleak egina.

Enparantza aldea bisitatu ostean, Sarako baserri batzuk ikustera txango bat egitea gomendatzen dizuegu, benetan ederrak baitira. Auzo gehienetan ikus daitezke baserri atseginak, baina agian dotoreenetako batzuk Lehenbizkai auzoan aurkituko ditugu, erdigunearen hegoaldetik gertu eta Lezeetarako bidean (frontoia ezkerrean utziz, eskuinetarantz jo).

SARAKO LEZEAK

Azken ikerketen arabera duela 45.000 urte populatuak egon ziren haitzulo ikusgarri hauek Sarako erakarpen turistikorik garrantzitsuena osatzen dute, eta herria bisitatuz gero, ezinbestez hurbildu beharko genuke (herritik bidea oso ondo seinalaturik dago).

Lezeen sarrera (txarteldegi-kafetegiaren aurrean) oso handia eta ikusgarria da, eta hortik aurrera teknologikoki ondo prestaturiko ibilbide batean zehar (igaro ahala argi urdinxka batzuek seinalatuko digutena) lurpeko mundu harrigarri hau ezagutu ahal izango dugu.

Galeria hauetan historiaurreko aztarna ugari aurkitu dira, eta gure antzinako arbasoen kultura ezagutzeko garrantzi handiko ikerketa-leku izan da (besteak beste, berau ikertzen Jose Miel Barandiaran ibili zen, sarrera aurreko siluetak gogoratzen digun moduan).

Baina honez gain, lurpeko galeria hauetan naturak forma bitxi eta harrigarri askotxo moldatu ditu, bisitaria harrituta uzten dituen kare-harrien gaineko benetako eskultura naturalak. Sarrerako kafetegiaren ondoan ikus-entzunezko ikuskizun batek kobazulo hauei buruzko azalpen gehiago eskainiko dizuete (euskaraz ere bai).

Lezeen egutegi-ordutegia: inauteriak arte 14-16 (asteburuetan 11-16); inauterietatik Aste Santua arte, 14-17 (asteburuetan, 11-17); Aste Santutik ekaina arte, 10-18 (asteburuetan, 10-19); uztail-abuztuan, 9:30-20; irailean, 10-18 (asteburuetan, 10-19); urriaren 1etik azaroaren erdia arte, 11-17 (asteburuetan, 11-18); urte bukaera arte, 14-17 (asteburuetan, 11-17) Helduentzako sarrera 35 libera; haurrentzakoa 20 libera.

Herrialdea:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Lapurdi
44 km.
70 m.
2.054
daturik ez
51 km2
40 bizt./km2
Euskal Idazleen Biltzarra (Bazko Astelehena) / Mugalarien Lasterketa (abuztuaren azkenaldian) / Herriko Jaiak (irailak 13)

 

 

 

 

 

Argazkiak


Sara


Sara


Sarako pilotalekuko jarleku irregular eta ikusgarriak.

Larrungo maldetan

Larrungo trena
Orrialde nagusiraLapurdiko barrualdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403