Arabako urtegiak
Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraArabako urtegiakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Arabako urtegiak Argomaiz-Maturana-Gatzaga-Eskoriatza-Aretxabaleta-Aramaio-Legutio
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Argazkiak Argazkiak

Nola iritsi

ESTIBALITZ Monasterioa, Gasteiz-Lizarra norabidean hiriburutik kilometro gutxira, herrialde honetako harribitxi erromanikoa da. Bertako Andra Mari Arabako zaindaria; ibilbide honi hasiera emateko arrazoi nahikoa da.

Gasteizko ekialderantz abiatzen den errepidean, Elorriagara iristean (8. km.) Frantzia-Iruñearantz desbideratuko gara, N-10 errepidea hartuz (hau gero N-1ekin batuko da). N-1ean sartu aurretik, tartean Ilarratza eta Matauku daude, biak ere (oraindik) Gasteizko auzuneak. N-1 autobidean dagoeneko, Iruñerako norabidea hartuko dugu, baina segituan Argomaiz-Ozaetan irtengo gara.

URIBARRI-GANBOA URTEGIA

Autobidetik at jada, Ozaeta norabidea hartu, ezkerrera, eta laster (Maturanara iritsi baino pixka bat lehenago) Garaioko Parkean barneratzen den bidea ikusiko dugu, kartel marroi batek seinalatua. Izena eman dion antzinako herria zegoen lekuan kokatua, 120 hektareako penintsulatxo batean, edonolako zerbitzuz hornitutako parke hau dago, egunpasa burutzeko eremu bikaina. Fauna eta flora interesgarria biltzen duen aisialdi-eremu honetan, jende gehien erakartzen dutenak hondartza artifizialak (lakua bezain beste) eta zelai zabalak dira, eguzkia hartzeko aproposak.

Parkeari bira eman ostean errepidera itzuli eta ondoko Maturana herritxoa bisita dezakegu. 3 km. beranduago, urtegia inguratzen segitu nahi badugu, ezkerrera jo beharko dugu, beste 3 kilometrotan Marieta zeharkatuz (35,5 km.). Hemendik aurrera urtegiko urbazterrera hurbiltzeko gure ezkerrera bideska bat baino gehiago aurkituko dugu, baina horietako batzuk egoera txarrean daude. Ondo daudenak (askaldegi eta guzti prestatutako guneak) Marietatik 3,5 kilometrotara hasten dira.

Atsedenleku-multzo honen “erdigunea” Landa da (43 km.), aparkaleku handi bat eta zenbait jatetxe biltzen dituen aisialdirako gune jendetsua. Bidegurutzean momentuz ezkerrera joko dugu (gero itzuli egin beharko dugu), 4 kilometrotara urtegiari izena ematen dion Uribarri-Ganboan sartzeko. Lehen esandako moduan, puntu honetan Landara itzuli, eta bere ondotik Bergararantz zuzenduko gara.

DEBA GARAIA HARANA

Gipuzkoaren barnean jada, Arlaban Gainean ezkerrera, lehenbizi Gatzaga Mendatea igaroko dugu, aldapa gogor samarrean behera Gatzagan sartuz (55 km.). Gatzaren ustiaketarekin loturiko herritxo xarmangarri hau harresiz inguratua zegoen. Oraindik Erdi Aroko kale-trazadura eta harresietako sarrera batzuk mantentzen ditu. Eraikin zibil interesgarriekin batera San Millan eliza (herria bezain zaharra baina XVI.ean berreraikia) aipa dezakegu.

Udaletxea ezkerrean utziz, bide polit eta bihurgunetsua segituz, segituan Dorletako Andra Mari santutegira iritsiko gara; txirrindularien zaindariarengana, alegia. Gaur egungo eraikina XVII.ekoa da; aurrealdean Erdi Aroan landutako sinbolo ezberdinak ikus daiteke.

Gatzagako behealdean errepidea hartuko dugu, oraindik ere beherantz, hainbat baserriren artean pasatu ondoren Eskoriatzara hurbilduko gaituena; bertan, hegoaldetik sartu eta herria zuzen zeharkatuko dugu. Aurreko herritik bezala, hemendik ere errege galtzada igarotzen zen, kale-errepidearen alboetako etxeek frogatu moduan. Eraikinen artean San Pedro Parrokia (aurrealde barrokoa) eta Ganuza edo Gaztañadui jauregiak aipa ditzakegu.

Dena den, Eskoriatzako monumenturik interesgarriena Apotzaga auzoan dago, herri amaieran Intxaurtxueta kaletik ezkerrera hartu eta eskumarantz igotzen den errepidea hartuz. Antzinako euskal kanposantuen kutsua ederki gordetzen du Apotzagako hilerri biribilak.

