Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraLea Artibai eskualdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Lea-Artibai Eskualdea
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi GIZABURUAGA-AULESTI-MUNITIBAR-GERRIKAITZ

LEKEITIO ERDIGUNEKO BIDEGURUTZEAN ezkerrera, Markina-Munitibar errepidea hartuko dugu, eta herritik atera ostean, 4,5. km.an, zuzen Munitibarrerantz.

Nekazal kutsua gordetzen duten parajeak zeharkatuz, hots, baserriz zipriztindutako paisaje politak, 9. km.an Gizaburuaga igaroko dugu. Herriskaren amaieran Bengolea aintzinako burdinola bisita dezakegu, eta kilometro batzuk aurrerago, Aulestin sartu baino lehen, Errotatxu urtegi-errota.

Kilometro bete beranduago jada Aulesti udalerrian sartzen bagara ere, herri-erdigunea bera (bestelako auzo askotxotan banatzen da) ez dugu beste lau kilometro bete arte harrapatuko.

Erdigunean ezkerrera (Markina-Xemeinera) egin ondoren, kilometro eta erdira dagoeneko gure hurrengo abiapuntua ikusgarriki azaltzen hasiko zaigu, Santa Eufemia baseliza kokatzen den Urregarai mendia, bere ezkerreko Bedartzandi mendigune harritsua eta bien arteko bailaratxoa, urtean behin erromeria entzutetsuaren kokalekua dena. Guztia ikusgarria.

Aulestiko Zubero eta Malats (Santiago baseliza) auzuneak igaro ostean, herritik 4,5 km.tara Santa Eufemia mendiraino igoko gaituen errepidetxoa hasten da, ezkerrera seinalizaturik dagoela. Bidexkaren lehen zatia asfaltatua dago, baina azkena gaizki aurkituko duzue, beraz lasai joan.

2 km. igo ostean lehen aipatutako bailaratxoan gaude, gure eskumara Santa Eufemia baselizara igotzeko bidezidorra dugula eta gure ezkerrean biderik behar ez duen Bedartzandi. Batetik zein bestetik bistak ederrak dira.

Inguruaz gozatu ostean, etorri garen bide berberetik Aulestiraino itzuliko gara, bertan ezkerrerako bidea hartuz (27 km.). Lea ibaiaren ondotik goazela, 3,5 km.tara jada udalerrian sartuko gara, baina beste pare bat kilometro gehiago egin arte ez ditugu lehenbiziko etxeak ikusiko, oraindik ere urrunean. Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz herritxo txikia beste 300 metrotara harrapatuko dugu, Erdi Aroan sortutako etxe-multzo atsegina.

Herritxoan bertan ezkerrera joko dugu, Markina-Bolibar norabidean (bestela Gernikara goaz), baina 200 metrotara eskuinera desbideratu beharrean izango gara, Bizkaiko Begiratokiaren kartel marroiaren laguntzaz. Kontuan izanik Oiz mendiaren ipar-magalean ari garela, 36,5. km.an goraino igotzeko bidea hasten dela ikusiko dugu. Guk zuzen segituko dugu.

Puntu horretatik aurrera panoramika politak ikusten hasiko gara, kilometro bat aurrerago beren "gailurra" izango dutenak, Bizkaiko Begiratokia izeneko balkoi naturalean. Leku horretatik herrialdeko zati garrantzitsua behatzeko parada izango dugu, barnealdean hasi eta itsasoraino.

Zer ikusi

URREGARAI MENDIKO ERMITA

SANTA EUFEMIA ERMITA

Bizkaiko Lea-Artibaiko eskualde euskaldunaren erdi-erdian, Bizkaiko baselizarik interesgarrienetakoa aurkituko dugu, batez ere bere paregabeko kokapena dela-eta.

Santa Eufemia Markina-Xemein eta Aulesti lotzen dituen errepidetik hurbil dago, eta bertako zelaietara kotxez iritsi daitekeenez, inguruan dauden atsedenlekuetatik jende gehien erakartzen duena da, batez ere irailaren 16an.

Egun horretan, sainduaren omenezko eguna ospatzen da, inguruan oso entzutetsua den erromeria batekin (Bizkaiko eta Gipuzkoako jende askotxo hurbiltzen da). Ospakizun nagusia Bedartzandi mendigune arrokatsua eta ermita bera aurkitzen dugun Urregarai mendiaren artean kokatzen den bailaratxoan izaten da. Bertan, pago eta pinuz osatutako basotxo baten erdian, atsedenleku edo askaldegi atsegina dugu, bolatoki eta guzti duena. Ondo bazkaldu ondoren, bi aukera ditugu, zein baino zein ederragoak direnak eta horregatik biak gomendagarriak.

BEDARTZANDI MENDIA

701 metroko menditzar hau oinez edozeinek igotzeko modukoa da, nahiz eta goraino bide nabarmenik ez izan haitzen gainetik igotzea ez baita zaila suertatzen, landare gutxi izatean uneoro non gauden ikusten dugulako. Kontuan eduki beharreko bakarra oina non jartzen dugun da.

Bestalde, mendigune honek bila genitzakeen kobazulo bat baino gehiago ditu, batez ere itsasaldera duen isurialdean. Azkenik, hemendik ere itsasoa ikusgarri ageri zaigu, noski.

AULESTI

Herri zeharo euskaldun hau Euskal Herriko xistera-jokalarien harrobirik ezagunenetakoa da. Jokalari horietako askok Ameriketara emigratu izan dute.

Horrela, bitxikeri gisa, behin baino gehiagotan Aulesti "Euskal Herrian ingeles gehien entzuten den herria" gisa aurkeztu digute.

Egia izan edo ez, egia borobila dena zera da, hainbat auzotan barreiatutako udalerri honek bisitatxo bat merezi duela, erdiguneaz gain bere baserriak, ingurune ederrak, baselizak eta zubiak ezagutzeko.

Herriaren izena bertako dorretxerik garrantzitsuenak eman dio. Pedro Ibañez de Aulestiak eraikiarazitako dorretxe hau 1456koa da, eta kareharrizko kubo sendoa osatzen du (horma batzuk ia bi metroko lodiera dute). Bestalde, nekazal herri honetako Malats auzoan San Martin baseliza gotikoa bisita dezakegu, eskualdeko baserririk zaharrenetako batzuk (Erdi Arokoak) kokatzen diren etxe-multzotik gertu.

Azkenik, herria zeharkatzen duen Lea ibaiaren gainean ojiba-arkuko zenbait zubi interesgarri ikusiko dugu.  

Argazkiak


Santa Eufemia ermita Lea-Artibaiko jendearen artean ospe handikoa da.


Santa Eufemiako inguru isolatua benetan polita da.

Orrialde nagusiraLea Artibai eskualdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403