Eskoriatzara itzuli eta ezkerrera, berehala irten egingo gara, laster errepidea berriz utzi eta Aretxabaletan sartu behar izango badugu ere. Jasokundeko Andra Mari eliza XVI.ean eraikitzen hasi zen; dorrea eta elizpea askoz beranduagokoak dira. Honez gain, XVIII. mendeko Arratabe, Otalora eta Aozaratza jauregiak ere kontserbatzen dira.

Herria sigi-sagan zeharkatu ostean, Bergararako errepidera aterako gara beste behin. Dena den, kilometro batera eskumara jo beharko dugu, Arrasate-Aramaio norabidean. Hurrengo bidegurutzean eskumara, herriko industriagunea zeharkatuko dugu.

74,5. kilometroan azkenean, Arrasatera hurbildutako orori ongi etorria ematen dion kartela igaroko dugu. Dena den, herrian sartu baino, ibilbide honetan egingo duguna segituan ezkerrera jotzea izango da, Aramaio-Bilbo norabidean (Arrasate herria lehen ibilbidean jorratu genuen).

500 metrotara dagoen errotonda batean ezker-zuzen egin ostean, 200 metrora aurkituko dugun beste bat zuzen pasa dezakegu; horrela eginez gero, bizpahiru kilometro igo ostean Udala auzora iritsiko gara, Udalaitz mendi zorrotzaren magalean dugun etxe-multzo polita.

Aipatutako bigarren errotondara itzuli eta oraingoan eskuinera jotzen badugu, berriz ere Araban sartzeko bidean jarriko gara, bertako zonalderik euskaldunenean gainera.

ARAMAIO ETA LEGUTIO INGURUKO URTEGIAK

Aramaioko bailara menditsua baserri eta auzo askok osatzen dute. Ingurumena ederki zaindu du haran honek. Barreiatutako auzune horien artean erdigunea berriz, Ibarra dugu. Bertako baserri ederren artean (bailara osoan bezalakoak), San Bizente Goikoetxeakoaren omenezko monumentua eta San Martin parrokia nabarmentzen dira.

Nahiz eta bihurgune asko jasan beharko dugun, bailaratik Legutiorako norabidean jarriko gaituen errepidea benetan polita da. Adibidez, 5,5 kilometrotara dagoen begiratoki handiak Aramaioko haran osoa behatzeko aukera ederra eskainiko digu. Lau kilometro geroago ikusten hasiko garena, gure ezkerraldean eta zuhaitzen artean, Albina Urtegia izango da.

Beste hiru kilometrotara ordea, Kurtzeta Mendatearen jaitsiera nabarmenean, errepidearen beste aldean behatzen hasiko garena Legutioko edo Urrunaga urtegi ikusgarria izango da. Horretarako begiratoki handi bat ere ikusiko dugu.

Kilometro bat beherago errepide nagusiarekin bat egiten duen bidegurutzea aurkituko dugu, baina guk momentuz zuzen jarraituko dugu, Legutioko erdigunean bertan barneratu asmoz. Bertan San Blas eliza nabarmentzen da, baina harresi-hondarrak ere ikus daitezke.

Dena den, argi ikusiko dugun mo-duan, herri honetako erakarpen turistikorik garrantzitsuena urtegia bera da eta bere inguruan egin daitezkeen txangoak. Horrela, urtegia Bilborantz inguratuz, lehenbizi Ollerias (Buztingintza Museoa) auzoa pasatu eta ibilbidea Elosu auzunean buka dezakegu.

Zer ikusi

ESTIBALITZ MONASTERIOA
Monasterioa lautada azpian hartzen duen mendiska batean kokatuta dago eta bere inguruan aisialdirako prestaturiko gune polita egin da. Tenpluari dagokionez, 962. urtean jada idatziz aipatua, esandako moduan erromanikoa da, baina elementu bizantiarrek ere beren lekua dute. Elementu azpimarragarrienen artean sarrera nagusia eta Andra Mariren taila (XII. mendea) aipatuko ditugu.

GARAIOKO PARKEA
Izena eman dion antzinako herria zegoen lekuan kokatua, 120 hektareako penintsulatxo batean, edonolako zerbitzuz hornitutako parke hau dago, egunpasa burutzeko eremu bikaina. Fauna eta flora interesgarria biltzen duen aisialdi-eremu honetan, jende gehien erakartzen dutenak hondartza artifizialak (lakua bezain beste) eta zelai zabalak dira, eguzkia hartzeko aproposak.

LEGUTIO
Herri honetako erakarpen turistikorik garrantzitsuena urtegia da eta bere inguruan egin daitezkeen txangoak.

Argazkiak


Apotzagako hilerri biribila (Eskoriatza)

Urtegi hauek arabarren atseden-leku nagusiak dira

Legutioko urtegia eta erditik mozten duen zubi luzea


 

Orrialde nagusiraArabako urtegiakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403